Haurtzaroko sexu abusuez ariko dira 'Ur handitan'-en itzuleran

Bost lekukotza gogor jasoko dituzte gaur, ETB1en. Hurrengo astean suizidioaz mintzatuko dira

Xabier Madariaga kazetariak aurkezten du ETB1eko Ur handitan erreportaje saioa. EITB.
urtzi urkizu
2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Munduko zortzi herrialdetan zortzi erreportaje grabatu zituen Baleuko ekoizpen etxeak Ur handitan atzerrian saiorako —irailean eta urrian eman zituen ETB1ek—. Euskal Herriko gaiei eta lekukotzei heldu dio programak berriz ere, ordea, eta ohiko Ur handitan-ek gaur hasiko du denboraldia, 22:35ean. Itzulerako atalean, haurtzaroko sexu abusuen inguruan mintzatuko dira.

Xabier Madariaga kazetari eta saioko aurkezleak lekukotza gogorrak izango ditu parez pare: Iñigo Zabala Durangokoa (Bizkaia) da, eta urte eta erdi zituela hasi zen sexu abusuak jasaten bere aitarengandik. Kontatuko duenez, beldurrez bizi izan zen etxetik alde egin zuen arte. Duela hiru urte, bikotekideari kontatu zion haurtzaroan sufritutakoa, eta Garaitza elkartean hasi zuen terapia. Elkarte horretara jo duten hainbat lagunen testigantzak jasoko dituzte erreportajean; horien artean, Bilboko Ana Saezena.

Gitan Pau Gonzalezen esperientzia ere entzungo da gaurko saioan: 30 urte bete zituenean, bere egoerari buelta ematea erabaki zuen. Erasotzailearengana joan, eta aurrez aurre esan zion gogoratzen zituela umea zenean egin zizkionak. ETBren informazioaren arabera, Gonzalezen ausardiak barruan zeukan zauria arintzeko balio izan zion.

Haurtzaroan abusuak jaso dituzten herritarren ahotsa entzuteaz gain, hainbat adituren iritziak zabalduko dituzte. Gaia lantzen dutenek prebentzioaren eta detekzio azkarraren garrantziaz ohartarazten dute, baita gaia plazaratu eta gizartea kontzientziatzeak duen garrantziaz ere. Zertan hobetu daitekeen azalduko dute saioan Maite Urizar Gure Sarea elkarteko kideak, Amaia Arbeloa pediatrak eta Augusto Maeso epaileak.

Gizarte gaiak lantzen jarraituko du ETB1eko saioak datozen asteetan: denboraldiko bigarren saioan, suizidioaren inguruan ariko dira; gero, adimen handiko pertsonei buruzko erreportaje bat iritsiko da; eta, Eguberriak baino lehen, tren istripuei buruz ariko dira. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ez da saiorik egongo.Aste Santura bitartean, edonola ere, hemeretzi erreportaje egiteko enkargua egin dio ETBk Baleukori.

Ikusle datu txukunak

Ur handitan saioak ikusle fidelak ditu, nahiz eta datuetan aldea egoten den erreportaje batetik bestera. Aurreko denboraldian, programak, batez beste, %2,8ko ikusle kuota bereganatu zuen—euskaldunen artean, %7,8—. Ikusle gehien bildu zuen erreportajea Motxiladun umeak izan zen —gurasoak espetxean dituzten haurrei ahotsa eman zieten—: %7,8ko ikusle kuota, eta euskaldunen artean, %16,5ekoa.

Ur handitan atzerrian saioak apur bat datu apalagoak eskuratu zituen Euskal Herrian grabatutako programak baino: %2,1eko ikusle kuota, batez beste —euskaldunen artean, %6,5—. Palestinako atalak lortu zuen daturik onena: %3,6 —euskaldunen %10—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.