Hamaikak 'Kolpez kolpe: azken afaria' emango du gaur

Hamaika kanpaiekin hasiko da 11. urteurrena ospatzen. ETB1ek 'Go!azen 2020' musika saioa emango du gauerdiko kanpaien ostean

Kotilioi berezia eta umoretsua prestatu dute gaur gauerako Hamaika telebistan. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Urtezahar gauerako programa berezia prestatu du Hamaika telebistak: Kolpez kolpe: azken afaria. Hartara, kanpaiak euskarazko katean ikusi ahalko dira aurreneko aldiz. 11 urte beteko ditu kateak 2020an, eta urteurreneko ospakizunekin hasteko modua izango da Kolpez kolpe: azken afaria saio berezia, 22:45etik aurrera. Hasteko, making of-eko irudiak eta esketx bat izango dituzte. Naroa Iturri kazetariak aurkeztuko du saioa, eta gonbidatuak Tessa Andonegi, Miren Legorburu, Dorleta Urretabizkaia eta Amaia Ereñaga izango dira.

23:00etan, mahatsak jango dituzte, aizkoraz lagunduta. Alazne Etxaburua eta Irati Astondoa aizkolarien laguntzarekin egingo dute hori. Etxaburua Donostiako platoan egongo da; hark jotako aizkorakada bakoitzarekin jango dute mahats ale bakoitza. Gero, azken afarirako menestra berezia prestatuko du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak —elkarrizketa egingo diote menestra egiteko sekretuez—.

Egunean behin lehiaketaren antzeko joko bat egingo dute,23:30ean. Irabazleak Satisfyer klitori xurgatzailea eramango du; sakelakoetarako benetako aplikazioak, beste alde batetik, atsedena hartuko du urtarrilean, eta otsailaren 3an hasiko du denboraldi berria.

Gauerdian kanpaiak izango dituzte, eta ondotik beste une berezi batzuk iritsiko dira. Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren diskurtsoaren parodia moduko bat egingo dute: Karlos Garaikoetxea lehendakari ohiaren remix bat. Abestu ere egingo dute saioko gonbidatuek: Hemendik At taldearen Orain da kanta oinarri hartuta, kopla batzuk abestuko dituzte, platotik aterata. 00:20tik aurrera, Kolpez kolpe saioaren unerik onenen bilduma emango du Hamaikak. Kanpaien aurretik, gainera, Miren Legorburuk «adierazpen instituzional berezia» egingo du.

Ekhiñe Atorrasagasti Kolpez kolpe saioko zuzendariak nabarmendu du Hamaikak 11 urte betetzea badela nahikoa arrazoi ospakizunetarako. «Urte amaierari begira baino, aro berriari begira nahi dugu jarri. Eta, bide batez, ondo bukatu eta hobeto hasteko, irribarrea atera pantailaz beste aldean daudenei». Horregatik antolatu dute gaur gauerako «kotilioi propioa». Programa soilik emakumeek egindakoa da, bai kamera aurrean, bai kamera atzean. Saioaren 25 minutuko laburpena eta zenbait zati esanguratsu sare sozialetan ere zabalduko dituzte gau osoan.

ETBko kanpaiak, Izabatik

ETB1en eta ETB2n Kaixo, 2020 saio berezia emango dute, aldi berean gaur, 23:45ean. Kanpaien emankizuna Izabatik (Nafarroa) aurkeztuko dute Sara Gandarak, Mikel Pagadizabalek eta Zuhaitz Gurrutxagak. Aurreko hiru urteetan ere bi kateetan batera eman zituzten kanpaiak, euskaraz nagusiki, eta erdarazko esaldiak tartekatuz. Gaur gaueko saiorako, askotariko ezustekoak prestatu dituzte. Tartean izango da, esate baterako, Jaione Olazabal jota abeslariak eta Quico Puges Suares biolontxelo jotzaileak emango duten ikuskizuna.

Kanpaien saioaren aurretik, ETB1ek Onki xin Izabara programa emango du, 23:15etik 23:45era. Gurrutxagak eta Pagadizabalek Izabako eta inguruko bitxikeriak ezagutuko dituzte. Herriko kaleetan ibiliko dira, etxeetako ateak joko dituzte laguntza eske, eta hainbat lagun egingo dituzte bidean.

Kanpaien saioaren ostean, euskarazko kateak Go!azen 2020 saio berezia emango du. Zuriñe Hidalgok aurkeztuko du, eta, bertan, telesaileko hainbat garaitako aktoreek Euskal Herriko zenbait abesti klasiko kantatuko dituzte, kantari ospetsuekin batera. Horien artean, Xabi Solano, Maider Zabalegi, Alex Sardui, Roberto Moso, Mikel Markez, Iker Lauroba, Sonakay eta Modus Operandi taldeak arituko dira. Horrez gain, aktore guztiek elkarrekin kantatuko dituzte Go!azen-eko bi abesti eta Niko Etxarten Euskal Rock & Rolla.

ETB2n, kanpaien aurretik, ¡Se acabó 2019! saio berezia aurkeztuko du Ion Aramendik —astelehenetik aurrera Igor Siguerok ordezkatuko du Qué me estás contando saioan—. ETB2ko aurkezle nagusiak kantuan eta dantzan azalduko dira, esketxak tartekatuko dituzte, eta ospetsuen zorion agurrak jasoko dituzte.

Kanpaien ostean, ETB2k Puro Relajo taldearen kontzertu bat emango du —EITB Jaian Barakaldon (Bizkaia) grabatutako ikuskizuna da—. ETB1ek eman ditu orain arte taldearen kontzertuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.