Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Ardoak eta gehiago

2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Margarita Madrigal, Alexandra Schmedes eta Gonzalo Rodriguez: hiru lagun, hiru enologo. Errioxan (Espainia) ezagutu zuten elkar, 1998. urtean.

Gonzalo Bastidako (Araba) Solaguen upategi kooperatibako enologoa izan zen urte luzez, eta gaur ere badu Euskal Herriarekin harremana, MendabiakoErrioxa sor-markapeko Baron de Ley upategiko enologoa baita.

Gaur, arestian aipatutako hiru lagun enologoek sortutako Mas Que Vinos upategiari buruz hitz egingo dizuet.

Urte askoan Errioxan, Duero Erriberan, Frantzian, Italian edo Alemanian beste upategi batzuetan lan egin ondoren, proiektu propioa sortzea erabaki zuten 1999an, «oroitzapenak sortzeko» asmoarekin. Mas Que Vinos sortu zutenean, beste upategi batzuentzako aholkulari lana egitea zuten asmoa.

Hasierako lehen urratsak Gonzaloren herrian eman zituzten, Dosbarriosen, Toledoko(Espainia) Ocañako goi ordokian, hain zuzen ere.

Inguruko mahatsekin lan egitea erabaki zuten, hau da, cencibel (tempranilloa) eta garnatxa beltzetan, eta malvar eta airen zurietan.

Mahastiak 35 hektarea hartzen ditu, ekologikoan landutakoak. Mahastiak Dosbarrios, Cabañas de Yepes eta Villarrubia herrien inguruan daude, upategitik oso gertu.

Ercavio izenarekin bataiatu zuten upategia eta lehen ardoa. Oso denbora gutxian izugarrizko arrakasta lortu zuten, eta nazioartean ere nabarmendu ziren haien ardoak. Horrek inguruari eta hango ardoei izugarrizko bultzada eman zien.

2007an upategi berria zabaldu zuten Cabañas de Yepesen, baina gaur ere, La Plazuela ardoa Dosbarriosen 1895ean sortutako familia upategi zaharrean ontzen dute.

Ardoak bikainak dira, eta litro asko ekoizten dituzte, baina ingurumenarekiko konpromisoarekin egiten dute lan. Modu organikoan lantzen dituzte mahastiak, herbizida zein pestizida sistemikorik erabili gabe. Egiten dituzten ardo gehienak beganoentzat egokiak dira, ardoztatzeko prozesuan animalien produkturik ez baitute erabiltzen. Nahiko esanguratsua den xehetasun bat ekarri nahi dut hona: euri ura erabiltzen dute upategiak garbitzeko zein olibondoak eta lorategiak ureztatzeko.

Ardo ugari egiten dituzte, beltzak eta zuriak. El Señorito nabarmenduko nuke beltzen artean, eta, batez ere, La Plazuela, gehienbat cencibel (tempranilloa) mahatsa erabiliz eginikoa, baina garnatxaren ukitu bikaina daukana.

Hartzidura malolaktikoa tinetan egiten du La Plazuelak, eta gero hemezortzi hilabete ematen ditu 300 litroko upel berrietan (%80 frantziarrak eta %20 amerikarrak). Ontze prozesua amaitzeko, urtebete egoten da anforetan.

Ardo boteretsua da, eta fruta heldu ugari eskaintzen ditu, txokolatez zein tabako usainez borobildua. Bikaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.