Telesailen ipar haizea Cannesen

Europa iparraldekoak dira martxoko Canneseries jaialdiko sail ofizialeko telesail gehienak

Polina Maksimova, 257 reasons to live telesaileko aktore nagusia, fotograma batean. START.
jakes goikoetxea
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Telesailek ere badituzte jaialdiak, eta Cannesen ez dute zinema jaialdia soilik egiten. 2018tik, telesailen jaialdi bat ere badute: Canneseries. Martxoaren 27tik apirilaren 1era egingo da aurtengoa, eta atzo jakinarazi zituzten sail ofizialean lehiatuko diren hamar telesailak. Europa iparraldekoak dira gehienak.

'257 REASONS TO LIVE'

Telesail errusiarra, errusiar mendia. 30 urteko Zhenyak minbizia gainditu du. Albiste ona da. Baina, minbizia gainditu eta gero, haren bizitzak gain behera egingo du: etxerik gabe geratuko da; lanik gabe, lankideek ez baitzuten espero bueltatuko zenik; bikotekiderik gabe, penagatik jarraitzen baitzuen berarekin... Egoera horretan, dena galduta, Zhenyak aspaldi idatzitako zerrenda bat aurkituko du, gaixo zegoela idatzitakoa, hobeto sentitutakoan egin beharreko ekintzena. Eta Zhenyak bata bestearen atzetik egiteari ekingo dio.

'ATLANTIC CROSSING'

Telesail norvegiarra da. 1940. urtea, Bigarren Mundu Gerra. Naziek Norvegia hartu dute, eta Martha printzesak erbestera jo du, ihesi. Ez edonora: AEBetara, Etxe Zurira, Franklin D. Roosevelt presidentearen babesera. Martha printzesak eragina izango du Rooseveltek Bigarren Mundu Gerrarekiko duen jarreran.

'DIGNIDAD'

Txileko eta Alemaniako ekoiztetxeen koprodukzio bat da. Paul Schaefer naziak Colonia Dignidad sekta sortu zuen Txilen. Jendea torturatu eta hil zuten bertan. Haurrez ere abusatu zuten. Leo Ramirez fiskalak Schaefer auzipetu nahi du; Ramirezek oso ondo ezagutzen du Colonia Dignidad: haren anaia bat sektaren egoitzan hil zen, eta Schaeferrek ordaindu zituen Ramirezen ikasketak, Alemanian, isilik egotearen truke.

'DNA'

Frantzia eta Danimarkako ekoiztetxeen telesaila. Rolf Larsen Kopenhageko poliziaren alaba desagertu egin zen: bost urte geroago, pista berri bat aurkituko du, eta alaba aurkitzen saiatuko da. Era berean, haur salerosketaren sare bat ikertuko du.

'LOSING ALICE'

Israeldarra. Faustoren kondairan oinarritutako istorioa da. Alice film zuzendaria da, handizalea. Obsesio bat du: Sophie, 24 urteko gidoilaria. «Telesailean erruduntasuna, jeloskortasuna, zahartzeko beldurra, haserrea eta emakumeen arteko harremanak jorratzen dira».

'MAN IN ROOM 301'

Thriller psikologiko finlandiarra. Kurtti familia hautsi egin zuen tragedia batek: tiroz hil zuten 2 urteko Tommi semea. Hamabi urte geroago, Grezian oporretan direla, Tommiren hiltzailearen antz handia duen gizon bat aurkituko dute.

'PARTISAN'

Telesail suediarra da. Jordnara, leku idilikoa. Elikagai organikoak ekoizten dituen etxalde bat. Johnnyk bertako lan eskaintza bat onartuko du, kamioi gidari izateko. Etxaldean gertatzen diren zenbait gauza susmagarriak dira berarentzat; haurrak salerosten dituztela uste du.

'THE GRAVE'

Israeldarra. Lurrikara batek zulo handi bat utziko du Israel iparraldeko naturagune batean. Hiru giza hezurdura aurkituko dituzte bertan, baina, hezurdurei DNA probak egindakoan, emaitza harrigarria izango dute: bizirik dauden hiru pertsonarenak dira: naturaguneko ikuskatzaile batenak, artista batenak eta preso batenak. Bi poliziak hezurdurak ikertuko dituzte, baina ez dute erantzun logikorik aurkituko.

'TOP DOG'

Suediarra. Philip haurra bahitu egin dute, eta elkarrekin zerikusirik ez duten bi pertsonak bat egingo dute: Emily abokatuak eta Teddy kartzelatik atera berria den presoak. Batak haurra aurkitu nahi du, bere abokatu bulegoko bezero nagusiaren semea delako; besteak, kartzelara sartu aurretik zuen bizitza atzean uzteko. Bi mundu ezberdinetakoak dira, baina bataren eta bestearen ezagutzak eta eskarmentua osagarriak dira Philip aurkitzeko.

'TRYING'

Komedia britaniarra da. Nikkik eta Jasonek haur bat nahi dute zoriontsu izateko, baina ez dute lortzen. Adoptatzeko garaia dela uste dute. Haien bizimodu kaotikoak, familiak eta lagunek, ordea, ez dirudite ingururik egokiena haur bat hezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.