Mokaduen plataforma iritsi da

Euskal Herrian ikus daiteke Quibi eskuko telefonoetarako ikus-entzunezko laburren eskaintza

Quibiren eskaintzaren itxura, sakelakoetan. QUIBI.
jakes goikoetxea
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Quibi du izena: Quickbites hitzen hasierekin osatu dute izena, eta euskaraz hozkada azkarrak edo mokadu azkarrak gisa itzul daiteke. Ikus-entzunezko hozkadak edo mokaduak dira, ordea: begi-belarriekin jatekoak. Izenak berak argi erakusten du bere muina. Hala ere, komunikabideei eta ikus-entzunezkoei buruz idazten duten kazetariek abizena ere jarri diote: sakelakoetako Netflix edo Netflix txikia.

Euskal Herrira iritsi da AEB Ameriketako Estatu Batuetan sortutako Quibi plataforma berria. Apirilaren 6tik dago eskura. Ikus-entzunezko pilulak eskaintzen ditu, hamar minutu baino gutxiagokoak. Edukiak ingelesez dira, eta azpidatzietan ez dago euskarazko aukerarik.

Entretenimendua da plataforma berriaren oinarria. Haren eskaintzak hiru oinarri ditu: ataletan banatutako filmak; serieak eta dokumentalak; eta egunean jakin beharrekoak. Azken horien artean daude albisteak eta bizimoduari buruzko bideoak.

Harpidedunak erakartzeko, izarren alde egin dute: programak dituzte, esaterako, Megan Rapinoe futbol jokalariak, LeBron James saskibaloi jokalariak eta Jennifer Lopez aktore eta kantariak.

Telesailei dagokienez, nabarmentzekoak dira Sam Reimiren 50 states of fright eta SurviveGame of Thrones-eko Sophie Turner da aktore nagusia—. Horiez gain, programa arinak dira eskaintza nagusia, reality-ak eta dokusailak, horietako asko aktore edo pertsonaia ezagunetan oinarrituak.

Eta nor dago proiektuaren atzean? Alde batetik, Jeffrey Katzenberg, Dreamworksen sortzaileetako bat —Steven Spielbergekin eta David Geffenekin batera— eta Disneyko goi kargudun izandakoa; bestetik, Meg Whitman, eBay eta Hewlett-Packard erraldoi teknologikoetako kontseilari ordezkari izandakoa.

Whitmanek emandako datuen arabera, 1,7 milioi lagunek eskuratu dute aplikazioa, eta programaren bat ikusten hasi ziren hamar erabiltzailetik zortzik bukaerara arte ikusi zuten. Aintzat hartu behar da bideo laburrak direla.

Apustu handia egin dute. Inbertitzaileek mila milioi dolar (1.085 milioi euro inguru) utzi dizkiote proiektua abiatzeko eta sendotzeko.

8,99 euro hilean

Ohitura zabaldua da sakelakoan bideo laburrak ikustea. Gazteenen artean batez ere. Izan Youtubeko bideoak, Instagramekoak edo TikTokekoak. Eguneko denbora tarte hutsetan. Garraio publikoan edota atsedenaldietan. Taldean. Ikusle horiek erakarri nahi ditu Quibik. Youtube, Instagram eta TikTok doakoak dira, ordea. Eta Quibi ordaindu egin behar da: 8,99 euro dira hilean Euskal Herrian. Hori bai, lehenengo hiru hilabeteak doan eskaintzen dituzte.

Plataformak eskaintza zabala du, baina ikus-entzunezkoen kontsumitzaile amorratuenei, bideoak bata bestearen atzetik ikusten dituztenei, motz gera dakieke. Eskaintza etengabe elikatu beharko dute. Quibiko ordezkarien esanetan, jada telesailak eta bestelako produktuak hitzartu dituzte, besteak beste, Ridley Scottekin, Steven Spielbergekin eta Guillermo del Tororekin.

Quibik badu berezitasun bat. Haren eduki guztiak horizontalean edo bertikalean ikus daitezke, bi eratara ikusteko prestatuak baitaude, eta momentuan alda daiteke batetik bestera. Hori bai, bertikalean jarritakoan, formatu horizontalaren izkinak moztu baino ez du egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.