Mediawan Europako talde handienetako bat bilakatuko da

Frantziako enpresak Lagardere Studios eta Good Mood ekoiztetxea erosi ditu, baita Leonine taldearen akzioen %25 ere

Merli: Sapere aude katalanezko telesaila Mediawan taldearen esku geldituko da aurrerantzean. MOVISTAR PLUS.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Europako ikus-entzunezkoen sektorean eragin handia izango duten operazio batzuen iragarpena egin zuten atzo: Mediawan taldeak Lagardere Studios erosiko du, baita Good Mood ekoiztetxea eta Leonine konpainiaren akzioen %25 inguru ere. Zabalkunderako inbertsio garrantzitsuak egingo ditu Mediawanek, eta kontinenteko konpainiarik indartsuenetako bat bilakatuko da telebistako fikzioan. Parisen izango du egoitza nagusia.

Mediawan konpainian bertan, akzioen gehiengoaren kontrola izateko eskaintza egingo dute Pierre-Antoine Captonek —3e Oeil Productions ekoiztetxea sortu zuen—, Xabier Nielek —Iliad telekomunikazio taldearen sortzailea— eta Mathieu Pigassek —bankaria eta Nouvelles Editions Independantes taldeko jabea eta presidentea—. Hirurek sortu zuten Mediawan, eta orain haien asmoa Mediawan Alliance holdinga eratzea da. Erraldoi berria eraikitzeko, AEBetako KKR multinazionalaren —arrisku kapitaleko konpainia, inbertsio funtsena— eta Macsf Frantziako aseguru etxearen laguntza izango dute.

Lagardere Studiosen erosketa estrategikoa da, estudioa 27 enpresaren jabea baita. Frantziako hamasei ekoiztetxez gain, Finlandiako Aito Media Group, Herbehereetako Skyhigh TV, Espainiako Boomerang eta Herrialde Katalanetako Veranda daude Lagardere Studiosen esku. Veranda ekoiztetxearenak dira; besteak beste, Merlí telesaila —euskarara bikoiztuta eman zuen ETBk 2018ko urtarriletik 2019ko urtarrilera— eta Oh Happy Day abesbatzen lehiaketa —ETB1ek TV3tik hartu zuen formatua—. Movistar Pluseko katalanezko aurreneko telesaila ere Verandak ekoitzia da: Merlí sapere aude. Lagardere Studiosek, halaber, Afrikako merkatuan pausoak eman ditu Keewu ekoiztetxearen bidez —Senegalen du sorburua—. Lagardere Studiosen ekoizpena da The Eddy: Netflixek maiatzean estreinatu zuen, eta Damien Chazelle zinemagilearen aurreneko telesaila da.

Lagardere Studiosek berak argitaratu du erosketa 100 milioi eurorengatik egin dela. Konpainiak iaz 218 milioi euroren sarrerak izan zituen. Era berean, Lagardere taldeak adierazi du hemendik aurrera indarrak Lagardere Publishing eta Lagardere Travel Retail enpresetan jarriko duela.

Mediawan taldearen beste erosketa bat Espainiako Good Mood ekoiztetxearena izan da. Daniel Ecijak sortu zuen Good Mood, 2017an, eta hiru urteotan Estoy vivo (TVE), La valla (Atresmedia) eta Deudas —laster estreinatuko du Antena3ek— telesailak sortu ditu. Ecijak nabarmendu du Mediawan bazkide «estrategikoa» eta «egokia» dela nazioarteko ekoizpen handiak martxan jartzeko.

Alemaniako Leonine taldean—Tele München Group, Universum Film, i&u TV, Wiedemann & Berg Film eta W&B Television artean iaz sortua— akzioen %25 erosi ditu Mediawanek, eta ez du kontrol osoa izango. Baina adierazgarria da Mediawan Alliance holdingean zuzendari nagusia izango dela Fred Kogel, Leonineko arduradun nagusia. Holdingeko presidentea Pierre-Antoine Capton izango da.

Leonine taldearena da Dark telesail arrakastatsua: Netflixek hirugarren denboraldia estreinatuko du larunbatean.

Bat-egiteen testuinguruan

Iragarri dituen erosketei aurre egin aurretik, Mediawan taldeak iaz Palomar erosi zuen, Italiako ekoiztetxe beteranoetako eta garrantzitsuetako bat. Detective Montalbano eta Il nome della rosa dira ekoiztetxe horren telesail entzutetsuenetako batzuk.

Telebistaren merkatuan antzeko beste erosketa batzuk egiten ari dira azkeneko hilabeteetan, eta plataformen kontsumoaren gorakadak joera hori areagotu dezake. Iazko urrian, esate baterako, Banijay konpainiak Endemol Shine Group —200 ekoiztetxe ditu— erosi zuen, 2.500 milioi euroko inbertsioa eginda.

Neurri txikiago batean, Mediaprok El Terrat ekoiztetxea erosi zuen abenduan. Mediaprok berak beste zenbait erosketa egin ditu azkeneko urteetan. Beste mugimendu bat izan da egunotan merkatuan: Telefonicak eta Atresmediak Buendia Estudios ekoiztetxea sortu dute, edukiak mundu osora zabaltzeko xedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.