Felipe Eizagirre.
ARRAUN-MINEZ

Primeran

2015eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Itsasoan nagusi, eta, beraz, Euskotren liga irabazteko faboritotzat Zumaia genuela genion; eta asteazkenean Lekeition geure iragarpena berretsi egin zen. Halere, joan berri den asteburuko estropadek ederki zulararazi digute mingaina! Larunbatean, ohi bezala, bandera San Juanentzat izan zen. Baina garaipena arrosazkoen merituari baino Telmo Deun-en bigarren luzeko trabeska aldi traketsari gehitxo egotzi ez ote genion sentipena geratu zitzaidan. Igandearekin, ordea, udako saiorik borobilena burututa, denon ahoak itxi eta zabalik utzi zizkiguten batelerek, biak batera. Falta diren bi saioetan, zumaiarrak nagusitzeko erabat gai diren arren, pasaiarren aldera erorita dago orain nabarmen balantza. Edo, bestela, balantza orain pasaiarren aldera nabarmen erorita egon arren, zumaiarrak nagusitzeko erabat gai dira falta diren bi saioetan. Komeni zaizuen ordenan. Kontuak kontu, Zarauzko estropadetarako primeran geratu da sailkapena zaleontzako.

KAE1 liga asko ari zaiguadierazten aurten, errendimendu eta emaitza oso ezberdineko hiru talde baitaude oraingoz podiumean. Batetik, Getaria lider sendoa; lau estropada(hiru bandera) irabazi ez ezik, gainontzean aurrean ibili delako. Ondarroa, oraindik banderarik herriratu gabe ere bigarren postuan; garaipenik ezean, estropaden brankatik hurbil dabilelako beti. Ziur nago banderarik ez irabazten segitzea oraintxe sinatuko luketela liga postu horretan bukatzearen truke. Bestelako aldartean dira zumaiarrak,hiru bandera irabazita ere,bigarren postua lortu ezinda; banderen faltan, behar adinako maila ematen ari ez diren seinale. Abuztua dute euren gabezia zuzentzeko. Horra hor liga batek erregulartasuna zenbateraino saritzen duen hiru adibide garbi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.