Amagoia Mujika Tolaretxipi.
ANALISIA

Podemosen krisia ez da amaitu

2017ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Vistalegre II amaitu da, baina orain hasiko da benetako eztabaida. Ez da erraza izango, ezin ulertuak konpontzeko ulertu egin behar baitira lehendabizi, eta Podemosen kongresuaren aurretik gertatutakoak inor gutxik ulertu ditu; alderdiaren barruan ere ez. Ezberdintasun ideologiko konponezinik ez dago; zauriek pertsonaletik gehiago dute, eta ezinikusi gehiegi utzi dituen botere gerra bilakatu da guztia. Pablo Iglesiasek, garaipenaren berri izatean, Iñigo Errejoni emandako besarkada ikusi besterik ez dago: hotza, gaizki konpontzen diren bi senideren halabeharrezko keinua.

Zaila dirudi militanteek eskatutakoa betetzea: batasuna nahi dute. Baina nola egingo dute alde errejonzalea ezabatu gabe haiek barruan sartuko dituen zuzendaritza plurala? Nola bideratuko dute parte hartze instituzionalari buruzko eztabaida, mugimendu sozialena oztopo izan gabe? Nola barneratuko dituzte tokian tokiko berezkotasunak botere zentrala eta zentralista aldatu gabe? Izan ere, Iglesiasi bere taldetik ere eskaera hori egin diote, baina kosta egiten zaio autonomiaren kontzeptua ulertzea, dena kontrolatu behar hori baitauka. Ikastaro trinkoa egin beharko dute, Kataluniakoa bezalako erronkaren aurrean.

Iglesias indartuta atera da, eta hark zuzentzen duen proiektua gailendu da. Ez dago zalantzarik. Jokaldia ongi atera zaio: bere proiektuak aurrera egiten ez bazuen dimisioa emango zuela esan zuen, ezingo zuelako sinisten ez duen ezer defendatu, eta militanteek ez dute Iglesiasik gabeko Podemos bat irudikatu nahi. Besterik da, Espainian eta haren menpeko lurraldeetan, Podemosera gertura daitezkeenek norekin egingo luketen errazago.

Alderik ezkertiarrenak egin du aurrera. Izquierda Unidarekin joateko apustua egin zuenak, sozialistekin ulertzea lehentasunetan ez duenak, Podemos zentralistenak, eta, instituzioetako borroka ez duela lehentasuna izan behar uste duenak: ezker klasikoenak. Baina Iglesiasek aldaketak iragarri ditu. «Koralagoa» izango da alderdia, hori sinistea zaila den arren, praktikak erakutsi duenez.Emakumeen presentzia ere handiagoa izango dela azaldu du, bozeramaile gehiago egongo direla, baina aukeratu dituzten kargudunetan hamarretik bi bakarrik dira emakumeak; Irene Montero atera da laugarren postuan eta Rita Maestre zortzigarrenean.

Eta galdera nagusia. Zer gertatuko da Errejonekin? Ez luke zentzu handirik alderdiaren politika arduraduna izaten jarraitzeak. Haren esperantza da Espainiako Kongresuan Podemosen bozeramaile izaten jarraitzea. Errejon izan da galtzaile nagusia, baina atera du zerbait ona ere. Iglesiasen buruzagitzari epe bat jarri dio: datozen hauteskundeak. Errejon hasieratik egon da Unidos Podemos aliantzaren aurka, eta aliantza horren ondorioz galdu zituen Podemosek 2015eko abenduko bozetatik 2016ko ekainekoetara milioi bat boto: abstentziora joan ziren.

Maiatzeko sozialisten kongresuak ere izango du eraginik, Podemosen estrategian. Susana Diazen aldeko PSOE ateratzen bada, errazago dute bi aldeek ezberdintasunak markatzea. Pedro Sanchezenak egingo balu aurrera, borroka gogorragoa lukete, esparru itxiagoan. Baina horren guztiaren gainetik, elkar ulertzera behartuak daude, PP boteretik kendu nahi badute. Eta hori nahi dute. Errejonek ez du dena galdua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.