Zinemaldiaren gaurko hasiera gala ETB1en emitituko dute

Woody Alleni egindako elkarrizketa emango dute bihar Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik. 'Zurriolako butaka' gaur hasiko da

Zurriolako butaka saioaren artxiboko irudi bat. Gaur abiatuko da, Lara Izagirre gonbidatu nagusia dela. GORKA RUBIO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Azken urteetako Donostiako Zinemaldirik ezohikoena gaur hasiko da alfonbra gorririk gabe, eta aurreko urteetan baino izar gutxiagorekin. Dena dela, foku denak hiriburura begira jarrita egongo dira datozen egunetan. Atzo iragarri zen nor izango diren jaialdiko gala nagusiak diseinatzeko arduradunak. Zehazki inaugurazio eta itxiera galena, Donostia sariko ekitaldiarena eta Euskal Zinema galarena: Jon Maia dantzari eta koreografoa zuzendari lanetan arituko da, eta Harkaitz Cano idazlea, berriz, gidoilari. Bada, ekitaldi horiek guztiak ikusteko aukera izango da ETBren eta TVEren kateetan. Bi hedabide publikoek saio berezietan jorratuko dute zinema jaialdia.

Aste honetan bertan, lankidetza hitzarmena sinatu dute EITBk eta Zinemaldiak, bi erakundeen arteko elkarlana berretsiz. Horren lekuko, gaurko inaugurazio ekitaldia ETB1en eta eitb.eus atarian ikusi ahalko dela 21:00etan zuzenean, baita hilaren 26an egingo den amaierako gala ere (20:30ean). Euskal Zinemaren gala (hilaren 22an, 22:30ean) eta Donostia Sariaren banatzea (hilaren 24an, 18:00etan) ETB4 katean emango dute. Horrez gain, ETBko albistegiek egunero eskainiko diote arreta Zinemaldiari: zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte.

EITB gala hilaren 23an egingo da Viktoria Eugenia antzokian 21:30ean, eta Alardea telesailaren atal berezi bat estreinatuko dute bertan. Udazkenean ETB1en emango dute telesailean, Itziar Ituño izango da protagonista, eta harekin batera agertuko dira Carmen Climent, Klara Badiola, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga, eta German Alzarazu aktoreak.

Emanaldi berezi horrez gain, kate publikoak La noche de... saioaren 25. urteurrena ere ospatuko du Zinemaldian. Euskal Zinemaren galan omenaldi txiki bat egingo diote, eta, hilaren 24an, Kristinaenea parkean programan eman zuten lehen filma proiektatuko dute: Bram Storker's Dracula.

Taldeko irratiek ere berariaz jorratuko dute jaialdia Euskadi Irratian eta Radio Euskadin, ohiko lantaldeaz gain, Arkaitz Basterraren eta Begoña del Tesoren azalpenak eta ekarpenak ere jasoko dituzte. Horrez gain, Jon Artanok Woody Allen elkarrizketatuko du, eta bihar emitituko dute Más que palabras eta Amarauna saioetan. Hilaren 24an, bestalde, Gazteako Dida Kursaaleko terrazatik egingo dute 09:00etatik 11:00etara.

RTVEk ere jaialdiaren gala nagusiak emitituko ditu La 2 katearen bidez. Inaugurazio eta itxiera galak zuzenean emango dituzte, eta gainerako galak, grabatu ondoren. Zinemaldiaren egunerokotasunari ere jarraipena egingo diote.

'Zurriolako butaka' saioa

BERRIA, Hamaika, Kanaldude, Irutxuloko Hitza eta Zinea hedabideen elkarlanari esker, aurten ere Zurriolako butaka saioa egingo dute. Inaugurazio galaren aurretik egongo da ikusgai programaren lehenengo saioa BERRIAren webgunean, 19:00etan. Urtero legez, elkarrizketatuen artean euskal ekoizpenak izango dira protagonista, eta gaurkoan Lara Izagirre zuzendaria izango dute gonbidatu nagusia. Nora filmaren egilea da, aurtengo Zinemaldian estreinatuko den euskarazko lehen filma. Hain zuzen, gaur bertan ikusi ahal izango da Zinemira saileko irekiera galan.

Eguneroko gonbidatuez gain, Zurriolako butaka-n erreportaje bat ere emitituko dute egunero. Tessa Andonegi aktoreak gidatutako saioan nazioarteko jaialdien inguruko pieza bat ikusi ahalko da gaur, EHUko udako ikastaro batean landutako gaia. Horrez gain, saioan parte hartzen duten komunikabide bakoitzeko kazetari batek egunero film baten inguruko iruzkina egingo ditu. Gaurkoan, Urtzi Urkizu BERRIAko berriemaileak Rifkin's festival filma eta Patria telesaila izango ditu hizpide.

Saioa Pablo Aguero zinemagilearen Akelarre filmaren irudiekin amaituko dute. Zinemaldiko sail ofizialean ikusgai egongo den Euskal Herriko ekoizpen bakarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.