Euskal Podcast elkartea sortu dute, podcasterren topagune izateko

Euskal Pod jardunaldiak antolatzen dituzten podcasterrak dira egitasmo berriaren sustatzaileak

Sara Gomez Euskal Podcast elkarteko presidentea. RAUL BOGAJO / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Zenbait jardunaldi eta topaketa antolatu izan dituzten podcaster batzuek Euskal Podcast elkartea sortu dute, «Euskadin podcasten sorkuntza eta kontsumoa sustatzeko helburuarekin». Sara Gomez Sandin Arabako sortzailea —Hasta aquí puedo ver podcasta egiten du— izendatu dute elkarteko presidente. Podcasten katalogo bat osatuko dute elkartearen webgunean, eta bazkide guztiek jarri ahalko dute bertan haien podcasta. Gomezen saioarekin batera, Órbita friki eta El oso y la doncella podcastak daude oraingoz atarian. Hirurak gaztelaniaz.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan podcastgintzaren inguruko zenbait ekitaldi antolatzen hasi ziren elkartearen sortzaileak. «Gure kabuz ekitaldiak antolatzeko motz gelditzen zitzaigun, eta horregatik erabaki dugu elkartea sortzea», azaldu du Gomezek. «Elkarte bat izateak zenbait kontu erraztuko dizkigu».

Euskal Podcast elkarteko presidenteari iruditzen zaio podcasten fenomenoa «zabalkunde handia» izaten ari dela azkeneko urteetan. «Elkartean nahi duguna da podcasten kontsumoa eta sorkuntza sustatzea. Sortzaile amateur eta profesionalei zuzenduta egongo da, baina baita kontsumitzaileei ere».

Elkarteko bazkideek zuzenean ikusi ahal izango dituzte antolatzen dituzten ekitaldiak. Aholkularitza ere jasoko dute tailerren bitartez, bereziki proiektu berriak martxan jartzeko. «Ekitaldiak antolatu nahi dituztenei laguntzen ere ahaleginduko gara. Elkarte bat atzean izatea garrantzitsua da halakotan».

Euskal Pod izeneko jardunaldiak antolatu zituzten bi urtez, eta horiek jarraipena izango dute datorren udaberrian.

Nafarroako eta Iparraldeko podcasterrek elkartearen parte izateko aukeraren inguruan galdetuta, Gomezek esan du aukera hori zabalik izango dutela: «Edozein batu daiteke elkartera; ez da derrigorrezkoa Euskadin bizitzea. Podcastingean interesa duen edonor egin daiteke elkarteko kide».

Elkartearen aurkezpena Bilbon egin zuten, asteazkenean, etasustatzaileek adierazi zuten «ahotsa» eman nahi dietela euskarazko podcastei. «Podcasta lagungarri izan daiteke euskararen zabalkunderako», adierazi zuten aurkezpenean. Gomezek esan du «euskara sustatzen» ahaleginduko direla podcasten bitartez: «Euskadin egiten diren podcast guztien egileekin harremanetan jartzen saiatuko gara, bereziki euskaraz ari direnekin».

Elkartearen inguruko informazio gehiago www.euskalpodcast.eus webgunean aurki daiteke —gaztelania hutsean dago—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.