Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Toroko garnatxa bikaina

2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Ivan Alonso Gil mahastizaina da, ardotan aditua, trebea. Horrela definitzen du bere burua Ivanek, gaur hona dakarkigun proiektua, Bodegas y Viñedos Algil, sortu eta aurrera daraman gizonak. Pertsona bakarreko proiektua da, txikia, baina bikaintasuna bilatzen duena.

Toro sor-markapean ateratzen ditu ardoak Ivan Alonsok, baina bitxiak dira, bakanak; Toroko beste ardoekin alderatuz, bestelakoak. Ezinbestekoa denez, lehengaia jartzen du beste ezeren aurretik Alonsok, lurrari ematen dio garrantzia, baina baldintza guztien kontrola eta teknologia aurreratuenari uko egin gabe, betiere, lehen aipaturiko bikaintasuna helburu duela.

Esan daiteke Algil amets bat errealitate bilakatzearen isla dela. Ume-umetatik izan omen du Ivanek Toroko (Zamora, Espainia) lurra azpimarratu eta haien balioa berreskuratzeko ametsa; nahiz eta lur gogorrak izan, hainbat mahastizainen belaunaldietan, guztia eskaini dute.

Hamabost urtez beste hainbat proiektutan lan egin ondoren, besteak beste Tempos Vega Sicilia taldean, bere proiektu pertsonalari ekin zion 2017an, Ivanek esaten duen moduan, «tradizioa eta berrikuntza uztartu nahian perfekzioa bilatzeko».

Mahastiak San Roman de Hornija eta Morales de Toron daude; 20 eta 70 urteko mahastiak dira, hain zuzen ere.

Badirudi gaur egun Toro inguru horietan badagoela berriztatze olatu bat, eta Algil, inongo zalantzarik gabe, horren adibide nabarmenetarikoa dela esango nuke. Lurrari erreparatu, eta arbasoek egindako eta utzitako ondare eta tradizioari uko egin gabe, baina beste usain bat emanez, berritasun ukitu nabarmenarekin.

Upategi txikia da, eta ekoizpena ere halakoa, ez baitira guztira hamar mila botila ekoiztera iristen.

Hiru ardo baino ez dituzte egiten, hirurak beltzak. Pentsa daiteke hirurak izango direla Tinta de Tororekin eginak inguru horietan horrela esaten zaio tempranillo mahatsari, paraje horietako ia ardo guztiak mahats horrekin egiten direlako baina ez, upategi horrek garnatxaz soilik egindako ardo bat egiten baitu: Algil Garnacha.

Algil Expresión 25-40 urte bitarteko Tinta de Toro mahatsez egiten da, 700 metroko altueran landatutako mahatsez, hain zuzen ere. Sei hilabete ematen du ardoak ontzen, amerikar upel erdiberrietan. Lau mila botilako ekoizpena da.

Algil Crianza ere Tinta de Toroz egina da, ehuneko ehunean. Hamabi hilabete ematen ditu ardoak, kasu horretan, frantziar upel erdiberrietan. Hiru mila eta bostehun botila egiten dituzte.

Baina denetan bitxiena Algil Garnacha da, nire ustez. Nik ezagutzen dudan garnatxaz soilik egindako ardoa. Zortzi hilabete ematen ditu ardoak merkaturatu aurretik.

Fruitu gorriak nabarmentzen dira sudurrean, eta ukitu minerala du. Ahoan berriz ere nabarmentzen dira fruitu gorriak, eta boteretsua bezain fina dela esango nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.