Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Matilda Nieves, mencia bikaina

2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Aurrekoan Ribeiro inguruan egon ginen, Galizian. Galizian jarraitzen dugun arren, Ribeiro sor-marka alde batera utzi, eta Ribeira Sacrara joko dugu.

Cabe, Sil eta Miño ibaietako erriberen arteko eskualdea da, Lugoko probintziaren hegoaldean eta Ourensekoaren iparraldean dago; Monforte de Lemos da hiriburua.

Sor-marka bost azpilurraldetan banatuta dago: Amandi, Chantada, Quiroga-Bibei, Ribeiras do Miño eta Ribeiras do Sil.

Galiziako ardo sor-markarik zaharrenetarikoa da Ribeira Sacra, eta 1996an sortu bazuten ere, bi mila urtetik gorako historia du.

2.500 hektarean zehar hedatzen da mahastia, Galizia osoaren ehuneko bosta baino zertxobait gehiago, hemeretzi udalerritan zehar banatuta.

Ribeira Sacran izugarrizko biodibertsitatea dago, oso aberatsa da; bestalde, Europa osoko eliza erromanikoen kontzentraziorik handiena dago han. Beraz, aberastasuna ez dagokio soilik ardoaren ikuspegitik.

Inguruotako ardoak oso lotuta egon dira Donejakue bidearekin, eta mahasti asko eta asko antzinako monasterioetako soberakin lurrek osatzen zituzten terrazetan jarrita daude.

Upategiak txikiak dira, eta ekoizpenak ere halakoxeak.

Gaur hona dakardanak, Bodegas Rectoral de Amandik, 130 hektareatan lantzen ditu mahastiak, Amandi, Quiroga eta A Peroxa azpizonaldeetan. Bertoko orografiaren ondorioz, udan tenperatura altuak izaten dira, eta neguan leunak, eta, arraroa ematen duen arren, euri gutxikoak dira, eta nabarmena da mahastiek jasotzen duten eguzki argitasuna.

Upategia XVII. mendeko erretore-etxea izandako eraikin batean dago, eta hortik jasotzen du izena: Rectoral de Amandi. Ribeira Sacrako upategirik handiena da eta bi milioi botila ekoizten ditu urtean, gutxi gorabehera.

Mencia mahatsa da Ribeira Sacran lantzen den mahats beltz ugariena, eta, zuri bikainak egiten badira ere, gaur, upategiko beltz batean jarri nahi dut fokua: Matilda Nieves.

Mencia mahatsa mahats mordo txikietan hazten da, eta tamaina ertaineko mahats aleak ematen ditu. Ardo oso aromatikoak dira, eta fruta ugarikoak ematen ditu, kolore bizikoak eta egokiak ontzeko.

Matilda Nieves ardoak ez du, baina, egurrean ontzerik izan. Mugurdi eta masusta aromak eskaintzen ditu, erregaliz ukituarekin. Ahoan, berriz, oso orekatua agertzen da, tanino dotoreak eta leunak erakutsiz, eta luzea bezain freskoa dela azpimarratuko nuke.

Ez naiz sariei asko begiratzen dieten horietakoa, baina Decanter sarietan sari nagusia jaso du, Best in Show, alegia; oso ardo gutxik lortzen dute horrenbesteko errekonozimendua. Ribeira Sacrako mencia bikain bat ezagutu nahi baduzue hauxe da, zalantzarik gabe, aukera bikaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.