AUZIPETUEK ESANDAKOAK

Jokin Unamuno izan zen deklaratzen lehena. FERNANDO VILLAR / EFE.
2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun

JOKIN UNAMUNO



«Ospa Eguna antolatzeko batzarrak egiten dira. Irekia da eta edozein pertsona joan daiteke. Ni batzarren batean izan naiz, baina tarteka, lanaren ondorioz. Batzar horietako batean ere ez dut kargurik edo ardurarik izan».

«Ez nuen ezer probokatu nahi izan. Testuinguru hartan, tenientearekin eztabaida hasi izanak eragin zezakeen ondoren gertatutako guztia. Hala bada, benetan sentitzen dut oharkabean, mozkor nengoelako, egindako zerbaitek gertaerok eragin izana».

ADUR RAMIREZ DE ALDA



«Jakin nahiko nuke, ez dakit zergatik. Edo gezurra diote edo beste pertsona batekin nahasi naute. Ezinezkoa da ni han egotea. Ez dut arazorik izan guardia zibilekin».

«Behin identifikatu ninduten, baina Altsasuko gazte asko bezala. Inoiz ez dut eurekin liskarrik izan, eta ez ditut mehatxatu, edo ez diet eragotzi bizimodu normala egitea, ezta euren familietakoei ere. Guardia zibil baten semearekin pilotan entrenatu izan dut».

OIHAN ARNANZ



«Lehenik eta behin, esan nahi dut azaroaren 14ko goiz hartan instituturantz atera nintzela eta Gasteizko geltokian zain nituela poliziak, txanoekin aurpegiak estalita. Atxilotu ninduten, eta, egia esateko, izutu nintzen. Tres Cantosera ekarri ninduten, eta handik Auzitegi Nazionalera. Deklarazio hura beldurtuta egin nuen, leku hartatik ahalik eta urrutien kokatzeko asmoz. Gero, familiarekin eta defentsarekin hitz egin ostean, erabaki nuen gertatutakoa, nik ikusi nuena, kontatzea».

JON ANDER COB



«Anbulantzia bat eta foruzainen patruila bat ikusi nituen. Gorka Martinez lagunari galdetu nion, baina ez zuen jakin erantzuten zer gertatu zen, Ondoren pertsona batengana gerturatu nintzen eta galdetu nion zer gertatu zen. Asaldatuta zegoen, urduri. Gero jakin nuen sarjentua zela, baina orduan ez zidan ezer aurpegiratu».

«Buru osasuneko medikuarekin izan naiz. Lasai egoteko arazoak ditut. Ikasteari utzi behar izan diot, kontzentratzeko ez bainaiz gauza ahalmen hori galdu baitut».

JULEN GOIKOETXEA



«Azaroaren 20an Auzitegi Nazionalera eraman ninduten, identifikazio erronda bat egitera. Ni gehituta, zazpi ginen. Latinoamerikarrak ziren gehienak, beltzaranak. Batek esan zidan ez sartzeko, zuri bakarra nintzelako eta erraza zelako ni identifikatzea».

«Depresioaren aurkako pilulak hartzen ari naiz. Ezintasuna sentitzen dut. Errugabea naiz, ez dut zerikusirik honekin». «Hamaika bider galdetu diot nire buruari zergatik nagoen hemen. Nahastu egin zirela uste dut. Ez dut uste fede txarrez egin zutela».

ARATZ URRIZOLA



«Ez ginen Koxkara itzuli. 04:30 aldera Lezea tabernatik etxera joan nintzen. Koxkaren kontrako norabidean dago».

IÑAKI ABAD



«Guardia zibilen tenientea ezagutzen nuen, Haritza tabernara joan ohi zirelako, eta nik bertan egiten dudalako lan. Tratu normala genuen, eta inoiz txantxak egin genizkion elkarri. Sarjentua ez nuen ezagutzen, berria zelako».

«2017ko uztailera arte lan egin dut Haritza tabernan. Fiskalak 50 urteko espetxe zigorra ezarri zuela ezagutu ondotik, lan egiteko ilusioa galdu nuen, eta lana utzi nuen».

AINARA URKIJO



«Ospa egun batean dantzari bezala parte hartu nuen bazkari batean, gonbidatu nindutelako, baina ez nuen gero kalejiran parte hartu».

«Asaldatuta nengoen, ez nuelako ulertzen zergatik atxilotu zuten Jokin Unamuno».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.