Herritarren %31k ez dute inoiz ikusten ETB; %28k, egunero

Euskal Soziometroaren inkestaren arabera, herritarrek ETB1ekin baino identifikazio handiagoa dute La Sextarekin eta Tele5rekin

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 27
Eusko Legebiltzarrean iaz sortutako EITBren erreforma integralerako lantaldeak hala eskatuta, Eusko Jaurlaritzak inkesta bat egin du hedabideen eta EITBren inguruan. ETBko kateak ikusteko maiztasunaz galdetu zaienean, herritarren %31k esan dute ez dutela inoiz ikusten Euskal Telebista. Egunero edo ia egunero ETB ikusten dutenak, berriz, %28 dira.

«Zein telebista katerekin sentitzen zara identifikatuen, zein sentitzen duzu gehien zure telebistatzat?» galdera egin diete inkestan parte hartu dutenei, eta ETB2 katea da identifikazio handiena sorrarazten duena. Ondoren, La Sexta eta Tele5 kateak daude, eta ETB1 laugarrena da. Euskarazko katetik hamarren batera daude gero Antena3 eta La1 kateak.

Irratietan, SER kateak sortzen du identifikazio handiena —alde dezente du bigarrenarekin—; gero, Los40 irrati formula dago, eta jarraian Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Gaztea ageri dira.

Hizkuntzen erabileraren aukerei buruzko galderak egin dituzte inkestan: %44k ontzat jo dute ETB2n euskara gehiago erabiltzea gaztelaniazko azpidatziekin, baina %41 horren aurka daude. Azken urteetan eztabaidagai izan da albistegietan adierazpenak egiten dituztenek nahi duten hizkuntzan hitz egiteko aukera. Herritarren %67k ontzat dute elkarrizketatuei aukera hori ematea eta azpidatziak jartzea albistegiaren hizkuntzan ez bada, eta soilik %16 daude aurka. ETB2n edo Radio Euskadin guztiz edo neurri batean euskaraz diren programak emateko aukerari buruz, berriz, %43k esan dute alde daudela, eta %51k «nahiko gaizki» edo «oso gaizki» deritzote.

Fidagarritasuna aipagai

Bestetik, ETB1en kalitatea «handia» dela diote %6k —duela zazpi urte baino hamarren bat gutxiago—. Herritarren %32k dio «nahikoa» dela katearen kalitatea, %17k kalitate «gutxi» duela, eta %3k «batere ez» duela. %42k ez du iritzirik eman ETB1eko kalitatearen inguruan —2011. urteko inkestan, %23 gelditu ziren arlo horri buruz iritzia eman gabe—. Euskadi Irratiak datu hobeak ditu: %17k dio «oso ona» dela, eta %57k «ona». %21ek dio Gaztea «oso ona» dela.

ETBko albistegiei buruz, bestalde, nabarmendu du Europan fidagarritasun handiena duen telebista publikoen artean laugarrena dela —esan dute askoz txikiagoa dela Espainiako telebista publikoaren fidagarritasuna albistegietan—. 2016ko azaroko Europako Batzordearen Special Eurobarometer inkesta hartu dute beste herrialdeekin alderatzeko. «Presio politiko eta komertzialetatik libre dagoen informazioa» atalari dagokionez, soilik herritarren %7k diote EITB presio horietatik libre dagoela; Finlandian, Danimarkan eta Herbehereetan dituzte ehuneko handienak presiorik ez dagoela dioten erantzunetan.

Inkestari buruzko ETBko albistean, genero berdintasunarekin egin dute autokritika. Gizonen eta emakumeen presentzia orekatuari 6,2ko puntuazioa eman diote inkestan 10etik, eta emakumeak eta gizonak berdintasun egoeretan aurkezten dituzten programen nota 5,9koa izan da.

Inkestak datu argigarriak utzi ditu EITBko eskaintzaren ezagutzarik ezaz: %73k ez dute ezagutzen EITBren webgunea, eta %48k ez dute ezer erantzun ETBn faltan sumatzen dituzten saioen inguruan galdetutakoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna