Josetxo Zaldua kazetari eta iheslaria zendu da Mexikon

1983an 'La Jornada' egunkaria sortu zuen Mexikon, eta 1996tik edizio arduraduna zen. Latinoamerikan ibili zen berriemaile gisa

Josetxo Zaldua 2016an, La Jornada egunkariko erredakzioan. IGOR SUSAETA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
«Futbolzale sutsua, eta kazetari belaunaldi baten irakaslea». Halaxe oroitu dute Josetxo Zaldua (Elizondo, Nafarroa, 1951-2021) azken 37 urteetan lan egin duen La Jornada kazetako kideek. Asteartean zendu zen Zaldua, pandemia garaian atzeman zioten minbizi baten ondorioz. Azken egunera arte lanean jarraitu du, lankideek oroitu dutenez.

Egin egunkarian egin zituen lehen urratsak Zalduak argazkilari gisa, baina Ipar Euskal Herrira joan behar izan zuen segidan, 1978an, ETAko kide izateaz akusatuta. Handik Latinoamerikara egin zuen, eta orduan iritsi zen Mexikora. BERRIAri 2016an emandako elkarrizketa batean adierazi zuenez, Mexikora iritsi zenean hasi zen bere bizitza «berreraikitzen». Iritsi eta berehala, 1979. urtean Unomásuno egunkarian hasi zen lanean, eta handik Managuara joan eta bertan eman zituen lehen urteak. 1983an bere ibilbidean mugarri izan den La Jornada egunkaria sortu zuen,lankide batzuekin batera.

La Jornada-ko lehen urteetan, Latinoamerikako berriemaile izan zen Zaldua, eta, bertzeak bertze, Kuban, Perun, Brasil,en El Salvadorren eta Venezuelan ibili zen lanean. La Jornada-n oroitu dutenez, Latinoamerikan egindako hamar urteak «oso garrantzitsuak» izan zituen bere bizitzan eta ibilbidean: «Eskualde horrekin maiteminduta nago, batez ere Nikaraguarekin. Beste latitude batzuetako lagun bereziak ezagutzeaz gain, bizirik irauteko edozer egiten zuen jendea ezagutu nuen. Lagun asko lurperatzea tokatu zitzaigun, baina horrek lotura sendoak sortu zituen bizirik atera ginenen artean».

Urte batzuk Caracasen eman ondotik, 1996an itzuli zen berriz Mexikora, eta, geroztik, La Jornada-ko edizio arduraduna eta kazetari belaunaldi baten irakasle eta bidelagun izan da. 2001etik, pasio zuen futbolari buruzko zutabeak ere idatzi izan ditu noizean behin.

Ezkerreko mexikarrentzat erreferentziazko egunkaria da La Jornada, eta hori lortzeko egindako lana nabarmendu zion kazeta honi 2016an: «Badugu balio bat beste ezeren gainetik zaintzen duguna: sinesgarritasuna. Oso zaila da sinesgarritasuna lortzea, eta galdu egin dezakezu segundo bakar batean». Kazetak hainbat politikarirentzat zuen irudiaz ere hausnartu zuen: «Deabruzko irudi bat dute gutaz, molestatu egiten dugula iruditzen zaielako; halere, guk ere zerbait lagunduko genuen irudi hori sortzeko, eta ez naiz horretaz inola ere lotsatzen». La Jornada-ren 37.en urtemuga dela eta, bidearen balantzea egin zuen Zalduak: «Ez zen bide erraza izan, baina, jende leialak inoiz ez zion utzi beste inork guri kalte egin ez ziezagun ahalegintzeari. Anbizioak bultzatutako desertzioak izan ziren, eta aurre egin genion. Probatu ezinezko gezurrak zabaldu zituzten, etikoki hausten saiatu ziren. Baina 37 urte eta hemen jarraitzen dugu».

Euskal Herria gogoan

Errefuxiatu gisa joan zen Zaldua Mexikora, eta 25 urtez gutxienez ezin izan zen Euskal Herrira itzuli: «Espainiako Auzitegi Nazionalak dokumentu bat zabaldu zuen, eta bertan ziurtatu nik ez nuela jada epaitzeko kausarik. 1995 eta 2000 artean gertatu zen hori. Halere, nire ustezko delituak preskribaturik egon aurretik ere indarrean neukan Espainiako enbaxadak emandako Espainiako pasaportea. Nire izenarekin bidaiatzen nuen, nahiz eta ez nintzen joaten Espainiara, eta are gutxiago Euskal Herrira». Iheslari politikoen egoera mintzagai izan zuen kazeta honekin, eta iheslariak itzultzeko akordio zabal bat sinatzearen aldekoa zen.

Milaka kilometrotara bizi izanda ere presente zituen garaiko kezka politiko eta ezinegonak: «Politika egin behar da. Batez ere, Euskal Herrian; asko baitago egiteko. Ez ginen soilik okertu, beharbada, borroka armatua luzatzean. Okertu ginela pentsatzen dutenetakoa naiz, baina tira: egindakoa eginda dago, eta horren gainean lan egin behar da. Guk, independentistok, politika egiten ikasi beharra daukagu».

Euskal Herritik kanpo 40 urte baino gehiago emanagatik, herria oraindik bihotzean zuen Zalduak, eta, BERRIAri kontatu zionez, desio bat ere bazuen: hiltzen zenean errautsen zati bat Amaiurrera (Nafarroa) eramatea gurasoen errautsen ondora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.