Hedabideekiko interesa hazi egin da, eta haien diru sarrerak, txikitu

Digital News Report ikerketa plazaratu du Oxford Unibertsitateko Reuters institutuak. Albisteen kontsumoa handitu egin da

Egunkari saltzaile bat, Guatemalan. Prentsa idatziko publizitateak beherantz egin du hilabeteotan. ESTEBAN BIBA / EFE.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisialdiak nabarmen handiagotu du mundu mailan albisteen kontsumoa, baina horrek ez die komunikabideei diru sarrera gehiago ekarri; kasu gehienetan, kontrakoa gertatu da, eta publizitate sarrerek beherantz egin dute. Digital News Report 2020 ikerketaren ondorio nagusietako bat da. Oxford Unibertsitateko (Ingalaterra) Reuters institutuak egiten du ikerketa hori, urtero, eta aurten munduko 40 herrialde hautatu dituzte inkestak egiteko.

Ondorioen artean, nabarmendu dute herritarrek telebista erabiltzen dutela informazio tresna nagusi gisa —azkeneko urteetan hori apaltzen ari zen—. Egunkarien banaketa fisikoak beherantz egin du konfinamenduaren eraginez, eta horrek eraldatzea ekarriko du, prentsa «erabat digitala» bilakatzen den arte.

Sare sozialek gorakada handia izan dute herrialde guztietan. Ikerketak Whatsapp aplikazioaren kontsumoa aipatu du: zenbait herrialdetan hamar puntuko gorakada izan du azkeneko hilabeteetan.

Beste alde batetik, herritarrek desinformazioarekiko duten kezka nabaria da oraindik ere; koronabirusaren krisialdiaren aurretik, herritarren erdiek baino gehiagok esaten zuten kezka zutela ea Interneteko albisteak faltsuak ala benetakoak ziren. Ia toki guztietan Facebook jotzen dute albiste faltsuak zabaltzekokanal nagusitzat —Brasilen eta Malaysian, Whatsapp da joera horren biderik erabiliena—.

Reuters institutuaren inkestaren arabera, hedabideen kontsumitzaileen %60k nahiago dituzte ikuspuntu zehatzik ez duten albisteak. Soilik %28k nahiago dute norbere ikuspuntuarekin bat datozen edo hura indartzen duten albisteak kontsumitu. Herritarrak, bestalde, deserosoago sentitzen dira propaganda politikoa sare sozialetan eta Interneteko bilatzaileetan agertzen denean telebistan ematen denean baino.

Aztertutako 40 merkatuak aintzat hartuz gero, herritarren %84k ez dute ordaintzen Interneten albisteak kontsumitzeagatik; dena den, harpidetza digitalen gorakada izan da Norvegian—%8 hazi da— eta AEBetan —%4 hazi da—. Harpidetza egiten duten gehienek edukien kalitateari ematen diote garrantzia. Populazioaren parte batek, dena den, esaten du aseta dagoela doako eskaintzarekin. Herrialde gehienetan, tokiko egunkariek eta hedabide digitalek indar nabarmena dute, baina joera bat iritsi da azkenaldian: herritarren %31k Facebookeko taldeak eta sare sozialak erabiltzen dituzte tokiko informazioa eskuratzeko.

Sare sozialen artean, 2018tik hona Instagram asko hazi da albiste iturri gisa: Reuters institutuaren aurreikuspenaren arabera, Instagramek Twitter gaindituko du informazio iturri gisa.

Telebista gorantz, ostera

Komunikabideak, bestalde, audientziarekin zuzeneko komunikazioa izateko tresnak ari dira erabiltzen: posta elektronikoa, sakelako telefonoetako alertak eta abar. AEBetan, herritarren %21ek albiste buletinak erabiltzen dituzte.

Podcasten kontsumoak gorakada handia izan du azkeneko urtean: inkestan parte hartu dutenen erdiek diote podcastek sakontasun eta ulermen maila handiagoa eskaintzen dutela beste formatu askok baino.

Azkeneko bederatzi urteetan, Internet bidezko informazioak tokia jan dio telebistari. Baina, koronabirusaren krisian, telebistak sekulako gorakada izan du zenbait herrialdetan. Telebista publikoetara jo dute herritar askok informazio fidagarriaren bila. Alemanian, adibidez, urtarriletik apirilera telebistako informazioak gorantz egin du, eta Interneteko albisteen kontsumoak, apur bat beherantz. Erresuma Batuan, gazte asko itzuli da telebista tradizionala ikustera: 35 urte baino gutxiagoko herritarren artean, telebistako albisteen kontsumoak 23 puntu egin du gorantz koronabirusaren krisialdian.

Marka handiek Interneten bisitari ugari izan dituzte; BBCk 70 milioi bisitari izan zituen konfinamenduaren hasieran. Dena den, ohartarazi behar da brexit-aren krisialdiaren eraginez 2018tik 2020ra jaitsi egin dela britaniarrek BBCrengan duten konfiantza.

AEBetan, telebistak alderdikoiagoak bihurtu dira, eta ikus-entzuleek norbere ikuspuntua duten kateak hautatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.