Emakume kazetarien jazarpen kasu gehienak generoarengatik dira

Ikerketa egin du Nazioarteko Kazetarien Federazioak, eta zigorgabetasuna salatu du

Edu Lartzanguren.
2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Emakumezko kazetariek sare sozialetan jasotzen dituzten erasoen inguruko ikerketa egin du Nazioarteko Kazetarien Federazioak: ondorioztatu duenez, hiru kazetari emakumezkotik bik jazarpena pairatu dute Interneten, eta, kasuen %66an, emakume izateagatik jaso dute erasoa.

Txostengileek nabarmendu dutenez, kazetarien artean gizonezkoek zein emakumezkoek jasotzen dituzte erasoak, baina eragina ezberdina da bi kasuetan. «Internet bidezko irainek kalte ikaragarria egiten diete emakumezko kazetariei, haien bi hereni eragiten dielako», idatzi dute txostengileek. «Trauma psikologikoa sortzen die, eta autozentsurara eramaten ditu, besteak beste».

Kantitateaz gain, kalitatezere ezberdina da jazarpena, ikertzaileen arabera, emakumezkoen kasuan erasoak, batez ere, generoarengatik egiten dituztelako, hau da, erasotzaileek kazetariak hartzen dituzte jomugan emakumeak direlako; ez da horrela gertatzen gizonezko kazetarien kasuan. Irain sexistak, itxurarengatik umiliatzeko saioak eta bortxatzeko mehatxuak dira ohikoenak, erasoen artean.

Galdeketa egin du erakundeak kazetarien artean. Emakumezkoen %48k erantzun dute irain sexistak jaso dituztela, %22ri irudi lizunak bidali dizkiete ezezagunek, eta %14ri bortxatzeko mehatxuak egin dizkiete.

Twitter uzteraino

Hiru kazetariren lekukotasunak nabarmendu dituzte txostengileek. Myriam Leroy kazetari belgikarrak erantzun duenez, milaka irain eta bortxatzeko mehatxu jaso ditu berak, eta ehunka hiltzeko mehatxu, «beti sexu kutsuarekin».

Biktimen %53k soilik salatu ditu erasook hedabideetako zuzendaritzen, sindikatuen edo poliziaren aurrean, eta salatu direnen hiru kasuetatik bitan «ez da ezer gertatu». Gehienek ez dute salatu, horrek eraginik ez zuela izango iritzita, edo egoerak euren lanari kalte ez egiteko.

Alexandra Pascalidou kazetariak ikerketan adierazi duenez, lankide askok utzi dituzte Twitter eta beste sare sozialak erasoen ondorioz. «Babesgabe sentitzen ziren hor kanpoan».

Laura Crespo kazetari espainiarraren kasua nabarmendu du Nazioarteko Kazetarien Federazioak: gizon batek irainak egin zizkion etengabe, emakumezkoen futbolaren berri ematen zuelako. Paraguayko Noelia Diazek erasoak pairatzen ditu oraindik ere, feminismoaren inguruan idazteagatik. Belgikako Florence Hainautek kontatu duenez, hainbat astez ez zen etxetik ateratzen ausartu, «labana batekin ez bazen».

Zigorgabetasuna da nagusi halako kasuetan. Ikerketaren emaitzen arabera, salaketen %13tan baino ez dute erasotzailea identifikatu edo epaitu. «Enpresek salaketak aintzat hartzea exijitzen dugu», esan du Anthony Bellanger Nazioarteko Kazetarien Federazioko idazkari nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.