Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa

Hizkuntza aniztasunaren hiria

Abenduaren 15ean eta 16an egingo da Donostia 2016aren barruan antolaturiko hizkuntz aniztasunari buruzko bilera. Hasieran proposaturiko «goi bilera» izango da «foro» bat, Unesco Etxeak atondua

Paul Bilbao, Xabier Paya eta Ane Ortega, atzo, foroaren aurkezpena egiteko Donostian egin zuten agerraldiaren aurretik, argazkilarien aurrean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2016ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
«Orain arte goi bilera izendatutako proiektuaren eboluzioa aurkeztera gatoz», azaldu zuen atzo DSS2016ko kultur programazioko zuzendari Xabier Payak hedabideen aurrean. Izan ere, Donostiako kultur hiriburutzaren harira hizkuntza aniztasunari buruz antolatzera zihoazen bilkurak hasieran zituen ezaugarrietatik atzo aurkeztu zuten egitasmoraizan dira aldaketak. Batetik, goi bilera izendapena galdu du: foro bat izango da. Antolaketan ere, moldaketak: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluari eman zitzaion, hasieran, egitasmoa garatzeko ardura nagusia, baina bidean izan diren kritiken eta eragozpenen harira —tartean Espainiako Kultura Ministerioaren helegite bat—, birmoldatu egin dute proiektua. Orain, Unesco Etxeak hartuko du —Kontseilua ere barruan hartuko duen batzorde zientifiko batekin— bilkura antolatzeko eginkizuna. Abenduaren 15 eta 16an izango da, Kursaalen, eta funtsean Payarentzat prozesua amaierara ailegatu da hasierako jomuga osorik duela: «Donostia hizkuntza aniztasunari buruzko gogoeten epizentroa izango da asteburu horretan».

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Unesco Etxeko ordezkari Ane Ortega alboan zituela azaldu zen Paya hedabideen aurrean, eta batasun irudia azaldu zuten, era horretan, hiru erakundeek. Egitasmo eraberrituak Donostia 2016 Fundazioko kide guztien oniritzia duela nabarmendu zuen Payak, eta Kontseiluak egitasmoaren harira aparteko lekua izaten jarraituko duela. Izan ere, foroaren barruan aurkeztuko da Europa osoko gizarte eragileekin batera Donostia 2016an aurkezteko asmoz prestatzen hasi ziren dokumentua: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Hasieratik azaldu zuen Kontseiluak antolatu nahi zuten bilkuraren harira era horretako agiri bat lantzeko asmoa, eta horren gaineko gidaritzarekin segitzen du.«Kontseiluak bere lanarekin jarraitzen du, ja protokoloa idazten ari gara», jakinarazi zuen Bilbaok atzo egin zuten agerraldian.

Dokumentu horrek neurri zehatzak eman nahi ditu hizkuntza eskubideen defentsan jarduteko. Gizarte eragileen iritziak bilduz egingo da, eta Hizkuntza Eskubideen Deklarazioa —1996. urtean Bartzelonan izenpetua— oinarri hartuko du. Oraino zehazteko dago zehazki zer leku izango duen protokoloak foroan, bainahantxe aurkeztuko da, eta eztabaida eta gogoetarako motibo izango da. Abenduaren 17an, behin bilkura handia amaituta, ekitaldi publiko berezi bat egingo du Kontseiluak dokumentu hori «gizarteratzen» hasteko.

Tresna berrien bila

Foroa antolatzeko eratu den batzorde zientifikoan Euskaltzaindiak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Soziolinguistika Klusterrak, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco katedrak, Network to Promote Language Diversity sareak eta Kontseiluak berak hartuko dute parte. Unesco Etxeari hizlarien aukeraketan eta topaketaren zabalkundean laguntzea eta aholku ematea izango da horien guztien eginkizuna. Besteak beste, hizkuntza eskubideei, hizkuntza politikei, hizkuntza aniztasunari eta gizarte eleaniztunari buruzko gogoetak sustatuko dira; propio mintzatuko dira Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaz ere. Gogoeta horien bidez harago egiteko ahalegina egin behar dela ohartarazi zuen Ane Ortegak. «Hausnartu eta eztabaidatzea da helburua, dauzkagun tresnak ikusi, eta tresna berriak sortzeko», azaldu zuen. «Izan ere, diagnostikoak baditugu. Blokeatuta dagoena desblokeatzea da orain helburua, eta beste bultzada bat behar duenari bultzada bat ematea». Mugarrinahi dute foroa ataka horretan.

Gizarte erakundeen ekarpenak jasota Kontseiluak aurkeztuko duen protokoloa lanabes berri horietako bat izan daitekeela nabarmendu zuen Ortegak, eta aparteko lekua izango duela horregatik foroan. Baina baliabide berri gehiagoren ernamuin ere nahi luke foroa. Berritzailea. Izan ere, bada beharra. «Oraindik premiazko erronka da hizkuntza aniztasuna mundu osoan babestea. Oraindik bide luzea dago hizkuntza eskubideak bermatzeko», onartu zuen. Goi bilera izenaren ordez foroa hautatzeko erabakia Unescori horri buruzko galdera egin ostean hartu zutela adierazi zuen. Hortik izen berria, behin betikoa: Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa. Egoki deritzo izendapenari: «Eztabaidarako gune bat sortu nahi dugulako». Foro bat, solaserako.

Bilkurak Europako gizarte zibileko eragileak, erakundeak eta adituak elkartuko ditu, baita ikerketaren eta kulturaren arloko erakundeak zein gobernuetako ordezkariak ere. Eztabaidarako eremu zabal bat izatea nahi dute. Antolatzaileek hitzartu dute «hizkuntza aniztasuna eta haren kudeaketa aldarrikatzea» izango dela foroaren eginkizuna: «Europa demokratiko, kohesionatu, inklusibo eta baketsu eta iraunkorragoa eraikitzeko». Horretarako, ordea, gogoetez harago, «ekiteko proposamen positiboen» alde egitea izango da xedea.Xabier Payak nabarmendu zuen batasuna dagoela Donostia 2016 Fundazioko patronatukideen artean —Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza daude, Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioarekin batera— egitasmoaren inguruan, eta ondo bidean doala.

Kontseilua eta protokoloa

Protokoloa foroan aurkeztuko dutenez, haren ibilbidea zertan den azaltzeko baliatu zuten saioa. «Dokumentua osatzeko prozesua bere fase aberatsenean sartu da: gizarte eragileen ekarpenak protokoloa mamitzen ari dira bai Euskal Herrian eta bai Europa mailan ere», aurreratu zuen Xabier Payak. Berretsi egin zituen Bilbaok haren hitzak. «Dantzan jarri ditugu Europako hizkuntza gutxituetako komunitateak». Euskal Herrian bezala, Europako hainbat tokitan aurkeztu dutela jakinarazi zuen —Irlandan, Frisian, Galesen, Laponian...—, eta dokumenturako ekarpenak egiteko proposamena interes handiz hartu dutela gehienek. «Oso harrera ona du protokoloak».

Bidea bera zinetan emankorra dela adierazi zuen, hizkuntza komunitateak dituzten gaitasunez jabetzen ari direlako protokolorako ekarpenak egiteko prozesuan. «Ahaldundu nahi ditugu hizkuntza komunitateak gero haiek protokoloa nahierara erabiltzeko». Horretarako, agiria hizkuntza errealitate mota askotarako egokitzeko saioa egingo dute.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokolorako ekarpenak biltzeko:

www.protokoloa.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.