M-8arekin lotutako eduki ugari izango dira hedabideetan

BERRIAk zaintzari eskainiko dio bihar gai nagusia. EITBk kirolaren munduan jarriko du arreta. Euskal Irratiak hezkuntzaz arituko dira

Emakume bat feministen ikurra egiten, 2019ko Martxoaren 8an. LUIS TEJIDO / EFE.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Datorren asteartea izango da Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Euskal Herriko komunikabide ugarik berdintasunarekin eta emakumeen egoerarekin lotutako askotariko edukiak plazaratuko dituzte egunotan.

BERRIAk zaintzari eskainiko dio igandeko erreportaje nagusia; paperean zein webgunean irakurri ahalko dira testuak, eta, horrez gain, Berria telebistak bideo berezi bat prestatu du zaintzaren inguruan (ikusgai dago jada). Martxoaren 8an bertan, egunkariko emakumeek bat egingo dute Martin Ugalde parkeko (Andoain, Gipuzkoa) beste andreekin: giza katea egingo dute, 12:00etan, parketik abiatuta, Zapaltzen gaituen sistemari sua lelopean. Eta egun berean, egunkariak luze eta zabal jorratuko ditu Martxoaren 8ko mobilizazioak.

Eskualdeetako Hitza-tan eduki bereziak prestatu dituzte egunotan M-8arekin lotuta.

EITBk kirolaren munduan jarriko du arreta egunotan. Programazio berezia prestatu du taldeak emakumeek kiroletan duten presentzia aztertzeko: emakumezko kirolari ugari elkarrizketatuko dituzte datozen egunetan telebista kateetan eta irratietan. Euskadi Irratian, Maitane Urbietak bi solasaldi gidatuko ditu: lehenengoak emakumeak eta kazetaritza izango du ardatz, Ane Urkiri eta Nagore Odriozola kazetariekin; eta bigarrenean, emakumeen kirol antolaketari buruz arituko dira Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Herri Kirolak federazioko presidentea eta Garbiñe Etxeberria Realeko emakumeen taldeko kirol zuzendaria. Martxoaren 8an bertan, Faktoria irratsaioa Durangon (Bizkaia) egingo dute, eta herriko errugbi taldeko jokalariak gonbidatuko dituzte.

Martxoaren 7an, astelehenean, ekitaldi berezi bat egingo dute EITBren Bilboko egoitzan, Berdintasuna da helmuga izenburupean. Ana Ramos kazetariakgidatuta, solaskide hauek gonbidatuko dituzte: Maria Asun Quiñones Athleticeko jokalaria, Olatz Arrizabalaga pilotaria, Andrea Asturdillo Arraun Lagunak taldeko patroia eta Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Herri Kirolak Federazioaren presidentea. Solasaldia zuzenean ikusi ahalko da streaming bidez EITBren webgunean.

Kirol kontuez gain, berdintasunarekin lotutako emankizun gehiago izango dira EITBn: gaur,22:00etan, ETB1ek Emakume okerrak izeneko ikuskizuna emango du. Musikaren historiako zenbait emakumeren eta musika egileren bertsioak interpretatu zituzten emanaldi horretan. Ondoren, 22:55ean, Oholtzan saioan parte hartu izan duten emakume sortzaileen bilduma izango da ikusgai.

Hamaika telebistan kanpaina labur bat jarri dute martxan, herritarrei helarazteko katearen teknika arduradun, kamerari eta grafismo arduradunek emakume izena dutela. Aurreiritziak eta estereotipoak hautsi nahi dituzte modu horretan. Martxoaren 8an bertan, Hamaikak mobilizazioen berri emango du Gurean gaur, KZK eta Gakoak saioetan. Gurea gaur programara Esti Linares Deustuko Unibertsitateko ikerlari feminista eta Maialen Ferreira kazetaria gonbidatuko dituzte. Gakoak saioan, berriz, Izar Castillo gizarte hezitzailearekin eta Nekane Gartzia analista politikoarekin hitz egingo dute.

Euskal Irratiek —Antxeta irratia, Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza— eskola mundua eta berdintasuna gaia aztertuko dute. Horretarako, Itsasuko (Lapurdi) ikastetxe guztiek landu duten dinamikaren berri emango dute, eta Donibane Garaziko Nafarroa lizeoan egin dutena jasoko dute. Martxoaren 8an, Baionako manifestazioaren zuzeneko kontakizuna eginen dute. Urruñako Pausu, Hendaia eta Irun zeharkatuko dituen martxarena ere bai.

Aldarrikapen feminista ugari ere egingo dira egunotan euskal hedabideetan. Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak ohartarazi dute emakume kazetariek ez dituztela zuzendaritza postuak lortzen. «Emakumeek, gainera, soldata txikiagoak lortzen dituzte. Kazetariok segregazio horizontala jarraitzen dugu, eta emakumeen presentzia oso txikia da izen handiko ataletan». Kazetaritza feministaren aldeko apustua ihardetsi dute. «Kristalezko sabaiak eraistera deitu nahi dugu, benetako kontziliaziora eta kazetaritzaren esparru guztiak emakume profesionalengana zabaltzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.