Andoni Aldekoak esan du EITBk bikoizketa indartuko duela

Legebiltzarrean, Aldekoak adierazi du saiatuko direla Primeran plataformarako filmak, fikzioak eta bestelako ekoizpenak euskaratzen

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia, atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordean. RAUL BOGAJO / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Kontsumo berrien eta euskarri digitalen aurrean, euskal ikus-entzunezko edukiak eta euskarazko edukiak bermatzea» da EITBk datozen urteei begira dituen erronka nagusietako bat. «Gure hedabideak erreferente izan behar dute euskal gizartearentzat informazioan eta zerbitzu publikoan, eta, aldi berean, gazteekin konektatu, munduari euskal leihoa ireki, eta jasangarritasuna bermatu», azaldu zuen atzo Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak, Eusko Legebiltzarrean. Aldekoak EITB 2030 Estrategia dokumentua aurkeztu du azkeneko asteetan zenbait eremutan: Europako Parlamentuan, EITBko administrazio kontseiluan, Seriesland websailen nazioarteko jaialdian eta sektoreko profesionalen aurrean. Legebiltzarrean aurkeztu zuen atzo datozen urteetarako estrategia.

EH Bilduko Jasone Agirreren galderei erantzuteko orduan, Aldekoak adierazi zuen bikoizketa indartu egingo duela EITBk—Jaurlaritzaren aurrekontuen arabera, diru saila halako bi haziko da, baina ez dago zehaztuta zein hizkuntzatara bikoiztu eta azpidatziko den—.

Primeran streaming plataforma berrian euskara «oso garrantzitsua» izango dela azaldu zuen EITBko zuzendari nagusiak. «Filmak, fikzioak eta bestelako produkzioak euskaratzen saiatuko gara. Euskarazko biblioteka bat behar dugu». Edonola ere, onartu zuen plataforma horretan gaztelaniazko edukiak ere egongo direla. «Helburua da Primeran plataforma orokor bat izatea. Euskara erdigunean egongo da, eta edukiak egongo dira gaztelaniaz eta beste hizkuntza batzuetan ere». Primeran plataformaren hizkuntza hautuaren inguruan, EAJko Joseba Diez Antxustegik zera esan zuen: «Modu inteligentean jokatu behar da. Dena euskaraz egiten badugu, egongo da jendea ez dena etorriko edo ihes egingo duena. Plataformak euskara izan behar du ardatz, baina gaztelaniazko edukiak badaude, jende gehiago etorriko da»

Primeran plataformaz gain, EITBk beste honako proiektu hauek ere jarri nahi ditu martxan: ETB Miramon Faktoria berria; euskarazko eskubideak eta ekoizpena babestea; makrocasting bat egitea; gardentasun atari berria sortzea; eta Nafarroako egoitza berritzea.

PSE-EEko legebiltzarkide Miren Gallastegik gogoratu zuen kontratu programa berria sinatu behar duela EITBk, eta hori «funtsezkoa» izango dela. PP-Ciudadanoseko Luis Gordillok esan zuen EITBk «kalitatezko zerbitzu independente» bat eskaini behar duela, eta ez ETB2 erabili «audientzia lortzeko». Voxeko Amaia Martinezek, berriz, salatu zuen EITBko zenbait kazetari «delituaren mugan» daudela bere alderdi politikoaren aurka «isekan» aritzen direnean.

EH Bilduk Miramongo egoitzaren egoera kritikatu zuen, eta Agirrek gogorarazi zuen egoitzak zituen 150 lanpostuetatik 35 galdu egin direla azkeneko urteetan. «Ez dira hutsune horiek bete, eta ez da lan hitzarmena bete». Aldekoak zera erantzun zuen: «Hurrengo urtean abiatuko da Miramon Faktoria proiektua: kontratazioekin hasiko gara. Proiektu potoloa da, ondo egin behar dugu». Ikus-entzunezko ekoizpen gune handi bat sortu nahiko luke EITBk Donostian. Datu bat: 2015eko abendutik hona ETBk ez du telesail bakar bat ere bertan grabatu. Eskamak kentzen izan zen azkenekoa.

Berdintasuna eskatu dute

Eusko Legebiltzarrak erdibideko zuzenketa bat onartu du —hasierako proposamena EH Bildurena zen, eta EAJrekin eta PSE-EErekin adostu du gero— EITBko zuzendaritzari eskatzeko emakumeen eta gizonen arteko presentzia orekatua saio eta esparru guztietan. BBCko ordezkari batek Eusko Legebiltzarrean 50:50 metodologiaren berri eman zuen, «On the screen and behind the screen» (pantailan eta pantailaren atzean) irizpideari jarraikiz. Eta erdibideko zuzenketan, legebiltzarrak EITBko zuzendaritzari eskatu dio jartzeko haÞrremanetan BBCrekin edo Europako beste hedabide publiko batzuekin, «berdintasuna bermatzeko erabiltzen dituzten metodologiak aztertzeko» eta 50:50 metodologia nola erabil dezakeen ezagutzeko.

Talde batzuek azaldu dutenez, EITBko langileen %58 emakumezkoak dira. Pantailan ikusten denaren oreka du, beraz, orain landu beharrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.