Euskal kazetaritzan sakonduko duen ziklo bat egingo du 'Argia'-k

Datorren astetik aurrera hiru hitzaldi eta errezital bat egingo dituzte Donostiako San Telmon

Garmendia, Ostolaza, Etxeberria, Landa, Olariaga, Soto, Josevisky eta Eizagirre, atzo, Donostiako agerraldian. JON URBE/FOKU.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Ehun urte bete ditu Argia aldizkariak, eta hori ospatzeko ekitaldiak egiten dabiltza azken hilabeteotan. Datorren astetik aurrera, Argia 1919-2019: Zerukotik lurrekora zikloa egingo dute. «Kazetaritza aldetik gehien sakonduko duen ekitaldi sorta izango da», esan zuen atzo Estitxu Eizagirrek. Kazetaren zuzendaria izan zen, urtarrilean kazetak zuzendaririk ez izatea eta oro har hierarkia ezabatzea erabaki zuen arte. «Ziklo honek kazetaritza altxor horretan sakontzen lagunduko digu euskaltzaleoi».

Donostiako San Telmo museoan egitekoa da zikloa, eta hantxe aurkeztu zuten, atzo goizean, Altzoko erraldoiaren eskularruak, kapera eta bestelako objektuak erakusgai dituen leihotik gertu. Izan ere, Argia astekariaren lehen aleak ikusgai edukiko dituzte han, maiatzaren 31ra arte, museoko zuzendari Susana Sotok azaldu zuenez. Horrez gain, ehun urteko soka-dantza dokumentala egongo da ikusgai.

Argia-k agindu du lau emanaldiak «oso bereziak» izango direla. Izan ere, ziklo horretarako propio prestatuak direla esan zuen Eizagirrek, eta «bidea urratu duten pertsonek» egingo dituztela, «iraganari aurrerantz begiratzen dioten pertsonek».

Koldo Izagirrek egingo du horietako lehena. Mendearen umeek munduari desafio hitzaldia emango du datorren asteartean, maiatzaren 21ean. Gabriel Arestik 1964. urtean orduko Zeruko Argia-n argitaraturiko Mendearen semeok artikuluan oinarrituko da Izagirreren hitzaldia. «Euskal kulturadun hutsak ezin bagintezke, asma dezagun kultura berri bat, munduko kulturaren abangoardian martxa gaitezen. Ahal duguna salba dezagun, eta apur hori eraberritu dezagun. Ateratzen denarekin, munduari desafio diogun. Horrela salbatuko gara», idatzi zuen Arestik hartan. Etorkizunerako begirada hori egin zaio deigarri Izagirreri, eta aldizkarian zaharkituaren eta berritasunaren inguruan sorturiko eztabaidez arituko da.

Bigarren emanaldia maiatzaren 22ean egingo dute, asteazkenez. Hitzaldi ilustratua izango da, Antton Olariaga eta Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariek lau eskutara eginikoa 100 urte ehunka irudi izenburupean. Olariagak 40 urtez aldizkariarentzat eginiko lana erakutsiko du. «Nire ibilbidea laburragoa izan denez, azken joerak erakusten saiatuko naiz», esan zuen Larratxek atzo.

Enpeinatzea ez bada libre errezitala egingo dute Joxemari Ostolazak, Malores Etxeberriak eta Josu Landak maiatzaren 24an, ostiralean. «Ehun urte asko ote diren ez dago oso garbi, batez ere poesia maite eta bizi baduzu», esan zuen atzo Etxeberriak. Poesia eta kantua entzungo direla azaldu zuen; «gainerako guztia, sorpresa».

Euskarazko kazetaritzaren «ajeak» aztertuko ditu Elixabete Garmendiak maiatzaren 28an. Euskarazko kazetariek historian pairatu duten jazarpenaren eta «normaltasunik ezaren» inguruan arituko da. Ondorioa aurreratu zuen atzo: «Euskarazko kazetaritza estigmatizatua izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.