49 kazetari hil dituzte aurten: 2003tik izandako kopuru txikiena

Mexikon hamar kazetari hil dituzte, Sirian adina. 389 kazetari kartzelan daude, iaz baino %12 gehiago. Txinak du kazetari preso gehien

Francisco Romero kazetaria Mexikoko Playa del Carmen herrian hil zuten, maiatzaren 16an. STR / EFE.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Mugarik Gabeko Kazetariekjakinarazi dutenez, aurten kazetari gutxiago erail dituzte aurreko hamabost urteetan baino. Munduan 49 kazetari hil dituzte aurten beren ogibideari lotuta, iaz baino %44 gutxiago. Hilketa horietatik hogei gerran dauden herrialdeetan gertatu dira, eta beste 29ak,gerrarik ez dagoen herrialdeetan. Izan ere, Mugarik Gabeko Kazetariek nabarmendu dute «bakean» dauden herrialdeetan daudela orain hilketa gehiago. Mexikon hamar kazetari hil dituzte aurten, iazko kopuru berbera. Herrialde horretan «inpunitatea sekulakoa» dela salatu dute Mugarik Gabeko Kazetariek, eta, aldi berean, Mexikoko autoritateen «eraginkortasunik eza» kritikatu dute.

Eraildako kazetarien kopurua txikiagotu egin da, berriz, Sirian, Iraken, Yemenen eta Afganistanen. Aurreko sei urteetan baino kazetari gutxiago hil dituzte aurten Sirian: hamar. Gerraren hasieran, 2012an, 64 kazetari hil zituzten, eta 2013an, 69.

Yemenen ere nabarmen jaitsi da kazetari erailen kopurua: iaz zortzi kazetari hil zituzten han, eta aurten, bi. Antzekoa gertatu da Afganistanen: iaz hamasei kazetari hil zituzten, eta aurten, bost. Arazoa da Afganistanen lanean ari diren atzerriko berriemaileen kopurua bi aldiz txikiagoa dela gaur egun duela bost urte baino.

Txina eta Turkia

Hildako kazetarien kopurua murriztu egin da munduan, baina espetxeratutako kazetariena handitu egin da. Hilabete honetan, munduan 389 kazetari preso daudela zenbatu dute Mugarik Gabeko Kazetariek, iaz baino %12 gehiago —aurreko urtean ere gorakada egon zen: %7koa—.

Txinan nabarmen egin du okerrera adierazpen askatasunak. Urtebetean, bikoiztu egin da espetxeratutako kazetarien kopurua, eta dagoeneko 120 daude preso. Egipto eta Saudi Arabia dira kazetari preso ugari dituzten beste bi herrialde: 34 eta 32, hurrenez hurren. Sirian, 26 kazetari daude kartzelan, eta Vietnamen, 25.

Turkiako egoera ere ez da batere samurra, eta gutxienez 25 kazetari preso daude. Gertatzen ari dena da, gainera, zenbait kazetari espetxetik atera eta handik gutxira berriro espetxeratzen dituztela. Epaiak ez dira irmoak. Ahmet Altan kazetariaren kasua da horietako bat: 2018ko otsailean, bizi guztiko zigorra jarri zioten; aurten, azaroaren 4an, hamar urte eta sei hilabeteko zigorra jarri zioten, baina, berehala, auzitegiak baldintzapean aske utzi zuen. Handik egun gutxira, Poliziak berriro atxilotu zuen Altan, beste epai batek baliogabetu zuelako hura aske geratzea. Litekeena da Turkian kazetari preso gehiago egotea Mugarik Gabeko Kazetariek zenbatutakoak baino, erakunde horrek berak adierazi baitu kazetarien defentsan aritzen diren elkarte askoren ordezkariak atxilotzen ari direla azkenaldian.

Kazetarien hilketen eta espetxeratzeen datuak emateaz gain, Mugarik Gabeko Kazetariek jakinarazi dute egun 57 kazetari daudela bahituak —iaz bezala—. Estatu Islamikoak ditu bahituak kazetari horietatik 24. Sirian dago bahitu gehien: 30.

Caruanaren auzia

Europan, nabarmentzekoa da IRA Berriak Lyyra Mckee kazetaria hil zuela tiroketa batean Derryn (Ipar Irlanda), apirilean. «Barkamena» eskatu zuen talde armatuak.

Beste hilketa batek, bestalde, Maltako egoera politikoa astindu du. Daphne Caruana Galiza kazetariaren hilketarekin —2017an gertatu zen— lotura zuzena izan zuen lehen ministroaren kabineteburuak; horrek berekin ekarri du lehen ministroak iragartzea urtarrilean dimitituko duela. Caruana Galizaren seme Matthewk —kazetaria da— Mugarik Gabeko Kazetarien aurkezpenean parte hartu du, eta deitoragarritzat jo du Maltan prentsa askatasunik ez egotea. «Herrialde ustela da Malta. Baina espero dut nire amaren hilketa ikertzen ari direnek askatasuna izatea beren lana egiteko».

Europako Batzordeak, bestalde, erreformak bizkor egiteko eskatu dio Maltari, epaileen eta fiskalen independentzia bermatzeko. Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioak gutun bat bidali dio Maltako Justizia ministroari, Caruana Galizaren hilketaren ikerketa independentea bermatzeko eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.