EBk uste du Londres bere buruari «atea ixten» ari zaiola 'brexit'-aren auzian

Mayk Tuski esan dio «onartezina» dela EBk Irlandako mugarako aurkeztu duen proposamena. Mayk gaur emango du bere ikuspegia
Tusk eta May bilduta, atzo, Londresen.
Tusk eta May bilduta, atzo, Londresen. ANDY RAIN POOL / EFE

Iosu Alberdi -

2018ko martxoak 2
Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko negoziazioak ez aurrera ez atzera daude. Irlandako muga dute mugarri, eta EBk brexit-aren ondorena zehazteko testu juridikoaren zirriborroa ez da lagungarria izan; Londres testuaren aurka dago. Michel Barnier EBko Brexit-erako negoziatzaile buruak, berriz, uste du jarrera horrekin Londres bere buruari «atea ixten» ari zaiola. Negoziazioetan, Londresen bildu ziren atzo Theresa May, Erresuma Batuko lehen ministroa, eta Donald Tusk, Europar Kontseiluko presidentea. Mayren bozeramaileak azaldu du lehen ministroak konpromisoa duela abenduan adostutako txostena testu legal bilakatzeko, baina «onartezintzat» jo du EBren zirriborroa. Testuak Ipar Irlanda EBko aduana batasunean eta merkatu bakarrean mantentzearen alde egiten du, eta Londresen «marra gorrietako bat» da hori. Erantzun hori jasota, Tuskek Mayri galdetu dio ea baduen «muga zurruna eragozteko ideia hoberik».

Tuskek esan duenez, ezinezkoa da «tirabirarik gabeko» negoziazio bat, Londresek dituen marra gorriak kontuan izanda. Europako Batzordeko Irlandako ordezkari Phil Hogan harago joan da, eta Mayri eskatu dio marra gorriak uzteko, «Europarekin harremana eten nahi ez badu».

Mayk, ordea, ez du bere gobernuaren planteamenduen inguruko xehetasunik eman; hori gaur egingo duela espero da. Atzo, Tuskekin mintzatu aurretik, Mayk gaurko hitzaldian esan beharrekoa adostu zuen bere kabinetearekin. Lehen ministroaren bozeramaileak adierazi du Mayk «asmo handiko elkarlan ekonomikorako» ikuspegia azalduko duela: «benetako aurrerapausoa».

Negoziazioen atalik korapilatsuena da Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga. Bi aldeek hitz egiten dute Irlanda zatituko lukeen «muga zurrun baten» aurka, baina oraindik ez dira gai izan modurik adosteko. Tusk ziur dago Ipar Irlanda bi aldeek adostutako merkatu komun batean eduki behar dela, eta uste du batasuneko 27 estatuek onartuko dituztela herenegun argitaratutako txostenaren «zatirik garrantzitsuenak».

Halere, Europar Kontseiluko presidentea jabetzen da Londres kontra dagoela. Mayk azaldu du Ipar Irlandarentzako merkatu berezi bat sortzeak Erresuma Batuko merkatu komuna hautsiko lukeela, eta konstituzioaren aurkakotzat jo du.

Gainera, May ez da zirriborroaren aurkako bakarra: Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistak ere bide beretik jo du. DUP Mayren Alderdi Kontserbadorearen aliatu nagusia da, iazko ekainean gehiengo osoa galdu zuenetik, eta brexit gogorraren alde dago.

Alderdi unionistaren eragina kontuan izanik, Barnier harekin eta Sinn Feinekin bilduko da astelehenean. Izan ere, Barnierrek proposatu du urrirako akordioa egina egotea; hartara, europarlamentuak eta Erresuma Batuko Parlamentuak akordioa bozkatu ahal izango dute 2019ko martxora bitarte, martxoaren 29a baita brexit-a gauzatzeko ezarritako data.

Immigrazioa ere kolokan

Irlandako muga ez da brexit- erako akordioa kolokan daukan puntu bakarra. Erresuma Batuak Brexit-erako trantsizio garaian —2019ko martxotik aurrera— EBko immigranteentzat ezarri nahi duen araudiaren aurka bozkatu zuen atzo europarlamentuak. Araudiak EBko herritarrentzako bost urteko bizileku baimenak aurreikusten ditu; lehen, bi urtekoak aurreikusten zituen. Halere, Europako Parlamentuaren ustez, aldaketa horiek ez dira nahikoak, ez baitizkiete eskubide berak bermatzen Erresuma Batura brexit-aren aurretik iristen diren herritarrei eta ondoren iristen direnei; besteak beste, familiarekin biltzeko aukerari eta haurrentzako onurei dagokienez.

Mayk baditu aurkariak Erresuma Batuan ere. Tony Blair lehen ministro ohiak azaldu du «asteak» geratzen direla brexit-a gelditu ahal izateko, eta alternatiba bat emateko eskatu dio EBri. Horretarako, Blair immigrazioaren inguruko erreforma baten aldekoa da, EBtik irtetearen alde egin zutenak konbentzitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna