'Independentzia' ala 'subiranotasuna', hitz gakoak Kaledonia Berrian

Erreferenduma azaroaren 4an egingo dute. Frantziako Gobernuarekin elkartu dira Kaledonia Berriko alderdiak, galdera zehazteko asmoz

Parisko eta Noumeako ordezkarien arteko bilera, iaz. LUDOVIC MARIN / POOL / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Kaledonia Berrian azaroaren 4an egingo dute autodeterminazio erreferenduma. Sinatzaileen Batzordea atzo eseri zen Parisen, galderaren inguruko eztabaidari amaiera emateko asmoz. Kaledonia Berriko alderdietako ordezkariak Frantziako lehen ministro Edouard Phillipe eta Itsasoz Haraindiko ministro Annick Girardinekin batzartu ziren. Azaroko erreferendumarekin, Kaledonia Berriak eta Frantziak amaiera eman nahi diote duela 30 urte independentistek eta metropoliak hasitako deskolonizazio prozesuari.

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka koalizio independentistako kide Jacques Laliek «subiranotasun osoa» kontzeptua defendatu zuen atzo. Berdin egin zuen independentziaren aurkako alderdi nagusiak ere; Kaledonia Batera alderdiko kide Gerard Poadjak kontzeptu hori galderan nahi duela azaldu zuen. Kaledonia Berriko Batasuna-LR Errepublikanoak taldeko kide eta Kaledonia Berriko presidente ohi Pierre Frogierren esanetan, ordea, galderan ezinbestekoak dira bi hitz: independentzia eta Frantzia.

Bada biak ontzat ikusten dituenik ere, esaterako, Kaledonia Batera alderdiko kide eta presidente ohi Phillipe Gomes. Gomesek biak «posible» direla azaldu zuen, 1998ko Noumeako akordioak eta konstituzioak «subiranotasun osoa» aipatu arren. Aurrekari gisa jarri zituen Komoreak eta Djibuti. Bi galdeketetan independentzia hitza erabili zen.

Galderaren formulazioa, ordea, ez da izan negoziazio mahaiak izan duen arazo bakarra. Erreferenduma aurrera eramateko prozesuak oztopo ugari izan ditu. Horietako bat izan da bertan parte har dezaketen herritarren zerrenda osatzea. Sinatzaileen Batzordea azaroaren 2an bildu zen, atzo bezala, gaia tratatzeko. Kasu hartan, bederatzi ordu behar izan zituzten «akordio politiko bat» lortzeko, eta, azkenean, 11.000 lagun gehiago sartu zituzten hautesleen zerrendan, gehienak kanakak. Hori aurrera eraman ahal izateko legea martxoaren 20an onartu zuen Frantziako Parlamentuak, ia aho batez. Izan ere, Parisek azaldu duenez, negoziazioen helburua erreferendumeko emaitza «guztiek» onartzea da.

Paris behartua egon da esku hartzera. Noumeako gobernuakzuen erreferendumera deitzeko eskumena, baina horiek 2019. urtea baino lehen egin ezean, Frantziak deitu beharra zeukan 2018ko azaroa iritsi aurretik.

Erreferendumeko emaitza independentziaren aurkakoa balitz ere, ez litzateke prozesua azaroan amaituko. Erreferendumeko akordioaren arabera, etorkizunean beste bi galdeketa egiteko aukera izango lukete herritarrek.

Izan ere, badirudi gehiengoa Frantziaren zati izatearen aldekoa dela, 16.000 kilometrora egon arren. Iazko maiatzean I-Scopek eginiko inkesta baten arabera, Kaledonia Berriko biztanleen %54,2 Frantzian jarraitzearen aldekoak lirateke, eta %24,4 soilik «subiranotasun guztia» lortzearen aldekoak. Gainontzeko %21,4 zalantzan egongo lirateke.

Galdeketaren jatorria

Kaledonia Berrikoa ez da bat-batean sortutako prozesu bat izan. Frantziako kolonia izanik, Gerra Hotzaren lehen urteetan «itsasoz bestaldeko lurralde» izendatu zuen Parisek, hango biztanleei boto eskubidea emanez. Hamarkada batzuk geroago, 1975ean, sortu zen lehen alderdi independentista, Kanaken Askatasunaren alderdia, ondoren Fronte Independentista koalizioa eratzeko. Hamarkada bat geroago FLNKS bihurtuko zena.

Independentisten eta metropoliaren arteko gatazkak gora egin zuen, 1988an Matignongo akordioa sinatu arte. Akordio hark hamar urte geroago izan zuen jarraipena, Noumeako akordioarekin. Kasu hartan, Frantziako Estatuak, FLNKSek eta RPCR Kaledonia Errepublikan Mantentzearen aldeko Batasunak adostu zuten erreferendum bidez erabakiko direla hiru transferentzia, hogei urteko epea igaro ostean: «Botere subiranotasuna, ardura osoko nazioarteko estatus baterako sarbidea eta herritarren nazionalitatearen antolamendua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.