Bake akordioaren geroa dago jokoan

Bost hautagaien artean eskuindarrena, Ivan Duque uribista, eta ezkertiarrena, Gustavo Petro gerrillari ohia: horiek dira faboritoak Kolonbian bihar egingo diren presidentetzarako hauteskundeetan. Inork botoen erdiak baino gehiago lortu ezean, bigarren itzulia egingo dute hiru aste barru.

Jendea oihuka, Gustavo Petrok Quibdon egindako ekitaldi politiko batean. JON ARTANO IZETA.
Jon Artano Izeta.
Bogota
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Gure aurreneko erronka paper madarikatu hori, FARCekin akordioa jasotzen duen hori, txiki-txiki egitea izango da! Amore emate bat da, eta ezin du iraun, zaborra da eta». Orain dela urtebete esan zituen hitzok Fernando Londoñok, Alvaro Uriberen lehen gobernuko defentsa ministro izandakoak, Zentro Demokratikoa alderdiaren batzar nagusian. Geroztik, Uriberen alderdikoek behin eta berriz leundu nahi izan dute ideia hori, esanaz, akordioa eraistea baino gehiago, «sakoneko aldaketak» egitea dela asmoa. Baina argi dago uribismoa boterera heltzen bada —eta aukera handia du horretarako— arrisku bizian legokeela lehendik herrenka datorren prozesua.

Gertatu daitekeenaren atezuan daude atzerrian ere. Atzo iritsi zen Bogotara hamar europarlamentarik osatutako talde bat, EAJko Izaskun Bilbao buru dutela, hauteskundeei bertatik jarraitu eta alderdi guztiekin biltzeko. Mezu ofiziala bat da: «Gertatzen dena gertatzen dela, Europak, orain arte bezala, indar guztiarekin jarraituko du bake prozesua laguntzen», baina begi bistakoa da ezinegona egon, badagoela Bruselan.

Duqueren adinaeta Petroren mokasinak

Justin Trudeau Kanadako lehen ministroarekin eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin konparatzen du bere burua Ivan Duquek, aurkariek eskarmenturik ez duela aurpegiratzen diotenean. «Bai, baina Trudeauk eta Macronek ez dute Alvaro Uriberen hatsa garondoan gau eta egun», bota zion telebistaz emandako azken debatean Humberto de la Calle presidentegai beteranoenak. Duque 41 urteko ekonomista bat da, azkarra, hizlari ona, AEBetan ikasia. Aholkulari izan zen Juan Manuel Santosen gobernuarentzat, eta gero senatari. Kito. Horixe zen bere kapital politiko guztia, harik eta Alvaro Uribek aukeratu zuen arte. Orduz geroztik, bera da, beste lau hautagaien aurretik, Nariño etxeko giltzak eskuratzeko aukera gehien dituena.

«Nire izena Gustavo Petro da, eta zuen presidentea izan nahi dut!». Esaldi horrekin borobiltzen ditu bere agerraldi guztiak, bai plazan bai telebistaz. Gaztetan M-19 taldeko gerrillari eta gerora Bogotako alkate izan zen gizonak ezkerreko indarrak batzea lortu du. FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzaileak ez dio babesik eman, eta nahi ere ez, era horretako adierazpen batek eman baino askoz gehiago kenduko bailioke. Duela pare bat hilabete, FARCek hamarnaka mila boto batzuk baino ez zituen lortu legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta Colombia Humana koalizioko hautagaia tentuz ibili da farianoekiko distantzia uzteko.

Pablo Beltran ELN Nazioa Askatzeko Armadako komandanteak bai, horrek Petrorekiko gertutasuna adierazi du iritzi artikulu batean, baina apenas izan duen oihartzunik. ELN elkarrizketetan dabil Santosen gobernuarekin, Habanan, eta aldebakarreko su-etena eman du asteburu honetarako.

Eskuineko hautagaiek eta medioek etengabe jo dute Petroren aurka, baita erabili ohi dituen zapatengatik ere; Salvatore Ferragamo etxeko mokasin italiarrak kritikatu dituzte. Erasorik ohikoena, ordea, hauxe: «Gustavo Petrok Kolonbia Venezuela bihurtu» eta «erregimen castrochavista» ezarri nahi duela. Haatik, Bogotako alkate ohia gogor mintzatu da Venezuelarekiko egungo egoeraz. «Chavez diktadorea izan zen galdetzen badidazu, ezetz erantzungo dizut; Madurori buruz galdetuz gero, baietz», esan zion Newsweek aldizkariari. Are: Petrok dio «akats historiko larria» izan dela Venezuelak, Boliviak, eta oro har Latinoameriako progresismoak hazkunde ekonomikoa lehengaien erauztean oinarritu izana erabat, eta nekazaritza ekologia eta energia berriztagarriak oinarri izango dituen paradigma ekonomiko berria proposatzen du.

Bigarren posturako lehia

Inkestei sinestera, Duque eta Petro pasatuko dira bigarren itzulira; «inkestei sinestea, ordea, asko sinestea da, batik bat herrialde honetan» dio, serio, Oscar Castelblanco Libre Unibertsitateko irakasleak. «Ivan Duquek ziurra du presidentetza, baldin eta bigarren itzuliko lehian Petro badu aurkari. Buruz burukoan Vargas Lleras edo Fajardori aurre egin behar badio, berriz, askoz gaitzagoa izango du».

Uribek aldeko asko baititu, baina baita kontrakoak ere. «Hain justu, hor dago gakoa: nor pasatuko da bigarren itzulira Duquerekin?». Boto asmoa neurtu duten ikerketa guztietan, abantaila handia dute Duquek (%35-40) eta Petrok (%25-29). Baina, Castelblancoren arabera, «oso inozoa» izan beharra dago «German Vargas Lleras %6an geratuko dela pentsatzeko». Vargasek bake prozesua errespetatzeko konpromisoa hartu du, baina joera errebisionista sumatu zaio behin baino gehiagotan. Santosen presidenteorde izan da azken legegintzaldian; ibilbide politiko joria du, agintari leinu batekoa baita, Kolonbiako agintarien artean ohikoa den gisan—presidente izan zen haren aitaita, Carlos Lleras Restrepo—, eta, batez ere, «inkestetan agertzen ez den zerbait du, zientifikoki neurgaitza dena: alderdien makineria». Izan ere, nekazaritza eremuetan alderdien egiturek maneiatzen dute botoa, Castelblancoren hitzetan: «Ahaztu debateez eta sare sozialez. Pentsamendu feudala da han nagusi, eta tokian tokiko buruzagi politikoek ondo josita dituzten egiturek dute agintea. Horretan, Vargas da bost hautagaietan indartsuena; horregatik, bigarren postua lehiatzeko moduan egon daiteke».

Auzitegi Konstituzionalak datozen hamabi urtetarako blindatu du bake akordioa, Habanan hitzartutakoa estatuaren konpromisoa dela interpretatuz, eta ez gobernu batena. Alabaina, kongresuan gehiengoa izanez gero, badago azpilana egiterik, orain arte gertatu den bezala. Uribismoak nahikoa luke egitasmo legegile bat bake prozesua amildegi ertzera eramateko. Duquek kanpainan behin eta berriz agindu du narkotrafikoa delitu politikoen zakutik atera nahi dutela. Neurri hori indarrean jartzeak akordioan jasotako onurak galtzea lekarkieke FARCeko buruzagiei, eta seguru asko AEBetara estraditatzea.

Periferiakoen beldurra

Etzi hasiko da erabakitzen Kolonbiako bake prozesuaren geroa, eta territorioetan Bogotari so daude, ikaraz. «Oldarraldi bortitza datorkigu segurtasun demokratikoaren izenean; eraso militarra, eta blokeo ekonomiko oso gogorra komunitateei». Yuri Quintero nekazaria da, eta Alderdi Berdeko diputatua. Nekazarien ordezkari da Putumayoko legebiltzarrean, Kolonbiako hegoaldean, Ekuadorko mugan. Estatuak historikoki abandonatutako beste departamentuetan bezala, Putumayon beldur dira hauteskundeek zer ekar dezaketen. «Egia da barealdia etorri zela FARCeko kideak joan zirenean, baina geroztik beste talde armatuak sartu dira, eta borrokan ari dira narkotrafikoaren kontrolagatik. Oso kezkatuta gaude. Estatuak milaka familia konbentzitu zituen koka landareak erauzteko, eta diru pizar batzuk eman dizkie, baina ez da heldu laguntzarik koka ordezkatuko duten laboreak bideragarri egiteko, eta bideak ez dituzte hobetu... Eskuina jo eta ke ari da nekazariak kriminalizatu nahian. Atzera lehengo garaietara ekarriko dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.