Egunean Behin-en zuzeneko partida jokatuko da gaur ETB1en

22:30ean hasiko da saio berezia. Jokoak, batez beste, 60.000 parte hartzaile izan ditu astero

Parte hartzaileak sakelakoei so, herenegun, Korrika amaitu eta gero jokatutako partidan, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jakes goikoetxea
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Bukatu da Egunean Behin sakelako telefonoetarako jokoaren denboraldia. Jokalari bakoitzak ditu parte hartzeko ohitura propioak: ordutegia, bakarrik, taldean... Azkeneko denboraldi amaieretan egin den moduan —iazko uztailean eta abenduan— milaka ohitura indibidual horiek bat egingo dute zuzeneko eta aldibereko partida kolektibo batean: Biba Egunean Behin telebista bidezko lehiaketa jokatuko da gaur, 22:30ean, ETB1en.

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak, ETB1eko Biba Zuek magazinaren aurkezleek, gidatuko dute lehiaketa, eta Biba Zuek-en ekoizlea, New Media ekoiztetxea, arduratuko da saioaz. Eitb.eus-en eta EITBre Youtubeko kanalean ere ikusi ahal izango da saioa.

Azkeneko zuzeneko saioan, iazko abendukoan, 28.000 lagun baino gehiago konektatu ziren parte hartzeko. Telebista bidezko partida hark 64.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen, % 4,5eko ikusle kuota, %13,1ekoa euskaldunen artean.

Gaurkoak aurreko saioen antzeko egitura izango du: parte hartzaileek etxetik jokatuko dute, baina platoan pertsona ezagunak egongo dira, bertatik jokatzen. EITBk platoan izango diren bi bikoteren izen-abizenak zehaztu ditu: Alex Sardui (Gatibu) eta Maren abeslariak, eta Iban Garcia influencer-a eta Maite Azpiazuharen ama.

Lau partida jokatuko dira. Galdetegi bera erantzun beharko dute guztiek. Lehen hiru partidak parte hartzaile guztientzat izango dira; laugarren partida erabakigarrira, berriz, aurreko hiru partidetako hogei onenak pasatuko dira. Laugarren partida hori platoan jokatzera gonbidatuko dituzte Egunean Behineko txapeldun izandako batzuk.

Berritasun tekniko bat izango du gaurko partidak. Platoko lehiakideek ukimen pantaila baten bidez parte hartuko dute, eta galdera bakoitza erantzun eta gero, haien partidak eta denbora geratu egingo dira, erantzunak komentatu ahal izateko. Horrela, galderaz galdera, hamarreko sorta osatu arte.

Gaurko saioko irabazleak oporrak antolatu ahal izateko 2.000 euroko txartela jasoko du. Parte hartzaile guztien artean mila euroko txartel bat zozkatuko dute.

Fenomeno bat da oraindik ereEgunean Behin, CodeSyntax enpresak sortutako eta garatutako euskarazko aplikazioa. Azkeneko denboraldian, batez beste, 60.000 lagunek jokatu dute astero, eta 79.000 jokalarik jokatu dute partidaren bat, Luistxo Fernandez CodeSyntaxeko sortzaile eta langilearen arabera. «Jokoak hiru urte bete ditu, eta oraindik ere interesa du gaur egun», nabarmendu du.

Jokoaren etorkizunari dagokionez, Fernandezek uste du Egunean Behinek izan ditzakeela «irtenbideak»: «Horietako bat da jokoa esportatzea. Badaukagu horretarako gogoa, eta hori badugu buruan. Uste dut ereduakbeste hizkuntza batzuetan ere funtziona dezakeela, bai joko gisa, bai jokoak telebistako zuzeneko batekin konbinatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.