Azkar irakurtzeko euskarazko astekari digital bat aurkeztu dute

'Ttap'-ek 16 orrialde argitaratuko ditu astero, sakelakoetan eta tabletetan irakurtzeko sortutakoak
Monika Belastegi zuzendaria, <em>Ttap</em> aldizkaria aurkezten, atzo Donostian.
Monika Belastegi zuzendaria, Ttap aldizkaria aurkezten, atzo Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Edu Lartzanguren -

2018ko uztailak 27
«Euskaraz falta zen horrelako produktu bat, euskarak behar baitu egon eskuko telefonoetan eta tabletetan». Horrela azaldu du Monika Belastegi zuzendariak Ttap aldizkaria sortzeko arrazoia. Atzo aurkeztu zuten astekari digital interaktiboa, Donostian. Gazteak ditu helburu; «gazteak, definizio malguarekin», Belastegik zehaztu duenez. Artikuluen kontsumo «azkar eta urbanoa» proposatzen dute.

Zero zenbakia eskuragarri dago dagoeneko ttap.eus webgunean. Irailetik aurrera, astero argitaratuko dute ale bat. Erabat digitala izango da: telefonoan eta tabletan irakurtzeko, ikusteko eta entzuteko pentsatuta dago. Izan ere, multimedia izango da Ttap. Testuak, bideoak, audioak eta «grafiko interaktiboak» eskainiko dituzte. Izena ere sakelako gailuokin lotuta dago: ttap hatza pantailan eragitearen onomatopeiatzat dute sortzaileek.

Garraiobidean gozatzeko

Zenbaki bakoitzak hamasei orrialde izango ditu, eta hamabost bat minutuan irakurtzeko diseinatuko dute. «Ohartu zara zenbat jende dabilen kaskoak jarrita autobusetan? Bada, Ttap egokia izango da jende horrentzako», adierazi du Belastegik. Edonola ere, ohartarazi du bezero bakoitzak bere modua izango duela astekaria irakurtzeko: «Denak interesatzen zaizkigu. Formatu berri honek kokatzen gaitu eskuko telefonoa duten guztien eskura». Sortzaileek esan dute Ttap-ek «gertuko» gaiak landuko dituela, «modu erraz eta azkarrean kontsumitzeko».

Baina nola orekatuko dute arintasuna eta mamia? «Bezeroari kasu eginda. Joango gara ikusiz zer duten nahiago Ttap-en hartzaileek». Pantaila gaineko keinu bakoitzak esango die irakurleak zer duen gustuko. Zuzendariak gogoratu du inkestetan jendeak joera duela dokumentalak gustuko dituela esateko. Eurek, ordea, «klik errealak» neurtuko dituzte. «Gure helburua da bezeroa erdigunean kokatzea eta hari kasu egitea».

Hainbat komunikabidek sortu dute Ttap: Anboto Durangaldeko kazetak (Bizkaia), Baleike Zumaiakoak (Gipuzkoa), Goiena Debagoienekoak (Gipuzkoa), Tokikom tokian tokiko hedabideen bateraguneak eta Kataluniako Esguard aldizkariak.

Hamaika kolaboratzailek edukiko dute tartea Ttap-en orrialdeetan; tartean izango dira Izaro Andres, Arantxa Urretabizkaia, Pilar Kalzada, Unai Iturriaga, Joseba Sarrionandia, Ander Izagirre, Hasier Hilario, Lara Izagirre eta Arantza Santesteban.

Zero zenbakia jasotzeko, aplikazioa jaitsi behar da ttap.eus webgunetik. Kiosko moduko bat da aplikazioa, eta hortik eskura eta gorde daitezke aleak.

Zer helburu jarri dio aldizkariak bere buruari? «Arrakasta litzateke marka egingo bagenu», esan du Belastegik. «Produktua berria eta berritzailea da, eta, uste ez dugun arren, baliteke %100 ez asmatzea lehen urtetik». Gaineratu du prest daudela irakurleei entzuteko eta horren arabera produktua aldatuz joateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna