Kataluniako erreferenduma. Diadako ospakizuna

Baiezkoa atzera-kontu bat da

Urriaren 1eko erreferendum erabakigarriaren atarian, aurrekaririk gabeko Diada izan da Katalunian. Zigorrak baztertu eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute katalanek, «baietz» esanez, geroari

Bartzelonako Graciako pasealekua erabat beteta, atzo, elkarte independentistek antolatutako ekitaldian. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Bartzelona
2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Hik bultza gogor hortikan, ta nik hemendikan. Ikusiko dek nola nola laister eroriko dan. Lluis Llachen kantuari euskaraz eman zion bizia Gorka Knorrek. Frankismoak eraikitakoa denen artean bota beharra aldarrikatzen zuten, eta demokrazia batean bizitzeko eskubidea ez dela lortzen, herritarrek borrokatzen ez badute. Atzo, Diadaren zurrunbiloan hitz horiek kantatu zituzten milaka eta milaka pertsonek ozen, denok indartu batek, bozkatzea helburu, errepublika independente bat nahi duten erabakitzeko, edo ez. Horixe baita kontua: libreki bozkatu eta erabakitzea. Iraganaren nostalgian herdoildu diren gobernatzaileen hertsitasunak, ordea, aurrekaririk ez duen agertoki bat ekarri du: atzokoa. Baiezkoaren atzera kontua hasi da, baina aspaldikoa da, baiezkoan dagoenak jaso dituen kalabazen ordaina, urriaren 1eko erreferenduma begi bistan duela. Zigorren bidez etorriko den egoera zailari aurre egiteko atzera bidea betiere, gaur bertan espero baita Madrildik iristea Auzitegi Konstituzionalak Trantsiziorako Legea bertan behera uzteko notifikazioa. Denak ez berdin, baina antzeko baitirudi askotan.

Atzokoa, ordea, herri baten nahiaren lezio demokratikoa izan zen, Espainiak ez bada, munduak arretaz begiratu beharko lukeena. Bartzelonako eta Cambrilseko abuztuaren 17ko atentatuetan hildakoak gogoan, minutu bat mututu zen jendetza Diadaren ekitaldi nagusiaren hasieran, txalo zaparradez hautsiz errespetuzko isilunea. Ondoren etorri zen Els Segadors ereserkia, ozen kantatu ere, burrunba egiteraino ezin kabitu zeuden kaleetan. Herrialde Katalanetatik heldutako jende guztiak jarraitu zituen ANC Batzar Nazional Katalanak jarritako irizpideak: ikur positiboa irudikatu behar zuten Gracia pasealekuaren eta Katalunia Plazaren bidegurutzean, ekialderantz handik jarraituz, eta Casanova kaleraino hedatu zen hegoalderantz, Graciako lorategietara mendebalderantz; Sant Joan pasealekua iparralderantz. Han kokatu ziren mendialdetik, itsasoaldetik eta Herrialde Katalanetako txoko guztietatik iritsitakoak, lau beso, 48 eskualdetan banatuak, Bai zioen tixerta soinean. Erreferenduma demokrazia da pankarta zabaldu zuten, handia, hautentsontzi batez atondua, eta Bakea eta askatasuna.

Carles Puigdemont Kataluniako presidentea eta Carme Forcadell legebiltzarrekoa pankartaren itzalean babestu zituzten. Nekatuta ziruditen biek ala biek, baina hor, adi, pantaila erraldoia ikusten, jendeak nola erantzuten zuen begira, Mediterraneoko bero hezeari izerdi gehiago erantsiz, etor daitekeena inork baino hobeto dakitenaren beldur, akaso. Gaur ematekoa da Espainiako Auzitegi Konstituzionala Trantsiziorako Legeari buruzko jakinarazpena. Atzo bero zegoen Bartzelona, eta gaur ere hala jarraituko du.

Nork bere arrazoiak

Bero dago Bartzelona ere, Ada Colau alkatearen azken zalantzengatik. 700 bat udalerrik hartutako konpromisoa bere egin dezan eskatu zioten, izan ere, Bartzelonak bozkatzeko bideak jartzen ez baditu, Katalunian ez da benetako erreferendumik egingo. Colauk atzo jakinarazi zuen bideak jarriko dituela; nola, ordea, argitu gabe. Gaur arteko epea dago zehazteko bideak zein izan daitezkeen, biderik baldin badago.

Masaren erdian, ordea, nork bere arrazoiak eta ametsak ditu. Francisc Sabardierrek, adibidez, milaka jendek bezala, ez du horrelako aukerarik inoiz bizi izan bere bizitza osoan —65 urte dauzka—. Perpinyatik etorri zen atzo, Ipar Kataluniatik, beste 650 lagunekin batera autobusetan: «Badakit jende gehiago iritsi dela autoz, Ikusi ditugu baten batzuk».

Badaki Herrialde Katalanak eraikitzeko denbora asko beharko dela, eta eurak direla azkenetakoak: «Bai, guk, Frantziaren menpe egonik, eta gutxiago baikara, zailago izango dugu. Zuei ere gertatzen zaizue. Lagunak baditugu Ipar Euskal Herrian. Baina hori ere iritsiko zaigu. Hemen gaude, herri bat garelako. 300 urte gauzkate frantsesek zapaldurik, baina hori baino lehen, eta bihar ere, katalanak izango gara beti». Familiarekin eta lagunekin zegoen Sabardier, atzoko unea gozatzeko gogoz. Urduri zegoen, emozioa ezin eutsi Euskal Etxean elkartutako euskal herritarrekin bat. Haiekin batera egin zuen Rambletarako ibilbidea, hantxe jendetzaren artean nahasteko, noiz denak bat egin: zahar, gazte, ume, beltz, zuri eta hori.

16 urteko neska-mutil kuadrila baten ondoan jarri ziren: Marina Ponsa, Maria Monroll, Pol Diaz, Pal Verdu eta Teresa Muñell Sabadellgoak dira, eta bozkatu nahi dute. Ponsak eman du lehen arrazoia: «Etorkizun hobea nahi dugu, eta espainiarren saiakerak kontrako norabidean doaz». Diazek, berriz, kezka dauka horrela jarraituz gero zer gertatuko den euren hezkuntzarekin: «Katalanez ikasteko eskubidea zapuzten saiatzen ari dira, eta guk ez dugu beste modu bat bizitzari erantzuteko. Katalanak gara, katalanez hitz egin nahi dugu, eta katalanez eraiki gure etorkizuna». Gustura geratu da. Hasperen egin du esaldi biribila bota ostean. Eta horixe nabari zen atzo Bartzelonan, arnas kolektibo bat.

Julia Salada eta Carla Sanchez ere gazteak dira, Manresatik etorritakoak. Saladak independentzia nahi du, baina hori baino lehen, «gutxienez» erabakitzeko eskubidea. «Nahi nuke ezezkoan dagoen jendeak ere bozkatzea, horrek emango ligukeelako benetan legitimitatea». Bere izeba Pilar Sanchezek, berriz, eskaera horiek guztiak eginak zituen erantzunak espero zituenean. Alabak eta ilobak eskatu diote bere iritzia eman diezaioten BERRIAri, euren jarrera hobeto azalduko duelakoan. «Orain ikusi dut erantzuna gurea besterik ez dela, eta bereziki ideia batek hartu du garrantzia niretzat: duintasunak. Hori pentsatzeak gauza asko aldarazi dizkit. Jada ez da berdin ezer, eta harro nago horrela pentsatzeaz».

Anabela Rodriguez, hiru umerekin dago. Jordi Campos senarra ur bila joan da. Bera Ekuadorkoa da. Hogei urte daramatza Gironan, hiriburuan. «Nire etxea da, eta etorkizuna eman digu. Lurralde hau maite dut, jendea». Katalanez erantzun ditu galderak , eta «ilusio handiz» bizi du gertatzen ari dena: «Gure seme-alabek nik umetan izan ez nuena izango dute. Amarekin etorri nintzen hona, triste eta ezer gabe, eta orain ilusioa daukat».

Carmen Brunet eta Neus Cancut, berriz, autobus geltoki batean daude eserita, atseden hartzen. Baiezkoaren motxila daukate biek, eta zergatik dauden Bartzelonan galdetuta, barrezka hasi dira: «Non egongo gara ba, hemengoak gara eta».

Mezua Euskal Herriari

Betidanik maite izan dute independentzia, baina biek unisonoan nabarmendu dute ez dutela independentzia eskatzen: «Guk demokratikoki erabaki nahi dugu. Bizitza osoa daramagu hori eskatzen, baina azken sei urteotan, indarrak hartu ditugu», nabarmendu du Brunetek. «Uste dut orduan hasi ginela konplexuak gainetik kentzen», dio barreari ezin eutsirik. 76 urte dituzte, eta euren ilusioa litzateke «benetan independente bizitzea».

Euskal herritarrentzat ere izan dute mezurik, eta ez oso baikorra: «Guk begiak beti izan ditugu Euskal Herrian jarrita, eta orain ikusten ari gara, ez dagoela gureganako halako elkartasunik. Azken aldian hango gobernuko ekintza batzuek txundituta gauzkate. Beldurrik gabe esaten dugu, ez daukagulako ezer galtzekorik: eta non daude herritarrak?».

Joan Rubio, berriz, boluntario dago, martxa guztia kudeatzen. «Zergatik boluntario? Beharrezkoa delako, eta harro sentitzeko arrazoiak ematen dizkidalako». 50 urte dauzka, eta independentistaren azalean 6 bat urte. «Lehen ez nion garrantzirik ematen. Baina ikusi nuenean zer gertatzen ari zen, nire bizitzari zentzu bat eman niola sentitu nuen. Kolektiboki lan egitea gauza ederra da».

Mezu bat dauka hark ere euskal herritarrentzat: «Behin edo bitan egin dezakegu, eta ez dugu agian lortuko; igual hirugarrenean ere ez, baina egin daiteke, eta iritsiko da, Euskal Herrian ere bai, hala nahi badugu». Emozioak gainezka esan du agur. «Gu baiezkoan gaude, eta gertatuko da». Denen artean bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.