'Teknopolis'-ek irudia berrituta ekingo dio sasoi berriari

Asteburuan emango dute lehen programa. Edukiei eutsiko diete, eta andre ikerlari eta zientzialarien ikusgarritasuna bultzatuko dute

Teknopolis saioko lantaldea, atzo, Usurbilen egindako denboraldi berriaren aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
ainara arratibel gascon
Usurbil
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Gaztetuta eta itxura berriarekin» ekingo dio asteburuan denboraldi berriari Teknopolis saioak (larunbata, 13:30, ETB1; igandea,13:30, ETB2 ). Elhuyarrek eta EITBk elkarlanean egiten duten programak 22. denboraldia beteko du pantailan, eta, erreportajeen generoa oinarri hartuta, zientziari eta teknologiari buruzko gaiak jorratu eta xehatuko dituzte asteburuero, «Erritmoaren eta sakontasunaren arteko oreka bilatuz», Iñaki Leturia eta Nagore Rementeria zuzendariek azaldutakoaren arabera.

Elhuyarren egoitza nagusian, Usurbilen (Gipuzkoa), egin zuten denboraldi berriaren aurkezpena, atzo. Oraingo honetan ere, zuzendari lanak ez ezik, aurkezle lanak egingo ditu Leturiak. Lehen ataletan, besteak beste, garagardoaren ekoizpenean dauden berritasunak azalduko dituzte, Arabako dinosauroak ezagutuko dituzte, eta saguzarren bila ibiliko dira Alkizan. Erreportaje nagusiez gain, saioak atal berezituak izango ditu. Horietako bat izango da, besteak beste, Atariko proban. Bertan, ikertzaileak gertutik ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Saioari «lifting bat» egin diotela onartu zuten atzoko aurkezpenean Leturiak eta Rementeriak. «Tokatzen zen irudia aldatzea, tarteka egiten baita hori». Baina «arimak» lehengo bera izaten jarraituko du. «Edukiek ondo funtzionatu dute orain arte, eta ez dugu aldatzeko beharra ikusten». Hala, erreportajeek izango duten pisua berretsi zuen Rementeriak: «Uste dugu generorik aproposena dela halako gaiak sakontasunez lantzeko. Modu dibertigarri batean egin nahi dugu hori, gainera».

Ikusleak, gora

Teknopolis-en moduko saioak«ezinbestekoak» direla adierazi zuen ETB1eko Programazio zuzendariorde Xabi Aurrekoetxeak. «Kualitatiboki, batez ere, funtsezkoak dira. Aurreko denboraldian, dena den, kuantitatiboki eresaioak urrats bat emateko erronka jarri genuen, eta lortu dugula esan daiteke». Aurrekoetxeak emandako datuen arabera, duela bi urte ETB1en saioak %1,8ko ikusle kuota izan zuen; iaz, berriz,%2,6. ETB2n ere %3,9tik %4,2ra igo zen. «Horrek erakusten du ikusleak halako saioetara gerturatzen direla, eta hori oso inportantea da».

Elhuyarrek zientzia euskaraz dibulgatzeko egiten duen lanean Teknopolis-ek «leku eta garrantzi nabarmena» duela berretsi zuen erakundeko zuzendari nagusi berriak, Jon Abrilek. «Programa gutxik betetzen dituzte 22 denboraldi, are gutxiago egungo telebistaren munduan. Zorioneko gara astero-astero halako saio bat bat izateagatik, eta ETBri eskerrak eman nahi dizkiogu bidelagun izateagatik».

Zientziaren eta teknologiaren munduan emakumeek duten presentzia ikusarazteko Elhuyarrek egiten duen ahaleginak programan ere isla izango duela nabarmendu zuen Abrilek. «Azken denboraldietan saioak jorratutako bideari segida emango diogu honetan ere, guztiz maskulinizatutako munduak izan baitira askotan zientziarena eta teknologiarena. Guk, ordea, erakutsi nahi dugu badirela emakume zientzialariak eta ikerlariak, eta bertan leku bat dutela. Behar beharrezkoa da ikuspegi feminista eta feminizatu hori. Hor ere gure ekarpena egin nahi dugu».Hori berretsi zuen Leturiak. «Aspaldi jarri genituen betaurreko moreak, eta denboraldiero graduatzen ditugu».

Amaia Eskisabel Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariaren arabera, Teknopolis «erreferente» da zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren zabalkundean. «Gure ustez, hezkuntza, ikerketa, zientzia eta teknologia funtsekoak dira etorkizunerako. Ez bakarrik ikuspegi ekonomiko batetik, baita gizarte hobeago eta irekiago bat eraikitzeko ere».

Hori sustatze aldera, programa «funtsezko tresna» iruditzen zaio. «Espero dugu gero eta harrera hobeagoa izaten segitzea, batez ere gazteen artean; eta Elhuyar eta ETBren moduko eragileek halako apustu bat egiten segitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.