Albistea entzun

Katalunia. Fiskaltzaren kereilaren zain

Babesa jaso ondotik, aurrera

Kataluniako fiskalen ezezkoaren ondoren, Espainiako Fiskalen Biltzarrak bere egin du Torres-Dulce estatuko fiskal nagusiaren tesia, eta Generalitatearen aurka kereila jarriko du aste honetan
Eduardo Torres-Dulce fiskal nagusia, erdian, fiskaltzako goi kargudunekin egindako bileran, atzo.
Eduardo Torres-Dulce fiskal nagusia, erdian, fiskaltzako goi kargudunekin egindako bileran, atzo. CHEMA MOYA / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 20

Aurrera jarraitzeko nahikoa babes jaso du Eduardo Torres-Dulce estatuko fiskal nagusiak. Ia bost orduz bildu da Fiskalen Biltzarreko kideekin, fiskal nagusiaren txostena eztabaidatzeko. Torres-Dulceren tesiarekin bat egin dute fiskal ia guztiek, eta, horrenbestez, kereila aurkeztuko dute Kataluniako Auzitegi Nagusian Artur Mas Generalitateko presidentearen, Joana Ortega presidenteordearen eta Irene Rigau Hezkuntza sailburuaren aurka, A-9ko prozesu parte hartzailea antolatzeagatik. Bost delitu inputa dakizkieke: desobedientzia eta prebarikazioa egitea, funtsak bide gabe erabiltzea, justizia eragoztea eta eskumenak usurpatzea. Zigortzekotan, inhabilitatu egin ditzakete. Fiskaltzak iragarri duenez, «aste honetan» jar dezakete kereila. Generalitateak, bestalde, ez du uste aurrera egingo duenik.

Fiskalen Biltzarraren erabakia ez da bete beharrekoa —fiskal nagusiak berdin-berdin aurkez dezake kereila biltzarraren onespenik gabe—, baina Torres-Dulceri babes irudia eskaini dio, Kataluniako Auzitegi Nagusiko fiskalek uko egin baitzioten Mas eta haren gobernukideak inputatzeari. Oraingoan, ordea, ia aho batez babestu dute; 27 fiskaletatik 22k. Hiruk ez dute parte hartu, eta bi uzkur agertu dira, alor teknikoak direla medio. Izan ere, formaren ingurukoak izan dira desadostasun gehienak, akusatu beharko lituzketen kargu publikoei buruzkoak. Baina ildoaren gainean ez da desadostasunik egon: A-9ari erantzuteko lege ekintzak hartu behar direlakoan daude. Ez da oso ohikoa izaten Fiskalen Biltzarrera deitzea. Azkenekoz orain hamar urte egin zuten.

Hortaz, bigarren aldiz igorriko diote Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako fiskal nagusiari Generalitateko kideen aurka kereilatzeko agindua. Astelehenean agindu zioten lehenengoz, baina Kataluniako fiskalek ez zuten arrazoi juridiko nahikorik aurkitu kereila ezartzeko, eta hori helarazi zioten txosten batean fiskal nagusiari. Idatzi horretan argudiatu dutenez, ez dute uste Generalitateak desobedientzia egin zuenik, ez baitzegoen «pertsona baten gaineko agindu argi eta zehatzik». A-9ko prozesu parte hartzailea antolatzeko ekintzak bertan behera uzteko agindu besterik ez zuen egin Auzitegi Konstituzionalak —Espainiako Gobernuak hala eskatuta—, baina ez zuen zehaztu politikariek bete ezin zitzaketen ekintzak zeintzuk ziren.

Bestalde, Kataluniako fiskalek gogorarazi zuten Auzitegi Konstituzionalak erabakia hartzeko duela eta, beraz, zaila dela ebaztea zein neurritan desobeditu den artean hartu ez den erabaki bat. Azkenik, ohartarazi dute legez kanpoko erreferendumetara deitzea 2005ean zigorgabetu zutela. Haatik, Masen gobernuari kritika gogorrak egin dizkiote fiskalek. Konstituzio akordioarekiko «leialtasun falta» eta trikimailu juridikoak erabiltzea leporatu diote. Ramon Espadaler Kataluniako Gobernuko Barne kontseilariak esan duenez, Kataluniako fiskalek Generalitatearen alde lerratuko da kereilaren aurrean.

Mas, Ortega eta Rigau forudunak izaki, Kataluniako Auzitegi Nagusiak ditu auzia ikertzeko eta epaitzeko eskumenak. Zibil eta penal aretoak hartuko luke horretarako ardura. Miguel Angel Gimeno presidenteak eta bost magistratuk osatzen dute. Gimenok horietako epaile bati emango lioke auziaren txostena idazteko ardura, eta, tramiterako onartzekotan, hura izango litzateke instrukzio epailea. Auzitegiko presidenteak, txostena egin duen epaileak eta beste batek erabaki beharko dute kereila tramiterako onartuko ote duten. Demokraziaren Aldeko Epaileak taldeko bozeramaile da Gimeno, eta kereila jartzearen aurkakoa. Hain zuzen ere, iragan ostegunean esan zuen A-9ak ez duela konstituzioa urratzen, eta, hortaz, ez dituela ondorio penalak eragiten.

Baina bestelakoa da Torres-Dulceren ustea. Haren esanetan, azaroaren 4an Auzitegi Konstituzionalak emandako agindua «irmoa, nahasezina eta erabatekoa» zen. «Ez zuen zalantza izpirik uzten». Fiskal nagusiaren txostenaren arabera, agindu horri muzin egitean, Generalitateak «Auzitegi Konstituzionalaren jurisdikzio osotasuna eta konstituzio ordena behin-behinean zaintzeko duen ardura» urratu du.

Estatuko fiskal nagusiaren iritziz, Kataluniako Gobernuak ez zituen betebeharrak bete, eta Auzitegi Konstituzionalaren mandatuarekin «guztiz kontrako» jarrera erakutsi du. Auzitegi Konstituzionalak parte-hartze prozesuaren aurka ebatzi ostean, Mas presidenteak bertan parte hartzeko eginiko deiak jaso ditu fiskalaren txostenak. Torres-Dulcek ere kontuan hartu ditu debekuaren ondoren kontsultaren webgunea ez itxi izana, eta Rigauk gidatutako Hezkuntza Departamenduak ikastetxeetako arduradunei eginiko eskariak, antolatzaileei ateak irekitzeko. «Gobernu autonomikoak kontsultaren prozesuaren garapena bere gain hartu du ofizialki». A-9a antolatzeko diru publikoa erabiltzeagatik funtsak bidegabe erabiltzea egotzi nahi die fiskal nagusiak.

Balizko kereilaren aurka defendatzeko argumentu juridikoak gertu ditu Generalitateak. Kataluniako fiskalek kereila ez jartzeko erabilitako argudioen antzekoak izango dira. Francesc Homs bozeramailearen arabera, defendatzeko zailtasun handirik ez dute izango. «Zuzenbideko argibide bat hartu besterik ez dago».

Homsen ustetan, PPk «ikusi nahi ez zituen irudiak» ikusi zituen azaroaren 9an, eta horregatik eraso dio Generalitateari, fiskaltzaren bitartez. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak, ordea, fiskaltzaren autonomia defendatu du, eta, gaineratu du erabakia edozein dela ere gobernuak errespetatu egingo duela.

Homsek ez du uste kereilak bide luzea egingo duenik, sinetsita baitago Generalitateak ez duela urratu legea. Hala eta guztiz ere, estatuari ohartarazi dio kereila aurkezteak izan ditzakeen ondorioen inguruan. «Nazioartean lotsagarri geldituko da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©KETTY MARCELO LOPEZ

«Perun hil egiten gaituzte; diktadura zibiko-militar batean bizi gara»

Mikel O. Iribar

Buruzagi indigenak azaldu duenez, Castilloren atxiloketa «bidegabeak» ez ezik, Perun duten krisi sozialak eta arrazakeriak ere eragin dituzte egungo protestak: «Ez dugu amore emango».
Peruko Kongresuak ez du onartu hauteskundeak abendura aurreratzea

Peruko Kongresuak ez du onartu hauteskundeak abendura aurreratzea

Ander Perez Zala

Hauteskundeak aurten egitearen alde agertu dira, egunotan, ordezkaritza duten alderdi gehienak, baina 54 parlamentarik egin dute alde, eta 68k kontra
<b>Sudango manifestari talde bat, armadak protesten kontra erabili duen indarkeria salatzeko mobilizazio batean, iazko ekainean, Khartumen.</b> ©ELA YOKES / EFE

Afrika eremu gatazkatsuagoa bihurtu da azken hamarkadan

Gorka Berasategi Otamendi

Kontinenteak zenbait hobekuntza egin ditu sustapen ekonomikorako alor batzuetan eta giza garapenean. Adituek ohartarazi dute azken urteetako lorpenak arriskuan daudela

Krisi politikoa eragin du Italian preso anarkista baten gose grebak

Mikel O. Iribar Arantxa Elizegi Egilegor

Alfredo Cospitok ehun egun baino gehiago daramatza protestan. 30 urteko zigorra du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...