Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Manchuelako altuerako ardoak

2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Cuenca lurraldean, Gaztela-Mantxa autonomia erkidegoan, Landete herrian dago Altolandon upategia. Valentzia, Cuenca eta Teruel probintzien artean dago Landete, 1.100 metroko altueran.

120 hektarea ditu lursailak, eta bertan dago upategia. Ardo bikainak eta kalitatezkoak egitea du helburu, eta horretarako mahats bikainak behar dituzte; mahastizaintza lan bikaina egiten dute, landatze unean, mahats motak aukeratzerakoan, eta klon eta oinik egokienak aukeratuz, klima eta lur mota kontuan izanik.

Beste inoiz esan dugun moduan, altuera handietan dauden lurrek baldintza apartak ematen dituzte kalitatezko ardoak egiteko, eta horiei izaera bakanak bezain bereziak eskaintzen. Ezin da ukatu ardoa mahatsetik datorrela, baina lurraren ezaugarriek eta altuerak izaera berezia ematen diote.

Altuera handiagoan eguzkiaren erradiazioa handiagoa eta hobea da, eta egunaren eta gauaren arteko tenperaturentartea nabarmenagoa da. Horrek heltze egokiagoa eta lasaiagoa dakar, alde batetik; eta azidotasun bikaina, bestetik. Bestalde, altuera handiak tanino gehiago ere badakar, baita aromen zein zaporeen areagotzea ere.

Altuera eta klima ezaugarri horiek medio, mahatsa astiro-astiro heltzen doa; garauak txikiagoak izaten dira, eta azalaren proportzioa mamiarekiko handitzen da. Azpimarragarria da hori ardo beltzetan, taninoak azalean kontentratzen baitira.

Aromez eta zaporeaz zein azidotasunez gain, aipatutako baldintzek eragin itzela dute kolorean, eta ezaugarri horiekdenak batera upelean zahartzeko oso ardo egokia izatea dakarte.

Altolandon upategian errespetu handiz lantzen dituzte mahastiak, denak ere modu ekologikoan.

Altuerako haizeak airea garbitzen du, eta landarediak osasuntsuago hazten dira, pestizidak saihestuz. Gainera, inoiz lurra ondu behar bada, ongarri naturalekin baino ez dute egiten.

Lursail guztia mahats mota eta lur moten arabera banatuta dago. Ikerketa zehatz baten ondoren erabaki zuten lur bakoitzari zein mahats mota zetorkion ondo, lurzoru pobre eta ekoizpen txikikoak, franko-haretsuak eta harritsuak. Lur desberdin horietako bakoitzak ukitu desberdinak ematen dizkio mahatsari, eta, horregatik, ardo bakoitzak jatorrizko lurraren ezaugarriak islatzen ditu.

Mahats hauek lantzen dituzte: beltzen artean, bobal, malbec, syrah, garnatxa, merlota, tempranillo, cabernet sauvignon eta cabernet franc; eta, zurien artean, chardonnay eta garau txikiko moskatela.

Ardoztatzea 6.000 litroko deposituetan egiten dute, eta muztioa 2-3 astez egoten da azalekin beratzen, tarte horretan tenperatura erabat kontrolatuz. Hartzidura alkoholikoa burutzen denean, 225 litroko upeletara pasatzen dute ardoa, bertan hartzidura malolaktikoa egiteko.

Lortu nahi den ardoaren arabera, ardook 8-24 hilabete emango dute upelean.

Zortzi ardo beltz eta bi zuri egiten dituzte upategian. Rayuelo (bobal) nabarmenduko nuke beltzetan, eta, zurietan, moskatelez eginiko Doña Leo. Denak Manchuela sor-markan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.