Txoritik at jardutea, aukeran

'The New York Times'-ek bere kazetariei esan die murrizteko Twitterren aritu ohi diren denbora

BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Bolo-bolo dabil egunotan Elon Muskek Twitterren akzio guztiak erosteko egin duen eskaintza. Baina egun batzuk lehenago, beste erabaki batek eman du zeresana zenbait kazetaritza forotan: The New York Times egunkariak bere kazetariei esan die aukerazkoa dutela aurrerantzean Twitter sare sozialean jardutea, eta bertan ariko direnei proposatu die denbora gutxiagoz aritzea plataforman.

Dean Baquet egunkariko editore eragileak —zuzendari lanak betetzen ditu— memorandum bat bidali die langileei, eta han jakinarazi du erredakzioan aldaketak egin dituztela Twitterren erabilerari dagokionez. Testuinguruak badu eraginik erabakian, kazetari asko jazarpen eta erasoen biktima izaten ari baitira Twitterren. Sare sozial horretatik atera nahi duten kazetari guztiek egunkariaren babesa izango dutela adierazi du Baquetek. «Twitterren gelditzea erabaki dutenei, berriz, bertan pasatzen duten denbora modu nabarmenean gutxiagotzeko proposatu nahi diegu».

Gehiago bada. The New York Times-eko ordezkariaren arabera, kazetariek «eszeptizismoarekin» tratatu behar dituzte Twitterren ikusten dituzten informazioak, beste edozein iturrirekin egingo luketen «ikuspegi kritikoarekin», alegia.

Gainera, AEBetako komunikabideak egitasmo bat martxan jarriko du laster, Interneten eta sare sozialetan mehatxuak jasotzen dituzten kazetariei babesa emateko: «Oso serio hartzen ditugu eraso horiek. Eta badakigu zein modutan eragiten dieten gure kazetarien ongizateari, segurtasun sentsazioari eta lan egiteko ahalmenari». Talde bat dute propio The New York Times-eko kazetariak babesteko. Halaber, ahalmen eta tresna berrietan lanean ari dira, Interneteko jazarpena prebenitzeko eta erantzuna emateko.

Kazetariek sare sozialetan duten jokabideaz ere mintzatu da egunkariko editore eragilea: «Kazetariek sare sozialetan egiten duten lanak bat egin behar du egunkariaren balioekin. Esate baterako, ez dira onargarriak lankideak kritikatzen dituzten mezuak. Adi egongo gara kazetariak nola jarduten diren sare sozialetan, gure jarraibideekin bat doazela ziurtatzeko». Baquetek aitortu du Twitter tresna baliagarria izan daitekeela azken orduko albisteen berri emateko, eta ordezkapen txikia duten talde batzuen informazioa emateko ere bai. Zuzendaritzak azaldu du gaiaren inguruko hausnarketa zabalik duela kazetariekin.

Presioa zuten orain arte

Baquetek gaiarekin lotutako argibide gehiago eman ditu, NiemenLab laborategiko Joshua Benton kazetariari eskainitako elkarrizketa batean. Argitu du orain arte The New York Times-eko kazetarientzat ez zela formalki derrigorrezkoa Twitterren aritzea. Baina gogorarazi du: «Erredakzioan presio nabarmena zuten kazetariek, benetakoa, Twitterren aktiboak izateko». Haren ustez, ordea, Twitterrek denbora asko kentzen die kazetariei, «irakurleentzat informazio baliotsua bilatzen erabil dezakete denbora hori».

Sare sozialetan indarrak jartzeak bere arriskuak izan ditzake, kazetako zuzendariaren arabera: «Gure kazetari lanari Twitterrek nola erantzungo dion gehiegi begiratzen aritzea ez da mesedegarria, independentzia helburuaren kaltetan izan daiteke eta». Baqueten iritziz, zenbait kazetari zain egoten dira Twitterrek haien lanari zer balio emango, eta horrek«gehiegizko boterea» eman dio sare sozialari berari, «merezi duena baino handiagoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.