Ehunka langile kaleratuko dituzte AEBetako hedabide digital nagusiek

'Huffington Post' eta 'BuzzFeed' Facebooken algoritmo aldaketaren biktima dira, adituen aburuz

The Huffington Post eta HuffPost plataformaren sortzaile Arianna Huffington, Davoseko Forumean. LAURENT GILLIERON / EFE.
Edu Lartzanguren.
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Lehertu al da informazio digitalaren burbuila? Galdera hori bolo-bolo dabil azken orduetan, AEBetako agerkari digital aitzindari BuzzFeed eta The Huffington Post-ek ehunka langile kaleratuko dituztela iragarri dutenetik. Egunkari eta bestelako hedabide tradizionalen aurrean, informazioa Interneten bidez bakarrik zabaltzeko plataforma iraultzaile gisa agertu ziren hedabide digitalok, 2005. urtean (The Huffington Post) eta 2006an (BuzzFeed). Baina hedabideon luzerako negozio eredua zalantzan jarri izan da askotan.

BuzFeed-ek 1.700 langile zituen 2017ko abenduan, eta 260 milioi euroko diru sarrerak eduki zituen iaz. New Yorkeko hedabideak ingelesezko, frantsesezko, gaztelerazko, arabierazko, alemanezko, portugesezko eta japonierazko bertsioak ditu. 200-250 langile kaleratuko ditu; hau da, bere langileriaren %15 inguru. Espainiarako BuzzFeed itxiko dutela iragarri dute, eta ekainean esan zuten Frantziarakoa itxiko zutela.

HuffPost-ek ere New Yorken du egoitza. BuzzFeed-ek dituen hizkuntzetako bertsioez gain, koreerazko, grezierazko eta italierazkoak ditu. Verizon Media konpainiaren parte da, eta enpresa horrek langileen %7 kaleratuko dituela iragarri du. 24 kazetariri eragingo die lanpostu murrizketak; Iritzia eta Osasuna sailak itxiko dituzte. Pulitzer sarirako finalista izandako kazetari bat —Jason Cherkis— dago kaleratuen artean. Verizonek, denera, 800 langile kaleratuko ditu (11.000 ditu).

«Burbuila lehertu da»

Eztanda espero zuela esan du Koldo Meso EHUko Gureiker ziberkazetaritzaren ikerketa taldeko kideak. «Duela hamar urte, krisia hedabide tradizionaletan izan zen; paperekoetan, esaterako. Eta hedabide digitalak sortzea aukera on gisa ikusi zuten tradizionaletatik ateratako kazetariek», adierazi du irakasleak. «Hamar urte geroago, burbuila lehertu da, eta ez dago lekurik guztientzat».

Duela urtebete Facebookek algoritmoa aldatu izana erabakigarria izan da leherketan, Mesoren arabera. Izan ere, konpainiak lehentasuna eman zien herritarrek sorturiko eta partekaturiko edukiei, eta ikusgarritasuna kendu zien hedabide digitalek eginikoei. Ondorioz, hedabideetako trafikoa asko murriztu zen; heren batera, hainbat kasutan. «Orain ez dute hainbeste diru eskuratzen publizitatetik, Google eta beste bilatzaileek lehia egiten baitiete».

Lehendik ere izena duten hedabide tradizionalek hobeto eutsiko diote erronkari, Mesok esan duenez, halako krisi garaietan hedabideok konpentsa baitezakete alde batetik galtzen dutena. Orain galdera honako hau da: burbuilaren leherketa hedabide digital horien amaieraren hasiera da, edo berez dagokien tamaina hartuko dute inausketaren ondoren? Mesoren arabera, perretxikoak bezala sortu ziren 2008an hasitako krisitik, eta, orain, asko galduko dira, eta berriak sortzea oso zaila izango da. «Hau latza izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.