Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Bernardus Leopardi

2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Duela hiru bat urte, lurrikara itzela gertatu zen cavaren munduan, tsunamia.

Azken urteotako hainbat cavagileren kezkak entzun eta ulertu egin nituen. Ez dut esango begi bistakoa zenik, baina bai ez ninduela harritu gertatutakoak. Cava kontseilu arauemailearen babesean zeuden sei upategik—garrantzitsuenetarikoek, bikainenetarikoek— aurrerapauso bat eman eta beste marka bat sortzeko lehen urratsak egin zituzten: Corpinnat, hain zuzen ere.

Gaur egun Corpinnat erakundea hamar upategik osatzen badute ere, sorreran sei izan ziren, eta, haien artean, gaur hona dakarkizuedana: Llopart.

1385ean, urtarrilaren zazpian latinez idatzitako dokumentu batek esaten duen moduan, Bernat Llopartek (Bernardus Leopardi) mahasti batzuen lagatzea jaso zuen, gaur egungo Subiratseko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) Can Llopart sailean.

Gaur egun arte etenik gabe mantendu da Llopart familiaren lotura lur eta mahasti haiekin.

Mahasti bikainak baditu ere, bikainenak Les Flandesekoak direla esango nuke, Subiratsen, lehen aipatutako Can Llopart sailean. 380 metroko altueran daude mahastiok. Ingurua zoragarria da, basa zuhaixkez eta mediterranear basoz osatutakoa; pinuz eta artez osatutako basoz, alegia. Animalientzako ere paradisua da, eta han aurki daitezke basurdeak, urtxintxak, erbiak, saguzarrak, sugandilak, txantxangorriak eta abar luze bat.

Les Flandes mahastiz osatutako anfiteatroa dela esan daiteke, kareharriz osatutako hamabi metroko horma baten gainean kokatuta, harkaitzez osatutakoa.

Mahastia iparraldera begira dago, eta jasotzen duen eguzkiaren argia nahiko matizatua geratzen da. Inguruko lurrekin alderatuta nahiko goian dagoenez, iparraldeko aire freskoak gauaren eta egunaren arteko tenperaturaren kontraste nabarmena dakar, eta, horrekin, mahatsaren heltzea astirotu egiten da, heltze hori askoz hobea izaki.

Horren ondorioz, ardoetan adierazpen aromatiko bikaina dakar; heltze fenoliko bikaina eta azukre kopuru ona izan arren, ez da azidotasuna galtzen, eta horrek dakar, azken finean, ardoaren oreka eta bikaintasuna. Bestalde, hego-mendebaldeko airea ere iristen da mahastira, udako arratsetan, hezetasunez betea, eta, horren ondorioz, bi onura jasotzen ditu mahastiak: alde batetik, egunik bero eta lehorrenetan, gaueko kondentsazioa medio, ura ematen dio landareari, eta, bestetik, tenperatura kontrolatzen du, goizetako lurruntzeari esker.

Apardunak eta ardo lasaiak ere egiten dituzte. Lasaiak La vida secreta deritzon taldean sartzen dituzte, eta, bikainak diren arren, apardunak nabarmenduko nituzke denetatik. Bederatzi ardo apardun desberdin egiten dituzte: zazpi zuri eta gorri bi. Denak aipatzeko tokirik ez dagoenez, Leopardi eta Nectar Terrenal azpimarratuko ditut. Lehenengoa ontze luzekoa da, bikaina eta dotorea; nire ustez, upategiko ardorik bikainena. Bestea berezia da, postrearekin hartzeko bikaina, erdi gozoa baita. Biak bereziak eta ederrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.