Bertsolariak, sukaldariak eta kirolariak ETB1en kantari gaur

'Gure kasa'-ko Antton eta Julen Telleria anaiek eta Aitziber Garmendiaren Zuriñe pertsonaiak gidatuko dute 'Gabon! Kantatzera gatoz' saioa

Antton Telleria, Zuriñe (Aitziber Garmendia) eta Julen Telleria, gaurko saioaren aurkezleak, grabazio egunean. ETB.
jakes goikoetxea
Donostia
2019ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Gabonak tradizio garaia izan ohi dira, eta ETBk ere eutsi egiten die Gabonetako tradizio propioei. Hala, gaurko Gabon gauean ere kantari jarriko du Euskal Herriko jende ezaguna, eta baita ezaguna ez dena ere. Gabon! Kantatzera gatoz izango da saioaren izena. 23:15ean eskainiko dute, bai ETB1en, bai Eitb.eus-en.

Aurkezleak izango dira berrikuntza nagusia. Gure kasa saioko aurkezleek gidatuko dute programa: Julen eta Antton Telleria anaiek eta Zuriñek —Aitziber Garmendiak jokatutako rola—. Aurreko lau urteetan, Herri txiki, infernu handi programako Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadizabalek aurkeztu izan dute, Herri txiki kantari izenarekin. Julen Telleriak badu eskarmentua ETB1eko Gabon gaueko kantu saioan, 2014koa aurkeztu baitzuen, Itziar Atienza aktorearekin.

Programa berezi horrek urteotan izan duen aurkezle zerrenda errepasatuta, programa propio bat egin dezake ETB1ek: Natxo de Felipe, Edurne Ormazabal, Joseina Etxeberria, Estitxu Fernandez, Julio Ibarra, Ilaski Serrano, Xabier Euzkitze, Kike Amonarriz, Itziar Atienza, Julen Telleria, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadizabal.

Kirolariak izango dira gaur gauean kantatu dutenetako asko. Realeko emakumeen futbol eta belar hockey taldeetako jokalariak, esaterako. Futbolekoek Espainiako Kopa irabazi dute aurten, Atletico Madrilen aurka. Belar hockeykoak, berriz, Europako txapeldunorde izan dira. Bi talde horiek jasoko dute Donostiako Udalaren 2020ko Urrezko Danborra, urtarrilean.

Orioko emakumeen traineruko arraunlariek —Kontxako estropada irabazi dute, lehen aldiz— Marean abestia abestuko dute, Nogen musika taldearekin batera.

Espainiako Lehen Mailako gizonen futbol taldeetako jokalariek ere kantatuko dute. Euskal Herriko bost talde ari dira aurtengo Ligan, eta horietatik lautako ordezkariak izango dira oholtzaren gainean, Din, dan, don abesteko: Athleticekoak, Eibarkoak, Osasunakok eta Realekoak. Alavesekoak faltatuko dira. «Sorpresatxo» bat ere izango da, EITBren arabera.

Goi mailako kirolean ari direnez gain, kirola utzi duten batzuek ere parte hartuko dute kantuan; aurten, txirrindulari ohiek: Leire Olaberriak, Markel Irizarrek—aurten utzi du txirrindularitza—, Haimar Zubeldiak, Iban Mayok eta Joseba Belokik.

Kirolari lotuta, ETBko pilota emanaldiak eskaintzen dituzten kazetariek eta pilotari ohiek ere abestuko dute gaurko programa berezian.

Kirolariez gain, beste klasiko bat: sukaldariak. EITBk hainbat sukaldaritza programa ditu, eta haietako aurkezleak jarriko ditu kantuan: Pili Manterola, Joseba Argiñano, Zigor Iturrieta, Ramon Roteta eta Javi Sierra.

Politikariek urtero abestu izan dute ETB1eko Gabon gaueko programan, baina gaur ez dira oholtzan izango. Eusko Legebiltzarreko diputatuen bideo bat eskainiko dute, Itoizen Lau teilatu kantatzen, EITBk bere maratoirako baliatu duen abestia.

Kantatzen dakiten artistek ere parte hartuko dute. Bertsolariek, esaterako. Anje Duhalderen kanta bat abestuko dute Maddalen Arzallusek, Onintza Enbeita Bizkaiko txapeldunak, Julio Soto Nafarroakoak, Jexux Mari Irazuk eta Iñaki Muruak.

Itziar Ituño aktoreak bere musika taldearekin parte hartuko du emanaldian. Anne Etxegoienek ere abestuko du.

Lajari omenaldia

Aipatzekoa da «hainbat trikitilari ospetsuk» Iñaki Garmendia Laja trikitilaria omenduko dutela. Aurtengo urtarrilean hil zen azkoitiarra.

Jende ezagunaz gain, ezezagunagoek ere kantatuko dute gaurko saioan: alde batetik, Aita Mari erreskate itsasontziaren proiektuko boluntarioek; bestetik, Olatz Salvadorrek jatorri ezberdinetako herritarrak bilduko ditu, elkarrekin sehaska kantu bat abesteko.

ETB2k ere izango du gaur Gabon gaueko programa berezia: Dancing Olite-Erriberri, musika eta dantza saioa izango da, Erriberritik (Nafarroa), Ion Aramendik aurkeztua, Gotzon Poza koreografoaren laguntzarekin. 22:00etan hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.