«Inoizko bildumarik zabalena» osatu du Behategiak

'Euskal hedabideen urtekaria 2019' 26 egileren hamalau artikuluz ondu dute. Gaurtik aurrera irakurgai izango da Behategiaren webgunean

Euskal hedabideen urtekaria argitaratuko du gaur Behategiak. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Hedabideen Behategiaren laugarren urtea izan da 2019a, eta, iazko urteari begiratu sakona emateaz gain, «premiazkoak» diren hainbat eztabaidagai eta azterketa jaso dituzte urtekarian. Hamalau laneko bilduma da Euskal Hedabideen Urtekaria 2019, 26 egileren begiradek eta Euskal Hedabideak elkarteak osatutako diagnostikoa eta gogoeta. «Inoizko bildumarik zabalena», bai egileen aniztasunagatik, bai gaitegiaren aberastasunagatik, bai lanaren bolumenagatik. Urtekaria deitzen den arren, dagokion urteaz harago doazen azterketa eta gogoeten bilduma da. Gaurtik aurrera, sarean egongo da irakurgai, doan; paperezko edizioa ere atera dute.

Hasteko, Hekimen euskal hedabideen elkarteko koordinatzaile Igor Astibiak urteko kronika idatzi du.

Bigarren lana EHUko irakasle, ikertzaile eta BERRIAko kolaboratzaile Miren Manias Muñozek sinatu du: Ikus-entzunezko kontsumo ohituren aldaketa, aktore globalak eta euskarazko edukiak. Artikulu horretan, ikus-entzunezkoen kontsumo ohituren aldaketetatik abiatuta, aktore globalen xehetasunak eta itsaso infinitu horretan sakabanatutako euskarazko edukien lekukotzak bildu ditu.

Aurten bi lan sinatu dituzte euskal hedabideen sektorean lanean ari diren kazetariek: Zurriolako Butaka telebista saioa: zazpiak bat, euskal zinemaren berri emateko eta Bai, irratia; NAIZ irratia. Irratiaz mintzo da bosgarren lana ere: Gazteria eta irratia aro digitalean: nazioarteko praktiken azterketa, euskal gazteen iritziak eta aurrera begirako proposamenak. Mondragon Unibertsitateko ikasle eta irakasle Andrea Aranburu Goienetxea, Maider Arrotxa Herrero, Xabier Perez Vitoria eta Aitor Zuberogoitia Espillak Euskal Herriko gazteen musika eta entretenimendu edukien kontsumoa ikertu dute, euskarazko eskaintzan sumatzen dituzten hutsuneak identifikatzeko asmoz, eta Gaztea irratiarentzako proposamen bat eman dute argitara.

Seigarren lanaksegida eman dio iaz abiatutako arnasa luzeko kazetaritzaren inguruko ikerketari. Fast or slow: zein da albisteen geroa? izeneko lana sinatu dute EHUko HGH ikerketa taldeko Itsaso Manias Muñoz, Guillermo Gurrutxaga Rekondo eta Txema Ramirez de la Piscinak. Aldakortasuna, azkartasuna eta aniztasuna dira nagusi gizartean bezala komunikazioan ere, eta testuinguru aldakor horren abiaduraren aterkipean mintzo dira artikulu horretan albisteen geroaz.

Arantza Gutierrez Pazen sinadurapean dator zazpigarren lana: Migrazioa eta kultur aniztasunaren tratamendua Hego Euskal Herriko tokiko euskal prentsan.

Zortzigarren eta bederatzigarren lanek ohiko tandema osatzen dute: lehenik, euskal hedabideen analitikak dituzte hizpide. CodeSyntax enpresako Josu Azpillaga Labakak eta Mikel Lizarralde Asurmendik, berriz, 2019an Hekimen elkartearen webguneetan izandako 28,5 milioi saioen nondik norakoak aletu dituzte, %18ko hazkundea azaltzeko asmoz. Bigarrenik, sare sozialetako analitikak jasotzen ditu Euskarazko komunikabideak besteen bihotzetan: Facebook eta Instagram sareen su beroa lanak; Behategiko koordinatzaile eta EHUko Nor ikerketa taldeko Libe Mimenzak Instagram sareko datuak bildu ditu.

Gazteek gustuko dituzten ikus-entzunezkoak da hamargarren artikulua. Applika ikerketa proiektuko kide eta EHUko Nor ikerketa taldeko ikertzaile Edorta Aranak, Bea Narbaizak eta Jon Iriartek idatzi dute.

Hamaikagarrena bi lanek osatutako blokea da. Artikulu nagusia Elhuyar Fundazioko I+G unitateko Zuhaitz Beloki Leitzak eta Xabier Saralegi Urizarrek idatzitakoa da: Euskarazko prentsaren narratibaren ardatz geografikoak aztertzen testuen meatzaritza eta Wikidata uztartuz. Blokea osatzeko, gaiarekin lotutako artikulu bat idatzi dute Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile Eneko Bidegain Aire, Ainhoa Larrañaga Elorza eta Zuriñe Maguregi Sanchezek: Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan: Izenik ez duenak ba al dauka izanik? Izanik ez duenak eduki ote dezake izenik?

Hamabigarren blokea 2019ko euskal hedabideen sektoreko gertakizun nagusia biltzen duen atala da: Euskara hutsezko hedabideak eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak: 1980-2020.

Euskal Hedabideak: Iparraldeko egoeraren diagnostikoa da urtekariko hamahirugarren lana, Ipar Euskal Herriko euskal hedabideek elkarrekin ondutakoa.

Azken azterketa EHUko Heka taldeko proiektuburuak sinatu du, Iñaki Zabaletak: Minoritatetasuna erraietan. Europako hizkuntz minoritateen hedabideak eta kazetaritza: errealitatea, garapena eta funtzioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.