EITBren irudi soziala kontsumoaren gainetik dagoela esan du Lakuak

Euskal Soziometroak EITBri eta komunikabideei buruz eginiko ikerketa aztertu dute Gasteizen

Lehendakaritzako Azterlan Kabineteko zuzendari Manu Castilla Albisu, azalpenak ematen, kontrol batzordean. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Udak oharkabean pasatzen utzi zuen Euskal Soziometroak ETBri buruz emaniko datuen balorazioa. EITBren erreforma integralerako lantaldeak eskatuta, ikerketa egin zuen Lehendakaritzak hedabideen eta EITBren inguruan. Ekainean aurkezturiko ondorioak deigarriak ziren: herritarren %31k esan zuten ez dutela inoiz ikusten Euskal Telebista, eta egunero edo ia egunero ETB ikusten dutenak %28 baino ez direla. Are larriagoa da egoera ETB1en inguruko datuen arabera: galdekaturiko herritarrak gehiago identifikatzen dira La Sexta eta Tele5 kateekin ETB1ekin baino. Txostena aurkezteko ekitaldia ateak itxita egin zuten ekainean, baina, astelehenean, EITBren Kontrolerako Batzordera eraman zuten ikerketa, Elkarrekin Podemos taldeak eskatuta.

Ikerketa egin duen taldeko buru Manu Castillak saioan azaldu zuenez, 2.300 herritarri galdetu zieten, galdekatzaileak haien etxera joanda. Lehendakaritzako Azterlan Kabinetearen zuzendaria da Castilla, eta EITBko komunikazio burua izan zen 1995etik 2009ra. Castillaren taldeak Eurobarometroa izan zuen erreferentzia galdeketa egiteko.

«Argi dago badagoela zertan hobetu», esan zuen Castillak. «Baina, herritarren artean, oro har, EITBren balorazioa ez da txarra baizik eta ona, balorazioak bost, sei eta zortzi inguruan baitabiltza», gaineratu zuen.

«Aztertzen baduzu EITBko hedabideen irudi publikoa dituen ikusle-entzule kopuruarekin alderatuta, zalantzarik gabe argi geratzen da EITBren irudi soziala haren kontsumoaren gainetik dagoela», esan zuen Castillak asteleheneko batzordean. Gaineratu zuenez, fenomeno bera gertatzen da baita irratian ere, eta—neurri txikiagoan— EITBko webgunearen inguruan. Izan ere, galdetutakoen %26k bakarrik ezagutzen dute EITBren webgunea, eta soilik %17k erabiltzen dute. «Datu baxuak dira, zalantzarik gabe», esan zuen.

Irratigintzan ere herritarrek irrati publikoen eskaintza gutxi ezagutzen dutela onartu zuen Castillak, baina hori zergatik gertatzen den azaldu nahi izan zuen: «Ikerketen arabera, bakarrik herritarren erdiek entzuten dute irratia. Guri datu hauek oso baxuak iruditzen zaizkigu guk irratia entzuten dugulako, eta gure ingurukoek ere bai. Horregatik uste dugu jende guztiak entzuten duela irratia». Gaur musika irratiak informazio irratia gainditu duela esan zuen txostengileak. SER eta Los Cuarenta Principales entzuten dira gehien EAEn, EITBren irratien aurretik. «Baina hori arindu egiten du EITBren irratien irudi publiko hobeak», argudiatu zuen soziologoak.

PPko taldearen ordezkari Nerea Llanosek ikerketaren emaitza harrigarriak zirela esan zion Castillari. «Guk kontraesana ikusten dugu halako balorazio altuaren eta halako entzule datu —kasu askotan— baxuen artean». EAJko eta EH Bilduko ordezkariek ez zuten galderarik egin. Ekaineko ponentzian txostengileen azalpenak entzunak zituztela esan zuen EAJko Ana Oregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.