EITB «sakon» erreformatzeko eredu bat landu du EH Bilduk

Koalizioak proposatu du euskarazko edukiak lehenestea genero guztietan. Informazioari lotutako kanal bat bultzatzeko eskatu du

EITBren Bilboko egoitzaren kanpoaldea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburu Jasone Agirrek iritzi artikulu bat idatzi zuen asteazkenean BERRIAn, eta bertan salatu zuen EAJk ez duela EITBn «ezer aldatzeko asmorik», Eusko Legebiltzarreko EITBren erreformarako lantaldearen ondorioak ikusita. Ondorio horiek ez dira publiko egin. EH Bilduk, berriz, EITB Eredu berri baterako oinarriak izeneko txostena landu du. Bertan, proposamen zehatzak egin ditu marko juridiko arautzaileari, gobernantza ereduari, euskarari, genero ikuspegiari eta enpresa egiturari begira, besteak beste.

Euskal irrati-telebista berriak euskara bultzatu behar duela eta nortasun ezaugarria kultura izan behar duela uste du koalizio abertzaleak. «Euskara izango da hizkuntza nagusia EITBn, bere izatearen arrazoi nagusia», jasotzen du txostenak. «EITBko gaztelaniazko edukiek ez diete lehiarik egingo euskarazkoei ez programazioan, ez audientzian, ez baliabideetan». Halaber, EH Bilduren testuak dio euskarazko eskaintza publizitatuko dela bereziki. «EITBko langile berri guztiak elebidunak izango dira. Bestetik, ETB1eko inbertsioa indartuko da,eta ETB2n gero eta euskarazko eduki gehiago sartuko dira».

Koalizioari iruditzen zaio informazioari eta aktualitateari lotutako kanal bat bultzatu behar dela EITBren balizko eredu berrian: «Espezializazioan, albisteetan eta gaurkotasuneko dokumentaletan oinarritutako programazioa emango du».

Koalizioak nahiko luke, halaber, euskal komunikazio esparrua osatzen duten hedabideek, pertsonek eta eragileek parte hartuko duten prozesu bat abian jartzea, euskal agentzia publiko eta multimedia bat sortzeko. «Testuak, irudiak eta audioak zabalduko lituzke euskaraz, baina baita ere ingelesez, munduan duen agerikotasuna handitzeko».

Gobernantza berritua

Sakoneko aldaketen artean, EH Bilduk gobernantza eredu berri baten proposamena egin du. Horren arabera, EITBren kontrola bi erakunderen esku geldituko litzateke: Erakundeen Arteko Kontrol Batzordea (Eusko Legebiltzarra, Nafarroako Parlamentua eta Euskal Hirigune Elkargoa) eta Ikus-entzunezko eta Interneteko Kontseilua. EITBren gobernua, bestetik, hiru organoren esku egongo litzateke: Gizarte Kontseilua —14-16 kidez osatua, erdiak Eusko Legebiltzarrakhautatutakoak eta beste erdiak gizarte eragileek aukeratuak—; Gobernu Batzordea —sei kidez osatua, dedikazio osoz; zuzendari nagusia hautatuko lukete, eta euskarri guztietako eskaintzaren lerroak definituko lituzkete; eta Zuzendaritza Kontseilua —EITBren atal eta zerbitzu guztietako zuzendariek osatua—. Gobernu Batzordeak programa kontratu bat diseinatuko du, eta Gizarte Kontseiluak onartu, biak ere «koherenteak» izanik «mandatu marko orokor» batekiko.

Enpresa egituran, zenbait proposamen zehatz egin ditu EH Bilduk: «Egiturazko lantaldea zehaztu eta adostuko da zuzendaritzaren eta langile ordezkaritzaren artean; konfiantzazko karguak murriztuko dira modu nabarmenean; eta ardura postuetarako deialdi publikoak eta prozesu gardenak egingo dira zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzak adostutako baremazioen arabera».

Izaera juridiko berri bat ere proposatu du EH Bilduk EITB taldearentzat: «Ikus-entzunezko eta Komunikabide Digitalen Euskal Korporazioa». Zuzenbide publikoko erakunde bat izango litzateke, «nortasun juridiko propioarekin eta administrazioari atxikitako kudeaketa gaitasun osoarekin, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren bitartez». Koalizioak uste du EITBren lege berri bat garatu behar dela, korporazio bat edo talde integral bat osatzeko.

EITBk, beste alde batetik, genero ikuspegirako organo bat sortu beharko lukeela uste du koalizioak. «Horretarako, beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak eta pertsonalak izango ditu, eta, gutxienez, aurrekontuaren %1 bideratuko du horretara».

Ikus-entzunezko sektoreari dagokionez, EH Bilduk proposatu du funts bat sortzea, zinema eta ikus-entzunezkoak sortu edo produzitzeko, «arreta berezia eskainiz euskarazko produkzioari».

Lurralde kohesioari ere garrantzi handia eman dio koalizioak landutako txostenean: EITBk Nafarroan dituen giza baliabideak eta bitartekoak handitzea eta Herri Elkargoarekin hitzarmen bat egitea proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.