Albistea entzun

'Puntu Koma' websaila 2019an ikusi ahalko da Interneten

Next Station egitasmoaren bidez sortu dute fikzioa Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok. Seriesland jaialdian eszena bat erakutsi dute
Diego Urrutxi, Amaia Rojo, Maialen Sorzabalbere, Jokin Etxeberria, Izaskun Arandia eta Malu Solores.
Diego Urrutxi, Amaia Rojo, Maialen Sorzabalbere, Jokin Etxeberria, Izaskun Arandia eta Malu Solores. L. JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2018ko urriak 27 - Bilbo

Euskarazko hainbat proiekturen artean, Next Station egitasmoaren bigarren deialdiko irabazlea izan zen Amaia Sorzabalbere eta Amaia Rojo gidoilarien Puntu Koma websaila. Ekoizpena aurrera ateratzeko, puntako profesionalen laguntza izan dute, eta hemendik gutxira estreinatuko dute: abenduan Bilboko pantaila handi batean proiektatuko dute aurreneko atala, 2019. urtean Interneten jarriko dute telesail osoa, eta ETBk 2020an emango du. Proiektuko gidoilari, zuzendari eta ekoizleek Seriesland jaialdiko mahai inguru batean parte hartu zuten atzo, Bilbon.

Bi minutuko eszena bat ere ikusteko aukera izan zen ekitaldian. Ospitale batean gertatzen dira telesaileko istorioak, eta Iñake Irastorza ama sufritu baten rolean ageri da. Irastorzarekin batera, Sara Cozar, Iñigo Gastesi, Mikel Ibarguren, Fariba Sheikhan, Enrike Amilibia eta Iñaki Beraetxe dira telesaileko aktoreak.

Sorzabalberek eta Rojok asko eskertu dute Next Station egitasmoari esker jaso duten laguntza, eta asko ikasi dutela nabarmendu dute. «Bilboko egonaldian, Joanes Urkixorekin aritu ginen gidoia lantzen. Beste finalistekin oso giro ona sortu zen», azaldu zuen Sorzabalberek. «Gero, Donostiako Tabakaleran laborategi batean aritu ginen, Izaskun Arandiarekin». Rojok prozesu osoa goraipatu du: «Oso ondo pasatu dugu. Arandia gure mentorea izan da, eta gidoian egin duen ekarpena handia izan da».

Arandiak berak uste du horrelako proiektuetan «mentoretzak» garrantzitsuak direla: «Rojo eta Sorzabalbere oso langileak dira; ideia politak dituzte». Proiektura batu da azkeneko hilabeteetan Maru Solores zinemagilea, eta hark zuzendu du websaila: «Gidoi prozesua bukatu zenean iritsi nintzen ni. Aurreprodukziorako denbora gehiago izan bagenu, hobea izango litzateke guretzat. Baina produktu duina lortu dugu».

Jokin Etxeberria Next Station egitasmoaren koordinatzailetako bat da, Diego Urrutxirekin eta Elbio Nielsenekin batera, eta nabarmendu zuen Puntu Koma telesaila nazioartean saltzeko aukera egon daitekeela.

Bestalde, Etxeberriak ohartarazi zuen aintzat hartu behar dela erabiltzaileen ikuspuntua: «Benetako eztabaidak izan beharko luke ea zer emango diegun belaunaldi berriei. Euskarazko fikzio eskaintza Interneten oso txikia da, eta erakunde publikoek ardura handia dute. Belaunaldi berriek euskaraz kontsumitzeko aukera izan behar dute».

'Gutuberrak', marken bila

Mahai inguru berean, proiektu berri baten zertzelada batzuk eman zituen Pedro Fuentes gidoilariak: Gutuberrak. «Websail hori EITBren webgunearen babesarekin egingo dugu, eta proiektuak bere parte transmedia izango du», iragarri zuen Fuentesek. Harekin batera ariko dira Olatz Beobide, Amaia Lizarralde eta Joserra Camacho —Nomofobikak websaila egin zuten iaz—. Fuentesek esan zuenez, marka pribatuen ekarpenaren bila ari dira. «Enpresetatik galdetzen digute inpaktuaz. Eta egia da Youtubeko bisitetan euskarazko edukiak galtzaile ateratzen direla beti. Baina zenbakiez harago pentsatu behar da, beste etekin batzuk baitaude».

Inguruko beste herrialde batzuetako telebistek azkenaldian indartsu egin dute apustu websailen alde. «Telesail digital bat euskaraz egitea zaila da, eta ETBri kostatzen ari zaio horri heltzen», azaldu zuen Fuentesek. Hain zuzen ere, Gutuberrak da arlo horretan ETBrentzat egingo den lehen proiektua. Grabazioak azaroaren 17an hasiko dituzte.

Fuentesek ohar bat egin zion ETBri: «Euskal Telebistak publikoak bideratu behar ditu bere webgunera». ETBk azkeneko bi urteetan duen euskarazko telesail bakarra Go!azen da. Fikzio horren gidoilaria da Ana Hormaetxea, baina langabezian dago gaur egun. «Babarrunak toki askotan bilatu behar ditut», aitortu zuen. Nabarmendu zuen, halaber, Katalunian eta Galizian Netflix plataformarako ekoizpen batzuk ari direla prestatzen. «Espero dut Euskal Herrian ere telesailak mundu osorako egiten hastea. Ez gaude hain urruti Netflix Originals telesail bat egiteko. Merkatua denerako dago, eta ez dira ateak itxi behar».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Abenduaren 3ko elkarlaneko TBsaioa

Iparraldeko euskal hedabideek saio berezia egingo dute 11:00etan, Baionan

Urtzi Urkizu

Iparraldeko euskarazko bost hedabideak elkarlanean arituko dira 11:00etatik 12:00etara, 'Euskara, hedabideetatik karriketara!' izenburupean. Zuzenean ikusi ahalko da hementxe bertan

Erroiz olio enpresako kideak, Oinatz Bengoetxea pilotari ohia erdian dutela, atzo. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Urre berdearen zukua dastagai

Unai Etxenausia

Lantziegoko Erroiz olio enpresak oliba olio birjina estra berria aurkeztu du. Aurten, Bengoetxea pilotari profesional ohia gonbidatu dute Sustraiak zuku izarra dastatzera.
Txantxangorri bati eta onddo bati sakelakoarekin egindako argazkiek Merlin eta Mushtool aplikazioetan egindako bidea. ©BERRIA

Natura poltsikoan

Enekoitz Telleria Sarriegi

Geroz eta gehiago dira natura behatzen eta ulertzen laguntzen duten sakelako aplikazioak. Behatu litezke mendiak, onddoak, hegaztiak, landareak, zeruak... eta bahetu litezke ondoren behaketak. Adituek diote erabilgarriak, errazak eta herritarrak zientziara hurbiltzeko lagungarriak direla, baina tentuz erabiltzekoak ere bai, ez dutelako beti bete-betean asmatzen.

Jose Ignacio Jauregi —eskuinetik hasita bigarrena—, lankideekin, Michelin izar berdea esku artean dutela. ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Ongi elikatutako txerriek zapore hobea dute»

Amaia Jimenez Larrea

Lekunberriko Maskarada jatetxeak Michelin izar berde bat lortu du orain gutxi. Jatetxearen jasangarritasuna saritu dute, 'euskal txerri' izeneko arraza nola tratatzen duten aintzat hartuta.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...