Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Errepublika katalana, abian

Publizitatea

Mundua

Katalunia. Errepublikaren aldarrikapena

Errepublika katalana, abian

Katalunia estatu independente deklaratu du parlamentuak, 70 diputaturen babesarekin. Trantsizio legea ezartzeko eta prozesu eratzailea martxan jartzeko neurriak eskatu dizkiote Generalitateari
Kataluniako Parlamentuko bozketanparte hartu zuten diputatuak txalojotzen, atzo, independentzia aldarrikapena onartu ondoren.
Argazkia: ALBERTO ESTEVEZ / EFE

2017-10-28 / Jon O. Urain - Berriemaile berezia

Kataluniako Parlamentuak estatu independente deklaratu du herrialdea, errepublika gisa. 2013ko subiranotasun deklarazioaren ostean, 2014ko azaroaren 9ko «prozesu parte hartzailearen» ondoren, 2015eko irailaren 27eko «plebiszitu izaerako» bozetan botoa eman eta gero, eta joan den urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumean baiezkoak irabazita, atzo 15:27an, legebiltzarraren gehiengoak onartu zuen Katalunia estatu independente izendatzen duen ebazpena.

135 ordezkarietatik 70k babestu zuten Junts Pel Sik eta CUPek adostutako ebazpen proposamenetako bat; Trantsizio Juridikorako Legea garatzeko neurriak proposatzen dituena. Bi talde independentistek adostutako lehen ebazpenak dei egiten dio gobernuari «beharrezko dekretuak ateratzera, administrazio zerbitzuei giza baliabideak eta materialak emanaz, naziotasun katalan egiaztatzeko agiriak egiteko». Alegia, nortasun agiri katalana sortzeko. Horrez gain, gobernuari eskatu dio egokitu dezala araudia Trantsizio Legera, eta sustatu dezala nazioartean Kataluniako Errepublikaren aitortza.

Funtsean, Trantsizio Juridikorako Legean jasotako neurriak ezartzen hastea da parlamentuak galdegin diona Generalitateari. Horietako askok Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko beharra aipatzen dute legean, eta beste horrenbeste egin dute ebazpenean: legebiltzarraren eskariz, Generalitateak Madrilekin negoziatu behar du, besteak beste, naziotasun bikoitzari buruzko itun baten, langileen eta kontratuen subrogazioaren eta Kataluniaren eskubide eta betebehar ekonomikoen inguruan.

Junts Pel Sik eta CUPek adostutako bigarren ebazpenak ere aurrera egin du —71 diputaturen babesarekin—, eta, bertan, legebiltzarrak abian jarri du prozesu konstituziogilea. Hain zuzen, gobernuari eskatu dio «baliabide guztiak» jar ditzala prozesu konstituziogile «demokratikoa, herritar oinarrikoa, zeharkakoa, parte hartzailea eta bete beharrekoa» gauzatu dadin. Halaber, Generalitateak hamabost eguneko epean sortu behar du Prozesu Konstituziogilearen Aholkularitza Batzordea. Bi ebazpenez gain, parlamentuak ikerketa batzorde bat zabaltzea adostu du, urriaren 1eko erreferendumean eginiko «delituetan edo eskubide urraketetan Espainiako Gobernuak eta bere erakundeek izan dezaketen ardurak argitzeko».

Bozkatu ez bazen ere, bi ebazpenen hitzaurre gisa aurkeztu zuten Junts Pel Siko eta CUPeko diputatuek urriaren 10ean izenpetutako deklarazioa. Bertan jasotzen da hautetsiek bere egiten dutela urriaren 1eko «agindua» eta Katalunia «estatu independente» deklaratzen dutela «errepublika gisa».

Boto sekretu bidez

Bezperako albisteen sekuentzia ikusita, inork gutxik eman nahi zuen ziurtzat, saioa hasi aurretik, independentzia deklarazioa egingo zuela parlamentuak. 10:30era arteko epea zuten alderdiek ebazpen proposamenak aurkezteko, eta 12:00etan zen hastekoa osoko bilkura. Talde independentistek atzerapenarekin aurkeztu zituzten bi proposamenak, eta ordubete baino gehiagoko atzerapenarekin hasi zen bilkura. Talde bakoitzak hamar minutuz jardun ondoren bozkatu zituzten ebazpenak, eta hor ere izan ziren eztabaidak. Ciutadans, PSC, PPC eta Catalunya Si Que Es Poten ebazpen guztiak baztertu zituen gehiengo parlamentarioak, eta lehen hiru taldeak aretotik irten ziren Junts Pel Si eta CUPenak bozkatzean.

Indar independentisten ebazpenak bozketara eraman aurretik, ordea, bozketa hori sekretuan egitea proposatu zuen Junts Pel Sik, CUPek babestuta. Boto sekretuak aukera ematen zuen diputaturen batek independentzia deklarazioaren aurka bozkatzeko, baina babesa eskaintzen zien diputatuei, Espainiako auzitegiek har ditzaketen neurrien aurka. Anna Gabriel CUPeko parlamentariak horrela justifikatu zuen boto sekretua: «Gure kultura politikotik urrun dago, baina babestuko dugu salbuespen egoeragatik, jazarpenaren aurkako kulturagatik». Emaitza: 70 boto alde, hamar aurka eta bi abstentzio.

Talde bakoitzak hamarna minutu izanik, ohi baino laburragoa izan zen indar politikoen arteko eztabaida. Marta Rovirak (Junts Pel Si) azaldu zuen «beti» eskaini dutela elkarrizketa, baina Espainiak proposatutako solasak Katalunia «azpiratzea» duela oinarri eta ez duela errespetatzen gehiengo demokratikoa: «Elkarrizketa ez da existitzen, horren gainetik beti jartzen dutelako Espainiaren batasuna». Horren aurrean, argudiatu zuen independentistek hautetsontzietan jaso zutela errepublika osatzearen manamendua: «Demokrazia beti egon behar da herritarren esku».

Carlos Carrizosarentzat (Ciutadans), ordea, «egun tristea» izan zen atzokoa: «Gure demokraziaren aurkako kolpea gauzatzen den eguna». Legez kanpoko bidea erabiltzea egotzi zien independentistei, eta «lotsaizun demokratikotzat» jo zuen urriaren 1eko erreferenduma: «Espainiako pasaportea kendu nahi diguzue, eta hori egin nahi duzue gezurra esaten. Orain diozue hori 155ak eragin duela eta gure erakundeak defendatzeko egiten duzuela. Gezurra; zuek apurtu dituzue erakundeak». Eva Granados (PSC) ere gogor mintzatu zen: «Zein errepublika deklaratuko duzue? Zein herrialde eredu nahi duzue?». «Aukeratzeari» uko egin zion: «Ez dugu uste Espainia estatu totalitarioa denik, hobetu daitekeen arren». Independentzia deklarazioarekin «dena suntsitzea» leporatu zien Junts Pel Si eta CUPi: «Zenbat langile kondenatzen duzue txirotasunera? Ez dugu onartuko. Katalunia denok gara».

Marta Ribasen (CSQEP) hitzetan, «bi astakeria» egin ziren atzo: Espainiako Konstituzioko 155. artikulua ezartzea kritikatu zuen, «baina akats larria da astakeria bati beste batekin erantzutea: ez duzue zilegitasun demokratikorik independentzia deklarazio bat egiteko». Ribasen iritziz, urriaren 1eko bozketa «gauza» asko izan zen, baina ez «baleko erreferendum bat», eta ohartarazi zuen independentzia deklarazioak ez dituela herritarrak babestuko 155. artikuluaren neurrietatik: «Ezin denean irabazi, garrantzitsuena da ez galtzea. Ez dago herrialde ikuskerarik, eta min ematen du».

Alejandro Fernandezen (PPC) hitzetan, «demokraziarentzat egun beltza» izan zen: «Nazionalismo identitarioaren aurpegi okerrena azaleratu duzue». Salatu zuenez, «errealitateak pentsamendu magikoaren errelatoa apurtu du», eta galdetu: «Ez dizue lotsarik ematen?». Gatazkarentzat irtenbide bat proposatu zuen: «Espainia gehiago». Carles Rierarentzat (CUP), berriz, «egun zoriontsua»: «1978ko erregimenaren destituzioa abiatzen dugu». Esan zuenez, «bere buruaren zaintza politiko eta juridikoa» hartu du Kataluniak: «Autodeterminazio eskubidedun subjektu politikotzat jotzen dugu gure burua, eta subiranoki gauzatzen dugu». Bere ustez, «ordua heldu da, estatu egiturarik gabe, behetik errepublika eraikitzeko. Herriaren garaia da».

Alkateak legebiltzarrean

Saioa amaituta, emozioei eta malkoei ihes egiten utzi zieten hainbat diputatuk. Korridoreetan, ohikoak izan ziren besarkada luzeak eta musuak, «askatasuna» eta «gora errepublika» oihuak. Patioa gainezka zela hartu zuen hitza Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak. Parlamentuaren zilegitasuna defendatu zuen: «Kataluniako herritarrok: orduak datoz denoi egokituko zaiguna gure herrialdearen pultsuari eustea, eta, batez ere, modu baketsuan eta duintasunez egitea». Herrialdearen oinarriak «indartzen» jarraitzera deitu zuen: «Erakundeak eta pertsonak dira elkarrekin herria eta gizartea eraikitzen dutenak». Aurrez, Oriol Junqueras presidenteordeak hartu zuen hitza: «Balio unibertsalen arabera jokatzen dugu; beraz, munduak uler ditzake gure ekintzak».

Alkateak ere izan ziren legebiltzarrean; 500 baino gehiago. Horien izenean, Dolors Sabater Badalonako alkateak hartu zuen hitza, eta adierazi alkateek bat egiten zutela prozesu eratzailearekin: «Estatu espainiarraren inboluzioaren aurrean, gure erakundeak eta burujabetza mespretxatuta eta eraso eginda, udal ordezkariek ezin dugu konprometitu besterik egin errepublika katalanaren prozesu eratzailearekin, aukera bat delako eraldaketa sozialerako eta 1978ko erregimena amaitzeko». Ez zegoen horien artean Ada Colau, Bartzelonako alkatea. Aitortu zuen kostatzen ari zitzaiola «barneratzea tren talkaren eguna» iritsi zela. Metaforari jarraituz, salatu zuen tren «independentistak presa kamikazearekin» egin duela aurrera, eta ohartarazi independentziak ez duela «katalanen gehiengoaren babesa». «Ez nire izenean», erantsi zuen.

Alkate horietako batzuen herrietan, independentzia deklaraziotik gutxira hasi ziren nabaritzen lehen ondorioak: Espainiako bandera kendu zuten zenbait udaletxetan; Tortosan, Figueresen, Sabadellen.... baita Generalitatearen Gironako ordezkaritzan ere. Beste batzuetan, Vicen kasu, estelada zuten udaletxean zintzilik, eta, hura independentismoaren ikurra izanik, Kataluniako bandera ofiziala eskegi zuten berriro: senyera.

Generalitateak arratsaldean egin zuen errepublika deklaratu osteko lehen gobernu bilera. Bertan erabaki zuten Josep Rullek betetzea Santi Vilaren lekua Enpresa kontseilari gisa. Jokaleku politiko berria izan zuen aztergai ere, ordurako 155. artikulua onartuta zegoenean.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak