Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Legeltxorra

2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Montgros mendiaren oinetan dago Clos Lentiscus. Betidanik landu dute lurra, baina esan daiteke 2001ean hasi zutela ziklo berri bat, gaur egun upategiaren jabe den Manel Avinyoren aita hil zenean. Lugorri bilakatutako mahastiak birlandatzen hasi ziren, eta Avinyo familiaren upategia zein masia berreskuratzen.

2001ean Manel eta Joan anaiek haien buruetan zuten ideiari forma ematea erabaki zuten: inguruari erabateko errespetua erakutsiz eta haien mahatsen bitartez paisaiaren argazkiak egitea.

Onibar hau XIV. mendeko familia etxeaz, hogei mahasti hektareaz eta beste 45 baso hektareaz osatuta dago. Garrafeko (Bartzelona, Katalunia) parke naturalean dago, hegoaldera, Mediterraneo itsasoari, begira. Masia mahastiz inguratuta dago, berto-bertoko mahats motez osatutako mosaiko batean: Sitgeseko malvasia, xarel.lo eta xarel.lo vermell zurietan, eta sumoll eta cariƱena beltzetan.

Sumoll mahatsez ardo onak egitea konplexua bada ere, Lentiscusen mahats barietate horretaz maiteminduta daude. Upategiko beste izarra Sitgeseko malvasia da. Lehenak izan zirenmahats mota horrekin apardun ardo monobarietala egiten.

Clos Lentiscus La Renaissance des Appellations ekoizle biodinamikoen elkarteko partaidea da. Nicolas Jolyk Frantzian sustatutako elkartea da. Hainbat herrialdetako bazkideek osatzen dute.

Lentiscusen oinarria, funtsa, biodinamika da, kareharriz eta hondarrez osatutako lurretan garatzen den nekazaritza biodinamikoa.

Garraf parke naturalean egoteak, babestutako toki batean, nekazaritza ekologikoa eta ingurumenaren kontserbazioa bermatzen ditu. Mahastiak hegoalderantz begira daude, eguzkiaz eta itsasoko haize leunaz gozatuz, tenperatura kontraste oso leunekin, ardo atseginak emanez.

Lentiscusen egiten diren lanek ilargialdiari eta astronomia zikloari jarraitzen diote. Prestakin biodinamikoak eta landare desberdinen belar-urak erabiltzen dituzte.

Lentiscusen ardoak naturalak direla esan daiteke, ez baitaukate gehigarririk: mahatsa, besterik ez. Ez dituzte sekula lur sailetako mahatsak nahasten. Lur sail bakoitzak ardo bat ematen du eta uztaldiak ere ez dituzten nahasten.

Ardo apardunak zein lasaiak egiten dituzte. Ardo batzuk anforan ere ontzen dituzte, eta orange edo laranja ardoak ere bai. Aniztasuna itzela da, guztia hemen aipatu ahal izateko, baina ardo apardunak nabarmenduko nituzke, Sitgeseko malvasiaz zein sumoll mahatsez eginikoak. Biak ala biak antzinako metodoak jarraituz egiten dituzte. Clos Lentiscus Kataluniako upategirik interesgarrienetako bat da, inongo zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.