KRITIKA. Balleta

Ikuskizun bitxia

2016ko ekainaren 7a
00:00
Entzun

'On Kixote'

Musika: Ludwig Minkus. Koreografia: Marius Petipa, Alexander Gorski eta Jose Carlos Martinez. Dantzariak: Espainiako Dantza Konpainia. Musika zuzendaria: Manuel Coves. Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Lekua: Arriaga antzokia, Bilbo. Eguna: Ekainak 3.

Benetan zaila da halako ballet klasikoak gure artean ikusi ahal izatea, eta are zailagoa da oraindik orkestra batekin zuzenean entzutea, kontuan hartuta martxan jartzen diren baliabideen balioa: dantzari edo musikari asko, eszenografia... Hala, eskertzekoa da bai Arriaga Antzokiak eta bai BOSek mirari hau gauzatzeko egin duten ahalegina. Harrigarria da, halaber, Espainiako Dantza Konpainiak, Jose Carlos Martinezen zuzendaritzapean, dantzagintza klasikoan lortu duen maila, kasu honetan, Errusiako balletetik eratorritako lan honetan. Izan ere, Cartagenako koreografoa hiru ekitaldiko bertsioan inspiratu zen, eta, beste aldaketa batzuen artean, Espainiako folkloretik hartutako fandangoa eta boleroa erantsi zizkion obrari.

Espainiako Dantza Konpainiak talde sendoa, uniformea, preziosista eta diziplinatua osatzen du dantzaren alorrean nahiz mimoan. Dantzarien artean, bikotearen figura goraipatu beharrekoa da, pas de deux ballet klasikoaren su-froga baita, batez ere prima ballerina-rentzat. Seh Yun Kim korearra teknika handiko dantzaria da, eta behatzen gaineko lanean oso ona —demi plié 5. posiziotik hasita relevé-ra pasatu zen, 2. posizioan bukatzeko, eta aurrera jarraitzeko...—. Aipatzekoak dira, beste askoren artean, pasarte horretan egin zituen 32 bira-aldaki —fouettés— paregabeak, azkenean temps de poisson batean bikotekidearen besoetan amaitzeko.

Haren bikotekide Alessandro Rigak bere onena eman zuen, eta ongi egindako lana azaldu; zutabe egokia izan zen emakumearentzat. Pas de deux pasarte berean, eder eman zuen jauzien bilduma: temps de poisson, hiru tours en l'air, eta trebezia eta oreka handia eskatzen dituen Grand Jeté-a.

Asko gustatu zitzaizkigun ijitoen buruzagiak egiten zituen jauziak, neska ile-hori baten dantza delikatua, toreroen buruzagiaren dantza harroa... Ia akatsik gabe sumatu genuen dantza taldea, bai batera aritzeko unean, bai beso eta belaunen posizioetan: port de bras, arabesques, pas de chat, jetés... Kontuan hartzekoa izan da tutudun taldea On Kixoteren ametsean, laborarien dantzak graziaz eta bateratasunez igurtziz, bikoteak, hirukoteak, laukoteak...

Berebiziko garrantzia du erritmoak dantzetan eta, horretan, meritu handia izan zuen Manuel Coves zuzendariak, luxuzko BOS batekin, baltsak, polkak, mazurka, fandangoak, jota modukoak, boleroak, martxak... dozenaka erritmotako musikak dantzariei ongi egokitzen jakin baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.