Euskal rockaren «deskonexioari» buruzko dokumental bat ondu dute

Kanalduden ematen ari dira 'Esker 1000' lana, eta film laburren zirkuituan sartuko dute gero
Besteak beste, Niko Etxart musikaria elkarrizketatu dute <em>Esker 1000</em> dokumentalean.
Besteak beste, Niko Etxart musikaria elkarrizketatu dute Esker 1000 dokumentalean. KANALDUDE

Edu Lartzanguren -

2018ko uztailak 12
Rocka gaurko gazteentzat zer ote den galdetu dio bere buruari Jon Eskisabel Badok musika plataformako arduradunak. «Hori gure gurasoek entzuten duten musika da», erantzun du adituak, gazteen lekuan jarrita. Euskal Herrian rockak izan duen garrantzia eta gaur gazteen artean sumatzen den «deskonexioa» aztertzeko, dokumental bat egin dute Patxi Irigoienek, Josu Artutxak eta Iñigo Otaegik. Kanalduden emango dute bihar, 18:00etan, eta igandean, 20:00etan. Laster, nahieran ikusi ahalko da.

Kanaldudek eskatuta egin du dokumentala Mondragon Unibertsitateko ikasle taldeak, gradu amaierako egitasmo gisa. «Nabaritu dut nostalgiatik eskaturiko egitasmoa dela», esan du Patxi Irigoien dokumentalaren zuzendariak. Semearen edo alabaren gelan sartzean gaztea reggaeton entzuten ari dela ikustean gurasoak «hartzen duen disgustua» da abiapuntua, Irigoienek azaldu duenez.

Rocka nagusi da oraindik

Euskal rockak bere buruari ezarritako mugak dira, beharbada, batzuek antzematen duten «gainbehera» horren sorburua, dokumentalgileen arabera. Popean ez erortzeko gorde beharreko gogortasuna eta hitzei eskatzen zaien kalitate handia aipatu dituzte muga zurrunen artean. «Baina Badok-eko arduradunarekin eta soziologoekin hitz eginez, konturatu gara gaur Euskal Herrian grabatzen diren disko gehienak rock estiloan sar daitezkeela», esan du Irigoienek.

Euskal rockaren paradoxa harrigarria da: 1960ko hamarkadan sartu zen, eta orduan askok gaitzetsi zuten, atzerriko kutsadura gisa. Orain, ematen du euskal musikaren esentziaren gordailua dela askorentzat. «Badirudi gaur rocka ez dela aldarrikapenerako eta salaketarako erabiltzen, rap kantari batzuk auzipetuta edo espetxean dauden bitartean», esan du egileak.

Denera hamabi elkarrizketa egin dituzte dokumentala osatzeko. Eskisabelez gain, Jon Andoni del Amo soziologoa, Gaztea irratiko esatari izandako Itziar Alduntzin, Niko Etxart, Mixel Ducau eta Gor diskoetxeko Marino eta Patxi Goñi daude tartean.

Horrez gain, gaurko taldeei ahotsa eman nahi izan diete dokumentalean. Liher taldeko Lide Hernando, Bi Balako Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga, Willis Drumondeko Jurgi Ekiza eta Joseba B. Lenoir elkarrizketatu dituzte. Hizkuntza hautuaz, merkatuaz eta lurraldetasunaz mintzatu dira, besteak beste. Askok rockaren hil-kanpaiak entzuten dituzten honetan, musikariak «nahiko itxaropentsu» daudela iruditu zaio Irigoieni. «Gaur talde zoragarri asko eta askoz musikari hobeak daudela adierazi dute. Jendearengana iristea da kontua».

Artxiboko irudiak erabili dituzte: Kortatu, Eskorbuto, Errobi eta beste hamaika talderen kontzertuak eta bideoklipen puskak ikus daitezke, baina baita garaiko giro soziopolitikoa azaltzeko irudiak ere. Dokumentalak 30 minutu irauten du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna