Plex aplikazioa plataforma digitalen lehia estura batu da

Ikus-entzunezko edukiak dohainik ikusteko aukera ematen du Plex zerbitzuak. Edukiak igo ere egin daiteke, eta nahi bezala kudeatu

Plex plataforma digitalaren hainbat aukera: filmen atala, podcast formatuen atala eta ikuskizunen atala. BERRIA.
Nagore Arin.
2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Beste lehiakide bat dute ikus-entzunezko edukiak eskaintzen dituzten plataforma digitalek. Plex du izena, eta lehen pausoak 2010. urtean eman zituen arren, azken hilabeteetan izan du sonarik handiena. Ikus-entzunezko ugari biltzen dituen plataforma bat da, eduki horiek guztiak kudeatzea ahalbidetzen duena. Streaming bidez funtzionatzen du, eta ikus-entzunezko formatu guztietako edukiak ikus daitezke: dohainik. Hain justu, doako zerbitzu bat izatea da beste plataformetatik bereizten duen ezaugarria; izan ere, eskaintza urriagoa duen arren, edonork kontsumi ditzake ikus-entzuneko guztiak. Filmak ikusteko ez ezik, podcast ugari entzuteko aukera ematen du aplikazioak. Atal horiez gain, ikuskizunen txoko bat, albisteak biltzen dituen atari bat, musikari lotutako sail bat eta telebista ikusi ahal izateko gune bat biltzen ditu plataformak.

Zerrenda sorta asko biltzen ditu eduki mota bakoitzeko. Pelikulen kasuan, adibidez, gaiaren arabera bereizita ageri dira. Eskaintzari dagokionez, berriz, 2019. urtean estreinatutako film gutxi daude: Jordan Hillek zuzendu duen Freddie Mercury: The King of Queen filma dago horien artean. 2018. urtean estreinatu zirenen artean, Bob Marley: Roots of the Man filma aurki daiteke. Podcast formatuen kasuan, apur bat zabalagoa da eskaintza hori: ezagunenetariko bat TED Talks Daily izeneko podcast sorta da, TED erakundeak ekoitzia. Hala, Netflix, HBO, Amazon Prime edo bestelako plataforma digitaletan ikus daitezkeen edukiak topatu daitezke Plex plataforman ere; kasu honetan, ordaindu beharrik gabe.

Iragarkiak daude plataforma digitala doan izatearen atzean. Iragarkiak dira zerbitzuaren diru iturri nagusia; izan ere, edukia kontsumitzearekin bat, iragarki horiek ere kontsumitzen dituzte ikus-entzuleek. Hala ere, iragarki kopurua telebista tradizionalekoa baino txikiagoa da. Edukiari so, oraindik nahiko murritza da ikus-entzunezkoen eskaintza. Hizkuntzari begira ere eskaintza oso urria da: ingelesa da nagusi.

AEBetan sortu zen plataforma; hori dela eta, edukia oraindik nahiko bideratuta dago AEBetako bezeroaren profilera. Hemendik aurrera, eskaintza hori zabaltzea da lantaldearen asmoa. Datuen arabera, Plex plataforma 220 herrialdetan baino gehiagotan egongo da eskuragarri, tartean Euskal Herria.

Kudeatzaile bat

Ez da kontsumoa Plex zerbitzuak eskaintzen duen gauza bakarra. Norberaren edukiak igo eta nahi bezala antolatzea ahalbidetzen du: hala bideoak nola argazkiak eta kantuak. Gainera, norberaren eduki horiek beste gailuetan ere erreproduzitzeko aukera ematen du. Disko gogor baten bitartez, posible da gailu bat beste batekin konektatzea, eduki hori bezeroak nahi duen bezala kontsumitzeko. Aplikazio hori telefono batean ala ordenagailu batean deskargatu daiteke: Android zein iOS sistema eragileetan dago erabilgarri.

Doako zerbitzu bat baldin bada ere, Premium formatua ere badu. Formatu horren bidez, bezeroek eduki eskaintza zabalagoa izango dute. Esaterako, musika zerbitzu propio bat, filmen zerbitzu propio bat eta telebista zerbitzuaren hainbat hobekuntza biltzen ditu Premium formatuak. Oraingoz, hiru ordainketa mota plazaratu dituzte, bakoitzaren beharretara egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.