Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Garnatxa bikaina

2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
2011ko ekainean, Gredoseko garnatxei buruzko artikulua idatzi nuen leiho honetan. Elkarte bat eratzeko bilera aipatzen nuen han. Elkarte hori 2013an eratu zen, ofizialki, eta Madril, Toledo eta Avilako (Espainia) hainbat proiektu eta haien buruak agertzen ziren. Tartean, gaur hemen erakutsi nahi dizuedan Jimenez Landi upategia, eta haren ardo bikainak, garnatxaz eginikoak, noski.

Mentrida (Toledo, Espainia) herriaren izena bada ere, sor-markari ere izena ematen dio, eta upategiak egiten dituen ardo guztiek daramate sor-marka horren babesa.

Mentridak izugarrizko tradizioa du ardogintzan eta mahastizaintzan. Madriletik mendebaldera dago, berrogeita hamar bat kilometrora, Gredosko mendizerrako ertzetan. Familia proiektua da Jimenez Landi upategia.

Oinetxe zahar batean dago upategia. Haien arbasoek gaur egun botila zaharren kanposantua dagoen lekuan dauden ardo-treska edo tinetan egiten zuten ardoa. Gaur egungo upategia 1963. urtean sortu zuten.

Egun, Jose Benavides Jimenez-Landik zuzentzen du upategia, ingurumenari zor zaion errespetua oinarri duela, tradizioaren eta inguruaren arteko oreka erakutsiz.

Oso ekoizpen txikikoak dira ardo guztiak, lurren eta mahats moten (batez ere garnatxa) ezaugarriak eta nortasuna islatzeko helburuarekin.

Jimenez Landik garnatxarekin egiten du lan, batez ere, baina inguru horietan oso ondo egokitu diren beste mahats mota batzuk ahaztu gabe.

Mentrida eta Real de San Vicente herrietan dituzte mahastiak. Mahastiak lurzoru hareatsuetan eta granitikoetan daude; oso degradatuak, materia organiko urrikoak, azidoak eta kare gutxikoak, 550-650 metroko altueran.

Mentridako mahastiak, hamabost eta berrogei urte bitartekoak, hamabost hektareatan hedatzen dira.

Real de San Vicentekoak (Toledo, Espainia) berrogei eta hirurogeita hamar urteko mahastiak dira, garnatxaz osatutako bost hektarean zehar zabaltzen dira, lurzoru hareatsu granitikoetan.

Partzela oso txikiak dira eta, Mentridakoak bezala, modu ekologikoan lantzen dira.

Ardogintzari dagokionez, oso metodo naturalak darabiltzatela azpimarratuko nuke, legamia autoktonoekin baino ez dute lan egiten. Ardoztatze lanetan, 500 eta 3.000 litroko upel frantziarrak erabiltzen dituzte, eta ez dituzte ardoak iragazten, ezta hotzarekin egonkortzen ere. «Ardo finak, freskoak dotoreak, sakonak eta orekatuak nahi ditugu», zehaztu dute. Ez da gutxi.

Lau ardo egiten dituzte, denak beltzak: Bajondillo, Sotorrondero, Pielago eta Ataulfos. Lehengo biak garnatxa eta syrah mahatsez eginak dira, beti ere garnatxa nagusituz; eta Pielago eta Ataulfos, berriz, garnatxa hutsez daude eginak.

Denek merezi badute ere, upategiko ardorik bikainena Ataulfos da, zalantzarik gabe.

Partzela bakar bateko ardoa da, eta mahasti horren ezaugarri bakanak islatu nahi ditu. Ardo freskoa, fruta ugarikoa, lore usain eta mineraltasun bikainekoa sudurrean. Ahoan, berriz, heldua da, adeitsua, gozoa... garnatxa bikaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.