Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Terrazatxoa eta biloba

2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Viñedos de Paganos Arabako Errioxako upategia da, upategi modernoa esan daiteke. Paganosen dago, Guardiako udalerrian, alegia. Upategia bitxia da, ederra. Mahastien azpian dago, arroka zulatuta egindako hutsartean. Bi mahasti ditu jatorri, El Puntido eta La Nieta ardoak egiteko.

Partzelek ematen diete izena ardoei. El Puntido 25 hektareako mahastia da. Lurzoru buztin-karetsuz osatua, eta zorupea hareaz osatua da. 1975ean landatutako tempranillo mahatsez osatua dago, eta ontze organikoa jasotzen du. Mahats horiekin egiten dute El Puntido ardoa.

Antzinako gazteleran puntido hitzak zera esan nahi zuen: terrazatxoa edo... hori da, hain zuzen ere, El Puntido partzelak duen itxura, terrazarena, Kantauriar mendilerroaren eta Ebroren arteko sakonuneak osatzen duen terrazatxoa.

Beste mahastia La Nieta da. 1,25 hektarea baino ez dira, sakontasun txikiko zorua duen partzela batean landatua eta, hemen ere, tempranillo mahatsa dago landatuta. La Nieta ardoa mahats horiekin egiten da, alez ale txortena kendu, eta zapaltze tradizionala jaso ondoren. Ardo dotorea, benetan.

Upategia Eguren familiarena da, eta mahastien aukeraketari eta erabat zaindutako ardoztatze prozesuari esker, izugarrizko kalitatea erakusten duten ardoak egiten dituzte.

Mahats bilketa oso selektiboa izaten da eta, jakina, eskuz egiten da. La Nieta egiteko, txortenak kendu ondoren, modu tradizionalean zapaltzen dira mahats-mordoak. Lortutako muztioak frantziar upel berrietan hartzitu ondoren, Bordeleko upel berrietan onduko da hemezortzi hilabetez.

Eguren familia 1870az geroztik ari da ardogintzan eta mahastizaintzan. Errioxako San Vicente de la Sonsierra herrian ditu sustraiak bere burua mahasti bildumagiletzat hartzen duen familiak.

Bost belaunaldiz egin dute lan, klasizismoa berritzeko, ardo dotoreak bezain freskoak eta zoliak egiteko, baina era berean, boteretsuak, ahaltsuak eta egituratuak, epe luzean irauteko modukoak.

Taldearen buruan Marcos eta Miguel Eguren daude, eta haiek esaten duten moduan, «nekazariak gara batez ere».

Jatorrizko upategia Sierra Cantabria bada ere, taldekoak dira Señorio de San Vicente, Toro sor-markapeko Teso de la Monja, Dominio de Eguren, Viñedos Sierra Cantabria eta aipatu dugun Viñedos de Paganos.

Viñedos de Sierra Cantabria jatorrizko upategian dago, baina klasiko berriak bilatzen ditu, eta 1998an sortutako Viñedos de Paganos, berriz, upategi modernoa da, ekoizpen txikiagokoa, haiek esaten duten moduan, «ezohiko mahastietako ardo bakanak» egiteko.

El Puntido bikaina da, eta are gehiago La Nieta. Tempranilloaren bikaintasunaren isla biak ala biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.