ETB1ek 'Zurekin bat' lehiaketa estreinatuko du hilaren 20an

Gazte talde batek esperimentu sozial batean parte hartuko du 'Abiapuntua' saioan. Ostegunean, 'Munduko plazan' hasiko da

ETBko aurkezleak eta arduradunak atzo, Gasteizen, programazio berriaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Aspaldiko partez, galdera eta erantzunen lehiaketa bat emango du euskaraz ETBk. Ainhoa Etxebarriak Zurekin bat lehiaketa aurkeztuko du hilaren 20tik aurrera ETB1en, astelehenetik ostegunera: lau kideko bi talde euren ametsa betetzeko borrokatuko dira. Hori izango da ETBko udazkeneko programazioaren berrikuntzetako bat.

Gasteizko FesTVal jaialdiaren barne, denboraldi berria aurkeztu zuen atzo ETBk. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak honela esan zuen: «ETB gizartearen isla izatea nahi dugu; modernoa, solidarioa, aurrerakoia eta lehiakorra izatea, eta euskal gizarteari bide horretan aurrera egiten laguntzea». Eta zera gaineratu zuen: «Mundura irekita dagoen telebista bat nahi dugu, euskararen erabilera sustatuko duena, edukietan aniztasun soziala islatuko duena, eta kalitatezko informazioa eta entretenimendua eskainiko duena, euskal gizartean sustraituz».

Hilaren 9an, Munduko plazan estreinatuko du ETB1ek. Leire Palacios kazetaria munduko sei hiritan ibili da: Mexiko hirian, Varsovian, Lisboan, Istanbulen, Atenasen eta Zurichen (Suitza). Hiria eta hango eguneroko bizimodua ezagutaraziko ditu programa berriak.

Bestetik, Xabier Madariaga kazetariak Abiapuntua saio berria gidatuko du urritik aurrera: aurreiritzien inguruan herritarrek begiak zabaltzea nahiko luke saioak. Astero, gazte talde batek errealitate desberdinak biziko ditu, esperimentu sozial batean parte hartuz; horretarako, atal bakoitzean gai bat jorratuko dute: gaitasun intelektual murriztua, zahartzaroa, arrazakeria eta ingurumena, esaterako.

ETB1eko programazioko beste berrikuntza bat Piztu telebista saioa izango da. Urrian hasita, Googlebox izeneko nazioarteko formatua egokituko dute euskaraz; familia eta bizikide hainbatek telebista nola ikusten duten erakutsiko dute programan. Astero, zortzi etxetan sartuko dira, eta bakoitzak telebista nola ikusten duen erakutsiko dute. Guztiek tarte bera ikusiko dute, eta egiten dituzten iruzkinak, erreakzioak eta eztabaidak bilduko ditu Piztu telebista-k.

Herri txiki, infernu handi saioak berritasun garrantzitsu bat izango du denboraldi honetan: Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik aurkezten duten saioak igandetik asteazkenera aldatuko du emanaldiaren eguna. Hilaren 15ean hasiko dute denboraldia.

Etzi, Kristofer Hivyu aktorea protagonista duen Bikia (Twin, 2019) telesail norvegiarra estreinatuko du ETB1ek. Bizitza erabat ezberdinak dituzten bi anaia bikiri buruzkoa da fikzioa. Eztabaida gogor batean, bietako bat istripuz hilko da, eta besteak haren nortasuna ordezkatuko du. Etzi hasiko dute ikasturtea, beste alde batetik, Ahoz aho eta Biba zuek arratsaldeko saioek.

ETBk, gainera, bere hondar alea jarri nahi du gaur egungo gizarteari gehien axola zaizkion arrazoi sozialen inguruan, telebista ekitaldi bereziekin. Hala, ETB1ek #Martyhilda Txekiar Errepublikako telesaila estreinatuko du azaroan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Segurtasun Sailekin elkarlanean. Drama horren gai nagusia jazarpen zibernetikoa eta haren ondorioak dira. Ekinaldi horren bidez, telesailean garatzen diren gaiak landu nahi dituzte ikasgeletan.

Igartiburu eta Barcelo

Hilaren 13tik aurrera, ETB2 katean Ane Ibarzabalek eta Aitor Albizuak Nos Echamos a la Calle saio berria aurkeztuko dute. Gonbidatuak, Euskal Herriko txokoak, adituak, entretenimendua eta umorea izango ditu osagai.

Duelo en las Alturas saio berria hilaren 15ean iritsiko da ETB2ra: Anne Igartiburu aurkezlearen eskutik, Euskal Herriko arkitekturan zehar bidaia bat proposatuko du. Upeltegiak, hotelak, gazteluak, eraikin erlijiosoak, plazak... azalduko dira programan.

Azaroan, Falsos mitos saioa estreinatuko du gaztelaniazko kateak, Iñaki Andradas kazetariaren eskutik.

Klima larrialdiari eskainitako programazio bereziaren eta Glasgowko klimari buruzko konferentziari egingo dioten jarraipenaren barruan, azaroan, ETB2n Angels Barcelo kazetariak aurkeztutako El Cambio saio sorta estreinatuko dute. Klima aldaketari helduko diote.

Beste alde batetik, EITBko albistegiek etzi hasiko dute denboraldia. ETBko albistegien taldean, ETB1eko Egun on Euskadi saioan Nerea Reparaz arituko da aurrerantzean, Iban Garaterekin batera. Asteburuetan, Xabier Garcia Ramsden eta Estibaliz Ruiz de Azua Radio Euskadira joan ostean, Xabier Ormazabalek aurkeztuko ditu aurten ETB2ko asteburuko albistegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.