Disney Plus martxoaren 31n iritsiko da Euskal Herrira

Herbehereetan, Kanadan eta AEBetan, asteartean jarriko dute martxan zerbitzua. Marvel, Pixar eta 'Star Wars'-en edukiak ditu

Disney Plus streaming bidezko plataformaren menua. Eduki ugari ikusi ahalko dira, hilean kuota bat ordainduta. EFE.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Edukietan eta hitzarmenetan inbertsio handiak egin eta gero, Disney konpainiak datorren asteartean jarriko du martxan bere streaming bidezko plataforma: Disney Plus. Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan eta Herbehereetan izango dute estreinaldia, eta, handik zazpi egunera, Australiara eta Zeelanda Berrira iritsiko da zerbitzua. Euskal Herrira eta Europako mendebaldeko beste herrialde batzuetara, berriz, martxoaren 31n helduko da. Plataformaren katalogoa aldatu egin daiteke herrialde batetik bestera, Disneyk iragarri duenez.

Disney Plusen katalogoaren barne, Marvel, National Geographic, 20th Century Fox, Pixar eta Star Wars-eko edukiak ikusi ahalko dira. Hain zuzen ere, Star Wars-en unibertsoko telesail bat izango da astearteko estreinaldirik entzutetsuena: The Mandalorian. Jon Favreau da telesail horren sortzaile eta ekoizle eragilea. Aktoreen artean, berriz, Nick Nolte, Gina Carano, Giancarlo Esposito eta Pedro Pascal daude. Azken horrek nabarmendu du ekoizpeneko arduradunek iradoki ziotela arreta jartzeko Akira Kurosawaren eta Sergio Leoneren filmetan. Sari bila dabilen pertsonaia baten bakardadea da istorioaren ardatza. Zortzi atal izango dira, eta astero atal bat estreinatuko dute. Favreau bigarren denboraldian ari da lanean dagoeneko. Star Wars-en unibertsoarekin lotutako beste bi telesail ere egingo dituzte datorren urtean.

Asteartean bertan, Pixarren animaziozko lau film labur estreinatuko dituzte plataforman—sail bereko bosgarrena abenduan iritsiko da, eta seigarrena, urtarrilean—. Baita Pixar etxearen beste bi saio ere: Forky asks a question —pertsonaia berri bat Toy story-ren munduan sartuko dute— eta Pixar in Real Life —Pixarren animaziozko pertsonaiek bizitza propioa izango dute mundu errealean, eta kamera ezkutu batekin jokatuko dute—.

Zinema eskaintzari dagokionez, Avengers: Endgame filma—zineman inoiz diru gehien bildu duen ekoizpena— jarriko dute hasieratik katalogoan. Tartean izango dira, baita ere, Marvelen beste zinta batzuk ere. Marveleko pertsonaietan oinarritutako hainbat telesail ari dira prestatzen, gainera, datozen bi urteetarako.

Dokumentalen artean, The Imagineering Story izango da ikusgai. Disneyren parke tematikoetako atrakzioetan murgilduko da lan hori. The World According to Jeff Goldblum saioan, berriz, AEBetako aktoreak inguruko kontuen inguruan ikasteko duen jakin-mina azalduko du. Eta, Marvel's Hero Project dokumental saioan, AEBetako komunitateetan aldaketa itxaropentsuak egiten ari diren gazteen istorioak kontatuko dituzte. National Geograpchicen hogei dokumental saio baino gehiago ere izango dira ikusgai.

Herbehereetan, harpidetza kuota hilean 6,99 eurokoa izango da, eta Euskal Herrikoa ez da hortik oso urrun egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.