ITV katean ez dituzte onartuko andrerik gabeko gidoilari taldeak

Saskia Shuster komedia departamentuko arduradunak hartu du erabakia. Datu base bat osatu dute, 460 emakumezko gidoilarirekin

urtzi urkizu
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko ITV kate pribatuan, hemendik aurrera ez dizkiete enkarguak egingo, eta ez dute lanik egingo soilik gizonezkoez osatutako gidoilari taldeekin. Ezta emakumeak «apaingarri gisa» erabiltzen dituzten gidoilari taldeekin ere. Erabakia Saskia Schusterrek hartu du, ITVko komedia departamentuko arduradunak. Bost urte daramatza karguan, eta nabarmendu du jasotzen dituen gidoien gehienak gizonezkoek idatzitakoak direla: emakumeek idatzitako bat jasotzerako, bost dira gizonezkoek idatziak.

Ikus-entzunezkoen sektorean, gidoilarien mundua maskulinoa da, eta erabakia «aitzindaritzat» jo du Yurre Ugarte gidoilariak. «Ea beste kateetako arduradunek jarraitzen dioten. Gizartea antolatuta dagoen moduan, gidoilari taldeetan ez dago bermatuta emakumezkoen presentzia. Horregatik behar dira kuotak».

Ana Hormaetxea gidoilari eta Euskal Herriko gidoilarien elkarteko batzarkidearen iritziz ere, ITVko komedia arduradunak hartu duen erabakia «jarraitzeko moduko adibidea» da. «Zoritxarrez, telebista munduko koordinatzaile eta arduradun gehienek joera oso maskulinoa dute».

Schusterrek hartutako erabakiaren arrazoiak eman berri ditu, Diverse jaialdian. «Jabetu nintzen entretenimenduzko saioen gidoi asko gizonezkoen taldeek idatziak zirela. Kasu askotan, gidoiak erasokorrak eta apalgarriak izaten ziren». CelebAbility lehiaketarako dagoeneko hainbat emakume kontratatu dituzte. Saio horretako gidoilari Brona C. Titleyk hala nabarmendu zuen Diverse jaialdian: «Arraza, sexu orientazio eta genero bereko idazleak baino ez badituzu, txantxa guztiak modu berekoak izango dira».

Ugartek ontzat jo du arrazoinamendu hori, eta ideia sakondu: «Kontua da planteatzea zergatik eraiki eta jorratzen diren batez ere gizonezkoek hautatutako gaiak eta pertsonaiak, zergatik ekoizten den gehienbat gizonezkoek egindako fikzioa. Zergatik gidoiak idazten diren klase ertaineko gizon zuri heterosexualen ikuspuntutik soilik». Gidoilariari iruditzen zaio neurriak ezarri behar direla, egoera hori orekatzeko edo iraultzeko. Hormaetxearen ustez, bestalde, bereziki erabakiak hartzen diren eremuetan nabaritzen da emakumeen falta.

Bai Hormaetxeak, bai Ugartek ETBrentzat egin izan dute lan, eta aitortu dute han egoera hobea dela beste telebista kate batzuetan baino. «ETBrako prestatzen ari diren ia fikzio guztietan emakumezkoak daude», azaldu du Hormaetxeak. Ugartek gogoratu du soilik behin gertatu zaiola bakarrik emakumez osatutako gidoilari talde batean aritzea: «Euskal Herriko telesail batean izan zen, ETBk urtero telesail bat baino gehiago ekoizten zituen garaian».

Berdintasunerako neurriak

ITV telebista katearen erabakia ez da ezerezetik sortu; joan den urtearen bukaeran, Comedy 50:50 izeneko egitasmoa jarri zuen martxan, komediara bideratutako lanetan berdintasun neurriak hartzeko xedez. Proiektuen artean, datu base bat osatu zuten; 460 emakumezko gidoilari bildu dituzte bertan. Egitasmoaren beste ekitaldi bat izan da hamar minutuko solasaldiak antolatzea: bakoitzean, ekoizle bat eta hiru emakumezko gidoilari jartzen dituzte aurrez aurre.

Hemen elkarteak ikus-entzunezkoaren emakume profesionalen direktorioa sortu du (hemen.me/here). «Gidoilariez gain, sektore guztietako emakume profesionalak daude», azaldu du Hormaetxeak. «Garrantzitsua da datu base horri zabalpena ematea, gurekin bat egitea erraza izan dadin».

Bai Ugartek bai Hormaetxeak nabarmendu dute lan asko dagoela egiteko berdintasunaren bidean. «Datuek diote aurrekontu gero eta handiagoa izan arren taldeetan emakume gutxiago daudela», esan du Hormaetxeak. Ugarteri iruditzen zaio hezkuntzan ere txertatu behar direla neurriak, «emakumeen aukerak lantzeko eta bermatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.