Arratsaldeak indartuko ditu ETB1ek, 'Biba zuek' saioarekin

Egunero, zuzeneko bost orduko eskaintza egingo du kateak. 'Alardea', 'Hondar ahoak' eta 'Altsasu' telesail laburrak estreinatuko ditu

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia, atzo, ETB1eko programazioaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Aurreko urteetan baino indar eta baliabide gehiago jarriko ditu aurten ETB1ek arratsaldeko programazioan: hilaren 14tik aurrera, Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak Biba zuek saio berria aurkeztuko dute egunero, 18:00etatik 20:00etara. Programako lehen partea solasaldi bat izango da gai zehatz bati lotua. Bigarren orduan, gonbidatu zentral bat izango dutela nabarmendu zuen atzo Arzallusek, ETB1eko programazioaren aurkezpenean, Donostian. «Elkarrizketa jolasti bat egingo dugu arratsaldero», gaineratu zuen bertsolariak. Sukia Euskadi Irratitik iritsi da ETB1era, gogotsu. «Tarteka umorea ere izango dugu saioan», iragarri zuen. Saioa zuzenean egingo dute, Miramongo estudioan.

Egunotan Frantziako Tourra ematen ari da ETB1, bazkalosteetan. Urriaren 3tik 25era, Italiako Giroa emango du. Urriaren 26an, berriz, Ahoz aho saioa itzuliko da ETB1era —martxoan programaziotik kendu zuten—. Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 18:00etara emango dute saioa. Saioa Martijak eta Ilaski Serranok gidatuko dute. «Kolaboratzaile eta aditu sare berezia izango dugu», iragarri zuen Serranok.

ETB1eko zuzeneko beste saio bat Eztabaidan izango da. Astelehenean itzuliko da, eta udaberrian egin moduan, Klaudio Landak aktualitateko gaiak jorratuko ditu solaskideekin. Astelehenetik ostegunera emango dute, 21:30etik 22:30era. Modu horretan, zuzenekoen bost orduko eskaintza egingo du egunero ETB1ek.

Late night-ean ahalegin bat egin zuen iaz kateak, Egunak egin du saioarekin. Xabier Aurrekoetxea ETB1eko programen zuzendariordeak azaldu zuen late night-eko saioak erakargarriak direla, baina aurten ez dituztela egingo. «Une honetan, arratsaldean egin da apustua, programazioa orekatuagoa izan dadin».

ETB1ek, era berean, ez du gehiago Gure kasa saioa egingo. «Programak bere ibilbidea egin zuen, eta pozik gaude horrekin. Baina koronabirusa iritsi zenean, zuzeneko saio bat behar genuen ordutegi horretan. Eztabaidan saioak aukera eman zigun hori egiteko».

Gaur egun-en aurreko tartea Iparraldearen orena-k beteko du astelehenetik aurrera, 19:50ean.

'Barre librea', ostegunetan

Gauei dagokienez, 22:30eko saioetan, askotariko eskaintza egingo du ETB1ek. Datorren asteartean bertan, Itzulera saioa estreinatuko du kateak. Agustin Ezenarrok aurkeztuko du programa hori, etasei kirolari jarriko dituzte beren bizitzako kontakizunak partekatzen: Xabier Mikel Errekondo, Oskar Lasa, Arantxa Orbegozo, Nagore Osoro, Markel Irizar eta Imanol Agirretxe.

Datorren ostegunean, berriz, Barre librea umore saioa itzuliko da programaziora. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak gidatutako saioan, zenbait esketx kalean grabatuko dituzte.

Herri txiki, infernu handi saioaren zazpigarren denboraldia hilaren 13an hasiko da, ohiko formatuan.

Larunbat gauetan, Oholtzan saioko emanaldiek jarraituko dute. Aurretik, ordea, datozen asteetan Hitzetik hortzera ikusi ahalko da, 21:00etan —Giroa amaitzen denean, igande bazkalosteko ordutegira itzuliko da—. Hilaren 12an abiaraziko dute bertsolaritza saioaren denboraldia.

Ur handitan programako lantaldeak saioa «eraberritu» egingo duela iragarri zuen atzo Xabier Madariagak. Urriaren 20an ekingo diote denboraldiari, izen berri batekin. «Azkeneko hamarkadatako gertaera garrantzitsu batzuk gogoratuko ditugu», azaldu zuen Madariagak.

ETB1ek badu historia saio bat, Itxi liburuak, baina noiz itzuliko den ez dute argitu. Itzulera data badu, ordea, Teknopolis zientzia saioak: irailaren 26a.

Sukaldaritzak bi tarte izango ditu aurten ETB1en: Joseba Argiñano Sukalerrian —hilaren 21etik aurrera, 13:15ean— eta Txoriene —urriaren 26tik aurrera, 15:00etan—.

Aurkezpenean, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak adierazi zuen urte «berezi» honetan ETB1ek «sufritu» egin duela. «Sufritu duenez, ahalegin berezia egin behar dugu gure ETB1 berpizteko». Programazio «erakargarria, egonkorra eta identifikagarria» egiten saiatuko dira.

Go!azen-en denboraldi berriaz gain, hiru telesail labur estreinatuko ditu ETB1ek. «Fikzioan sinistu izan dugu betidanik. Baina fikzio ona egiteko baliabideak eta planifikazioa behar dira», esan zuen Iturbek. Hiru telesailakhauek dira: Alardea —K2000k ekoitzia—, Hondar ahoak —Txintxua Filmsek sortutako suspensezko fikzioa— eta Altsasu —Nafarroako herriko gazteen auzian oinarritua; Baleukok ekoitzia—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.